Valverde: «Ordaindu egin dute joanekoan gu errematatu ez izana»

Julen Etxeberria.
2015eko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Pozez gainezka zen Ernesto Valverde partida amaituta. Athleticeko entrenatzaileak lehen finala jokatuko du talde zuri-gorriarekin, Athleticeko jokalari zenean ez baitzuen inoiz halakorik bizi. «Zerbait handia da. Bilbo eta Bizkaia osoa mugituko da. Ezin da azaldu nolakoa den Athleticeko zale izanda final batera joatea. Azaltzeko bizi egin beharra dago. Eta guk, zorionez bizi egingo dugu».

Valverderen arabera, kanporaketaren giltza joaneko partidan egon zen. «Gaizki pasatu genuen San Mamesen, eta zenbait unetan oso larri ibili ginen. Espanyolek, ordea, ez zuen gure ahulunea aprobetxatu, eta larrutik ordaindu du gero. Izan ere, gaur [atzo] ez diogu aukera eman».

Athleticeko entrenatzaileak azpimarratu zuen begi artean zutela gol bat sartzea. «Bagenekien gol bat sartuta partidaren gidoia aldatuko zela. Guk sartutako gol batek haiek sartutako batek baino gehiago balio zuen. Eta hori egin dugu, lehen gola sartu, aurretik jarri, eta presioa sartu Espanyoli. Bigarren gol bat erabakigarria izan zitekeen, eta zorionez, sartu egin dugu, eta bideratuta utzi dugu kanporaketa. Talde osoak egin du partida handia, meritu handikoa, Espanyol etxean ari baitzen, eta giroa alde baitzuen».

Finaleko aurkariaz galdetuta, Valverdek aitortu zuen Bartzelona dela «faboritoa», baina finalean egonda Athleticek ere baduela «aukera txiki bat» irabazteko, eta hori aprobetxatzeko borrokatuko direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.