Ekhi Erremundegi Beloki.
G7koen goi bilera Miarritzen. Kontragailurra. ANALISIA

Beldurrak irabazi du

2019ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Iragarria zen. Nehoiz ikusi gabeko polizia erakustaldia egin beharra zuten G7koenaren kontrako mobilizazioak «zaintzeko». Hilabeteak zeramatzaten nazioartetik etortzekoak bide ziren «talde bortitzen arriskua» aipatzen; «arrisku handia». Helburua argia zen: herritarrei buruan sartu nahi izan diete ez zela ideiarik onena G7koenaren egunetan Lapurdi kostaldean egotea. Jendea etxean nahi zuten, etxean geldirik eta txintxo. Edo etxetik kanpo, baina karriketatik urrun.

G7koena baino hilabete bat lehenago, nahasmendua eta kezka nabarmenak ziren Baionako komertzioetan. Herriko etxeak informazio nahasiak ematen zizkiela salatu zuen batek baino gehiagok. Irekia egon? Itxi? Gehienek ez zuten erabakia, baina beldur ziren; gerta zitekeenaz beldur.

Joan den ostegunean eman zuen azken kolpea Baionako Herriko Etxeak. Frantziako Estatuko zerbitzuekin bilkura egin ondotik, Baiona inguruetan deklaratu gabeko manifestazio bat egon zitekeela, istilu arriskua handia zela, eta araberako segurtasun perimetro bat ezarriko zutela iragarri zuten. Beldurra.

Eta iritsi zen larunbata. Goizetik, Poliziaren presentzia izugarria zen, komertzio gehienak itxiak eta egurrezko taulekin babestuak, karrikak hutsak. Hildako hiri bilakatua zen Baiona; beldurraren beldurrez, karrikak Poliziaren esku uztea onartu zuten Baionako herritar anitzek. Eta hala gertatu zen: zubi guziak itxiak, kontrol zorrotzak, miaketa sistematikoak, motodun polizia patruilen joan-etorri etengabeak, sirena hotsak... Tentsioa eta beldur giroa erabatekoa zen. Protesta saiakera bakarrak ez zuen jende anitz batu, eta ez zuen luze iraun.

Oztoporik gabe

Militanteengana ere iritsi da beldurra. Mobilizazioetan ohikoak diren anitzek erabaki dute kontragailurretik eta protestetatik urrun gelditzea. Kontragailurraren garaian nabaria zen tentsioa. Liskarrak gertatzeko beldurra agerikoa zen, eta plataformaren koadrotik kanpo modu autonomoan eta espontaneoan sortutako ekinaldiak gelditzen entseatu ziren antolatzaileak.

Larunbateko manifestazio jendetsuaren ondotik, igandeko zazpi elkarretaratzeen ortzadarra bakarrera mugatu zuten; gerta zitekeenaz beldur, bertan behera uztea erabaki aitzin. Ebatzi zuten manifestarien segurtasuna ez zela bermatua Poliziaren jardunaren aitzinean. G7koen jarduna oztopatzeko aurreikusitako ekintzak ere ez dira egin ahal izan.

Indar erakustaldia eman nahi zuen Emmanuel Macronek, eta lortu du. Azken egunetan, erabatekoa izan da Lapurdi kostaldeko setio egoera. Inolako oztoporik gabe iragan da G7koena; inolako oztoporik gabe mugitu dira Ipar Euskal Herrian zehar. Beldurraren estrategia landu dute, eta beldurrak irabazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.