Indarkeria matxista

Espainiako Gobernua prest dago Zigor Kodea aldatzeko azterketa «lasaia» egiteko

Alderdiek lege erreformak abiatzeko eskatu dute. Exekutiboak auzian pertsonatzeko aukera baztertu du, araudiak ez diola uzten argudiatuta

Espainiako Kongresuaren atariraino joan ziren manifestariak atzo, Madrilen. CARLOS HIDALGO / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Justizia injustua dela agerian utzi dute epaileek, eta kaleak eta plazak ez dira isildu, politikariek erantzun bat eman behar izateraino. Alderdi guztiek bat egin dute talde bortxaketagatik salatutako bost gizonak aske uzteko erabakia auzitan jartzean, eta, horren aurrean, lege erreformak egiteko prest agertu dira. Espainiako Gobernuak berak ere erreakzionatu du. Zigor Kodea aldatzeko azterketa «lasaia» egiteko prest agertu da. Dolores Delgado Justizia ministroak aurreratu du aztertu egin behar dela sexu askatasunaren kontrako delituen aurrean nola erantzun: «Egoera aztertu, zer gertatu den ikusi, zergatik gertatu den, eta gizarteari erantzun bat nola eman dakiokeen aztertu behar da, herritarrak hori eskatzen ari direlako». Bezperan, bost gizonezkoak behin-behinean aske geratuko zirela jakitean, ministroak esan zuen «erreforma mentalak» beharrezkoak zirela, eta epaileen, magistratuen eta fiskalen formakuntza sustatuko zuela.

Delgadok onartu du egitura juridiko ezberdinek abusuaren inguruko «kalifikazio juridiko ezberdin bat» egin dutela. Gobernuak, hala ere, ez du, haren hitzetan, epaileen independentzia oztopatuko. Ministerio Fiskalaren autonomia bera ere ez duela zalantzan jarriko zehaztu du.

1995eko Zigor Kodea

Ministroen Kontseiluaren ondoren egin zituen adierazpenak Delgadok. Justizia ministroak jakinarazi zuen estatua ezin dela auzian pertsonatu, arautegia ez duelako aukera hori jasotzen. Aurretik Isabel Zelaa gobernuko bozeramaileak iragarri zuen auzian pertsonatzeko aukera aztertzen ari zirela. Gobernua gizartean dagoen «kezkaz eta alarmaz» jabetzen dela ere esan zuen eledunak: «Frogatutako ekintzak oso larriak dira, larriegiak, eta gobernuak sexu delitu eta askatasunen kontrako zigorgabetasunari aurre egiteko konpromisoa hartu du».

Iragan apirilaren 26an, epaia eman zenean ere, Zigor Kodearen erreforma aldarrikatu zuten kolore guztietako alderdiek, nork bere intensitatez eta intentzionalitatez.

Zigor Kodeak bortxaketa kontzeptuaz ulertzen duena da gakoa. 1995eko testuak dio bortxaketa bat egoteko indarkeria edo larderia egon behar dela, eta horren inguruko interpretazioak lausoak dira.

Bada, aho batezkoa da erreforma egiteko aldarrikapena. Gobernua PPren eskuetan zegoen epaia atera zenean, eta duela bi astetik oposizioan dagoen alderdiko ordezkariek ere arautegiaren erreformari heltzeko abagunea dela helarazi dute. Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiak esan du «eraginkorra» izan beharra dagoela: «Arazo bat daukagula uste badugu, goazen guztien artean Zigor Kodea modifikatzera».

Podemoseko ordezkariak ere erreforma egin ahal izateko parlamentarien babes bila ari dira. Pablo Iglesiasek zehaztu du ez duela zentzurik «sexu abusu-ren eta sexu eraso-ren artean ezberdintasunik» egitea: «Bakarrik baiezko esplizitu bat dagoenean dago onespena». EAJk eta EH Bilduk ere eskaera bera egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.