Pizgarriak, besterik ez

Peraltak ukatu egin du 2012-2013ko denboraldian 900.000 euroko gezurrezko kontratua egin zuela, baina onartu egin du hurrengo sasoian 400.000 euroko gainsaria eman zitzaiola Betisi

Txuma Peralta Osasunako zuzendaritzako kide ohia, atzo, epaitegira sartu aurretik. IÑAKI PORTO / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Osasuna auziaren epaiketaren hirugarren eguna izan zen atzokoa. Miguel Artxanko presidente ohiak herenegun egin bezala, Txuma Peralta zuzendaritzako kide ohiak atzo onartu zuen Betisi 400.000 euro eman zitzaizkiola Valladolidi irabaz ziezaion 2013-2014ko sasoiko azken-aurreko partidan; hala ere, zalantzan jarri zuen hori amarru egitea ote den.

Peraltak irmo ukatu zituen Angel Bizkai kudeatzaileak herenegun esandakoak, hots, sasoi horretan partidak erosi zirela. «Sekula ere ez». 2013-2014ko sasoi hasieratik ikusi zuten Osasunak mailaz jaisteko arriskua zuela, baina 36. jardunaldian, Celtaren aurka Sadarren galdu ostean, zer egin aztertu zuten aste hartako zuzendaritzaren bileran. Betisi dirua emateko enkargua eman zela aipatu zuen: «Bizkaik bere burua eskaini zuen, eta nik esan nion berarekin joan nintekeela».

Peraltak ez du gogoan nor jarri zen harremanetan Betisekoekin. Fiskalak galdetu zion ea haiekin hitz egiteko erabili zen telefonoari berak eman zion alta, Vendrellen (Herrialde Katalanak): «Bai, nire telefono pertsonala ez zebilen egun haietan». Telefonoa Cristina Valencia higiezin agentearen izenean erregistratu zen, eta ez zuen argitu zergatik ez bere izenean. Peraltak ez zuen «Betiseko inor» ezagutzen, baina Madrilen bildu zen haiekin. «400.000 euro ematea hitzartu genuen». Betisekoek gehiago eskatu zutela onartu zuen, eta ea milioi bat euro eskatu zuten galdetu zion fiskalak. «Ez dut gogoan, baliteke».

Sevillan eman zieten dirua

Dirua aurreratu zutenen artean bere aita ere bazegoela azaldu zuen —astearteko deklarazioetan ez zen hori esan—. Sevillara (Espainia) joan ziren Peralta eta Bizkai, eta, dirua prest zenean, fundazioko zuzendari Diego Makirriainek eraman zuen dirua. Peraltak ez du gogoan non eraman zuen dirua eta zenbat zeukan. Hotelean zeudela, Betiseko «norbait» etorri zitzaien bila: «Etxebizitza bloke bateko aparkaleku pribatu batera eraman gintuen; beste monobolumen baten paraleloan jarri ginen, eta atzealdean sartu ginen, hirugarren lerroan. Sakelakoak itzaltzeko eskatu ziguten». Han eman zen dirua. Peraltak ez zekien nortzuk zeuden autoan; ez zuen inor ezagutzen. Ea Betiseko jokalariak al ziren galdetu zioten: «Ez dakit: kaleko jantzita zeuden».

Beste kontuen inguruan, irmo ukatu zuen 2012-2013ko denboraldian kontratu bat prestatu zuela 900.000 euroko gastua justifikatzeko. Onartu zuen Valencia lagun duela, eta esan zuen Osasunatik kanpo zegoenean, Patxi Izkoren agintaldian, haren izena eman ziola Artxankori, higiezinen arloko zoruei balioa emateko operazio batean inbertitzaileak bilatzen lagun ziezaion Osasunari. Kontratuari dagokionez, Peraltak azaldu zuen 2013an Bizkaik Valenciaren kontaktuak eskatu ziola, harekin harremanetan jartzeko. «Ez nekien zertarako zen». Halere, onartu zuen kontratua sinatu ostean, kopuru txikitan, «30.000 euroraino», dirua eman ziola Valenciari —ustez, komisiotan, gezurrezko kontratua sinatzeagatik—.

Peraltaz gain, Sancho Bandres diruzain izandakoak eta Makirrirainek deklaratu zuten atzo. Bandresek esan zuen berak ez zuela informaziorik klubaren kontutik edo kutxatik ateratzen zen diruaz, eta inork ez ziola azalpenik eman zergatik behar zen eskudirutan.

Makirriainek, berriz, baieztatu zuen Sevillara joan zela Bizkairekin eta Peraltarekin, eta 400.000 euro eraman zituela eskudirutan, baina azpimarratu zuen inork ez ziola esan diru hori partidak erosteko zenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.