Koronabirusa

Enpresen zerga kenkariak eta autonomoen mailegua, Bizkaia Aurrera planean

95,5 milioi euroren neurriak sartu ditu aldundiak; 42 milioi gastuetarako. Merkataritza, kultura eta ostalaritza sustatzeko bonuak egingo ditu

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiaren agerraldi birtuala, hilaren 16an. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Iker Aranburu.
2020ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisiak hasieran uste baino gehiago iraungo duela eta gogorrago joko duela ohartuta, haren kalteak arintzeko politikak egokitzen ari dira instituzioak. Herenegun egokitu zitzaion Gipuzkoako Aldundiari, eta atzo, berriz, Bizkaikoari. 95,5 milioi euroren neurriak sartu ditu planean, zerga beherapenen eta gastu publikoen artean. Autonomoek eta enpresek hartuko dituzte laguntzen zati handi bat, baina izango dira laneratzeko laguntzak eta herritarren kulturarako eta aisialdirako ere bai.

Astearteko bileran onartu zuen Bizkaiko foru gobernuak Bizkaia Aurrera izeneko plana, baina atzo eman zuen haren berri. Maiatzaren 11n jarriko dute indarrean. Abenduaren 31ra arte iraungo du, eta aldundiko sail guztiek hartuko dute parte. Aldundiak ziurtatu du oposizioaren proposamen batzuk jaso dituela bere egitasmoan.

Planaren zatirik handiena zerga pizgarriei dagokie: 53,5 milioi euro. Langileak kontratatzen dituzten enpresentzako zerga kenkaria 5.000 eurotik 7.500 eurora igaroko da, eta hori halako bi emango die laneratzeko zailak diren kolektiboetako pertsonak hartzen dituztenei. Sozietate zergan, ordaindu beharreko %60 baliatu ahal izango dute enpresek 2020ko kuota txikitzeko, enplegua sortzeko, aktibo produktiboetan inbertitzeko, eta I+G egiteko.

Diru sail berezia izango dute autonomoek eta azken asteetan itxi behar izan duten bost langilerainoko enpresa txikiek. Bizkaiko Aldundiak hamabost milioi euroren mikrokredituak emango dizkie. Gehienez 7.500 euroko maileguak izango dira, interesik gabekoak, eta bost urtean itzuli beharrekoak. Aldundiak kalkulatu duenez, 15.343 autonomok itxi behar izan dituzte beren negozioak, eta beste 22.764k jardueraren zati handi bat galdu dute.

Autonomoen jarduerari mesede egingo die etxeak zaharberritzeko Renove Etxea plan bereziak ere. Haren bidez %10eko zerga kenkari bat emango diete ohiko etxebizitza zaharberritzen duten bizkaitarrei. Gutxienez 3.000 euroko eta gehienez 15.000 euroko aurrekontua duten lanak lagunduko dituzte horretan.

Industriari dagokionez, enpresa txikiei eta ertainei, lau milioi euroren zuzeneko laguntzak emango dizkie. Lanpostuei eusten laguntzeko eta langabezian daudenen kontratazioa laguntzeko enplegu plan berezi bat egingo du aldundiak, eta bost milioi euro jarriko ditu horretarako.

Tokiko merkataritzan, kulturan, establezimendu turistikoetan eta ostalaritzan gastatzeko bonuak eskainiko ditu aldundiak. Bost milioi jarriko ditu horretarako.

Telelana ohikoagoa bihurtzen ari denez, banda zabala lurralde osora zabalduko du Bizkaiko Aldundiak, Arratiatik, Mungialdetik eta Enkarterritik hasita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.