Reala 4-0 Rayo Vallecano

Amets egiteko eskubidea du

Espainiako Kopako finalerdietarako sailkatu da Reala, Rayo aise mendean hartu ostean. Cardonak, Palaciosek, Nahikarik eta Carla Bautistak sartu dituzte txuri-urdinen golak

Realeko jokalariak atzo Rayori sartutako goletako bat ospatzen. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2019ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Marta Cardonak (41. min.). 2-0: Palaciosek (60. min). 3-0: Nahikarik (62. min.). 4-0: Bautista (65. min.) Epailea. Cuesta Arribas. Txartel horia Rayoko Carreñori.

Ederra da amets egitea. Askotan oharkabean egiten da; baina, beste askotan, irabazi egiten da horretarako aukera. Bigarrena egin zuen atzo Realak. Oso partida serioa eta ona jokatuta, 4-0 hartu zuen mendean Rayo, eta txuri-urdinak Espainiako Kopako finalerdietan dira historian bigarren aldiz. Urrats bakarrera dute finala, eta datorren astelehenean egingo den zozketan zori apur bat edukita, aukera paregabea izan dezakete horretarako. Ametsa otsailaren 17 arte luzatuko da gutxienez, orduan jokatuko baitafinalerdietako lehia.

Atzokoan, berriro ere hiru erdiko atzelariekin ekin zion lehiari Realak. Baina oraingo honetan aldaketa esanguratsu bat egin zuen Gonzalo Arkonadak. Bea Beltran beharrean, Marta Cardona aritu baitzen ezker hegalean. Erasoan joko zuzeneagoa egitea bilatzen zuen horrekin, eta azkenerako haren abiadura eta indarra erabakigarriak izan ziren. Erakustaldia eman zuen, gol bat sartzeaz gain, beste bi ere eman baitzituen.

Carla Bautistak eta Nahikarik ere bizitasuna eman zioten txuri-urdinen erasoko jokoari, eta zelai erditik ere maiz ailegatu ziren Rayoren atera Leire Baños eta Itsasoere. Guztien artean jokaldi ederrak lotu zituzten zelai erditik aurrera.Rayo, berriz, apenas izan zen gai Realaren zelai erdia gainditzeko partida osoan, Arkonadarenek egindako presioaren erruz. Hala, lehen ordu erdian lauzpabost aukera garbi izan zituzten, argiena Nahikarik. Kapitainak zutoinera bidali zuen baloia 33. minutuan, Mendozak bidalitako pase luze bat ederki kontrolatu eta errematatu ostean. Baina Etxezarretak eta Leire Bañosek ere izan zituzten aurretik bereak. Ana atezainaren geldituengatik izan ez balitz, Realak aurretik beharko luke. Atsedenaldia iristear zela lortu zuen merezi eta bilatutako gola, 41. minutuan, hain zuzen. Palaciosek erdiraketa ona egin zuen eskuinetik. Nahikarik ez zuen baloia ondo jo, baina aldaratzea Cardonari iritsi zitzaion, eta area txikian ez zuen barkatu.

Realak nahikoa izan zuen gol hori partida apurtzeko. Hortik aurrera, are nagusiago izan baitzen berdegunean. Bigarren zatian ere presioari eutsi zion, eta ligako partidan ez bezala, ez zion utzi Rayori kontraerasora jokatzen. 60. eta 65. minutuen artean kanporaketa erabakita utzi zuten etxekoek, lehiako beste hiru golak ia erreskadan sartu baitzituzten.

Bigarren eta hirugarren gola Palaciosek eta Nahikarik egin zituzten, 60. eta 63. minutuetan. Baina hor ere erabakigarria izan zen Cardonaren ekarpena, hark hasitako jokaldietatik ailegatu baitziren, eta bi aurrelariekduten gol sena berretsi zuten. Arean oso trebeak dira, eta ederki erakutsi zuten.

Carla Bautistak egin zuen azken gola. Rayoren erdiko atzelariek akatsa egin zuten, eta Nahiarik oparia aprobetxatu zuen, baloia Bautistari uzteko. Bultza besterik ez zuen egin behar izan hark.

65. minutua zen, eta hortik aurrera festa izan zen nagusi. Are gehiago Sandra Ramajo zelairatu zenean. Atzelariak iazko maiatzean ezker belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen, eta zortzi hilabete pasatxo jokatu gabe eman eta gero, taldera itzuli zen. Hunkituta mintzatu zen amaieran. «Garai zail eta gogorrak bizi izan ditut azken hilabeteetan, baina merezi izan du. Oso pozik nago taldera itzultzeagatik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.