Albistea entzun

Deskarbonizazioa orain!

June San Millan Garcia - Nafarroako Klimaren aldeko Aliantza

2023ko irailak 15

Nafarroako Klimaren aldeko Aliantza klima-aldaketaren aurkako borrokan berehalako ekintza sendoak eskatzen dituen mugimendu globalaren parte da.

Gobernatzen gaituzten erakundeek —Europar Batasunak, Espainiako Estatuak eta Nafarroako Foru Komunitateak— larrialdi klimatikoa deklaratu dute ofizialki eta publikoki. Nafarroako Gobernuak ere 2019ko irailaren 25ean egin zuen, duela lau urte. Larrialdi batean gaude, baina ez dugu horrela jokatzen.

Estatuan izandako uzta-galerak (sistema kapitalista honetako prezioen igoera saihetsezinarekin) eta Mediterraneoko ekaitz basatiak, batez ere Grezian eta Libian, Europan inoiz izandako suterik larrienak jasan eta bi astera, nahikoa erakusgarri izatea espero dugu. Tenperatura globalaren igoera-mailaren gradu zati bakoitzak milaka pertsona eta espezie hiltzea esan nahi du, eta, jakina, gainerako pertsona eta espezieentzako biziraupenaren aldeko borroka-egoera izugarri bat. 2020an 30 milioi errefuxiatu klimatiko baino gehiago izan ziren, larrialdi klimatiko honetan erantzukizun gutxien izan duten herrialdeetan.

Zerbitzari publikoei eskatzen diegu legebiltzarretan eztabaidatu eta legeak egin ditzatela, modu arduratsuan joka dezatela onartutako larrialdi klimatikoaren arabera. Adostasun zientifikoa erabatekoa da: azkar eta etengabe jardun behar dugu hondamendia saihesteko. Badakigu egin dezakegula. Duela hiru urte eskas, COVID-19aren osasun-larrialdiak bat-bateko aldaketak eragin zituen gure sistema sozioekonomikoan eta gure eguneroko ohituretan. Larrialdi klimatikoa askoz handiagoa da, eta arriskuan jartzen du milioika pertsonaren bizitza, baita gure ekosistemak eta gure elikadura-sistema ere.

Arrazionaltasuna eta sen ona, aurreikuspena eta zuhurtasuna, elkartasuna eta justizia besarkatu behar ditugu. Horretarako, ate birakarien jokoa edo korporazio handien eta lobby kapitalisten mesedeak edo laisser-faire jarrerak gelditu behar dira.

Nafarroako ekonomia erregai fosilen eta mineralen (batez ere esportatuak) digestore handia da, eta berotegi-efektuko gasen isurketa-kopuru handiak eragiten ditu. MITECOren arabera, goranzko joera mantentzen da.

Arduradun politikoak, erabil itzazue eskura dituzuen baliabideak bizitza ahalbidetzen duen ingurunea babesteko, egungo eta etorkizuneko biztanleriaren sufrimendua minimizatzeari begira. Erregai fosilen kontsumoa ahalik eta gehien murrizteko, larrialdi-ekonomiari eta alferrikakoaren mugaketari dagozkion errezetak aplikatu behar ditugu. Pertsona aberatsenen bizimoduak ez dira bateragarriak bizitzarekin. Batzuek besteek baino gehiago agortzen dugu Lurra, gure kontsumo basatiak sortutako zaborra xurgatu ezinik.

Komunikabideak, utzi behingoz alde batera hitz errazak eta argi-jokoak. Egoerari seriotasunez aurre egin behar diozue. Iritzia sortzen duzue, joera sortzen ere, eta eragina izan dezakezue politiketan. Ausardiaz jokatu: zuen lanbideari eta informatzeko betebeharrari erantzuteko garaia da, eta ez inbertitzaileen eta iragarleen mahaiei erantzutekoa.

Guk, langile klaseko pertsona arruntok, indarrez presionatu behar dugu klase pribilegiatuen gutizia mugatzeko. Elkarrekin lan egin dezagun gure herri eta hiriek, gure basoek, gure ibaiek eta gure itsasoek, izaki ezberdin eta beharrezkoen zurbiltasunaz dardaraka jarrai dezaten. Sua itzaltzen ez bada sugarrek dena irentsiko dutela dakienaren irizpide onerako deia egiten dugu.

Alternatiba asko jar daitezke martxan, mugikortasun publiko eta/edo kolektibizatu batetik abiatuta, ingurumen-inpaktu txikiko edo gabeko energia berriztagarrien aldeko apustuak, hurbileko agroekologia, beharrezko kudeaketa berrietarako lan berriak... Baina gaur, irailaren 15ean, klimaren aldeko nazioarteko mugimenduak bere ahotsak batzen ditu erregai fosilen erabileraren amaiera eskatzeko, ez baitago ez errepiderik, ez aireporturik, ez espazio-bidaiarik honetatik aterako gaituenik.

OHARRA: Nafarroako Klimaren aldeko Aliantza honako elkarte hauek osatutako plataforma da: Acción Clima, Attac, Equo, REAS, ReforestAcción, Greenpeace, Ekologistak Martxan, Fridays For Future, Teachers for Future, Extinction Rebellion, Setem, CGT, Oxfam Intermón, Erleak, Errotxapeako Txirringudariak, Suma con Causa eta Ingeniería sin Fronteras.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...