Koronabirusa

Nafarroako Gobernuak 2.200 euro emango dizkie geldi dauden autonomoei

Lanean jarraitu arren, fakturazioa gutxienez %30 jaitsi zaien kolektiboen artean 700 euro banatuko ditu. Talde guztiak bat datoz neurriarekin

Denda bat itxita, Iruñeko Alde Zaharrean. IÑIGO URIZ / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Lurraldeko 47.000 autonomoentzako foru dekretua onartu zuen Nafarroako Gobernuak, atzo. Duela bi aste, urtarriletik ekainera arteko errenta zerga ez ordaintzeko aukera eman zien autonomoei; orain, berriz, konfinamenduaren ondorioz jarduera eten behar izan dutenei 2.200 euro emango dizkie. Halaber, azken hilabetean fakturazioa gutxienez %30 jaitsi zaienen artean 700 euroko laguntza banatuko du. Elma Saiz Ogasun eta Ekonomia kontseilarien arabera, talde parlamentario guztien babesa du foru dekretuak: «Nafarroako Gobernuak argi du pandemiatik guztiok elkarrekin atera behar dugula».

Saizen alboan zen Manu Aierdi Garapen Ekonomikoko kontseilaria, COVID-19 eritasunetik osatu berri. Aierdik zehaztu zuenez, 2.200 euroko laguntza nagusia krisiaren ondorioz «okerren pasatzen ari diren autonomoei» emango diete. Ondorioz, Espainiako Gobernuak martxoaren 17an onartutako errege dekretuaren arabera, jarduera eteteagatik diru saria aitortu dieten autonomoei emango diete diru hori.

Beste baldintzen artean, derrigorrezkoa izango da Nafarroan bizitzea, Ogasunarekin betebeharrak eguneratuta izatea, eta aurten enpleguaren sustapenerako laguntzarik ez eskatzea. Era berean, sendiaren urteko errentak 3.400 eurokoa baino txikiagoa izan beharko du —muga hori malgutu egingo da, autonomoak bere gain duen haur bakoitzeko, edo sendian 65 urtetik gorako adineko bat edo menpekotasuna duen senideren bat edukiz gero—. Lanean jarraitu baina gutxienez fakturazioaren %30 galdu duten autonomoek, berriz, 700 euro jasoko dituzte; laguntza 800 eurokoa izango da, sendiaren urteko errenta 22.700 euro baino txikiagoa izanez gero.

Gobernuak ordainketa bakarra egingo du. Eskaera egiteko epemuga konfinamendua amaitzen den hilabeteko azken egunean egin ahal izango da, telematikoki. Onuradunek gutxienez hamabi hilabetez Gizarte Segurantzan autonomo gisa izena emandaegon beharko dute. Laguntzok EBk eta Espainiako Gobernuak ezarritakoekin bateragarriak izango dira. Ez dute aurreratu kostua, baina Aierdik onartu du«garrantzitsua» izango dela.

3.821 enpresa lanean

Horrez gain, herenegun industrian 2.209 enpresa hasi ziren lanean, eta eraikuntzan 1.612. Gobernuak prebentzio zerbitzuak zentralizatzeko beharra ikusten du, «lanerako itzulera ziurtatzeko asmoz». Ardura osoa Nafarroako Lan Osasunaren eta Osasun Publikoaren Institutuak hartuko du. Prebentzio zerbitzurik ez duten autonomoei institutuko adituek emango dizkiete aholkuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.