ZIENTZIA

Eraztunek bildutako lainoetan

EHUko Planeta Zientzien Taldeak aurkikuntza berria argitara eman du 'Nature' aldizkarian: Saturno planetaren ipar poloan dagoen laino egitura erraldoi bat. Eguzki sistema osoan parekorik ez duen fenomenoa da, eta haren ikerketak aplikazioak izan ditzake Lurreko meteorologian ere.

Saturnoko hexagonoan topatutako laino egitura. EHU.
Ion Orzaiz.
2020ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Irailean beteko dira hiru urte Cassini espazio zunda betirako galdu zenetik, Saturnoko lainoek irentsita. Horretarako programatu zuten: seinaleak igortzeari utzi, bere burua itzali eta, gasezko planeta erraldoiaren atmosferara erorita, mila zatitan desegiteko. Ordurako, Cassini-k burutua zuen ezarria zioten misioa: 2004. eta 2017. urteen artean, etenik gabe bidali zituen Saturnoko atmosferari, egiturari, sateliteei nahiz eraztunei buruzko datuak. Erruz atera zituen bereizmen handiko argazkiak ere. Orain, material horri guztiari esker, eraztuna daukan planetaren gaineko ikerketa zientifiko ugari abiatu dituzte zientzialariek, eta Lurreko fenomeno meteorologikoen ikerketan aplikagai izan daitezkeen ondorioak atera dituzte. Hala ere, Saturnoko lanbro hotzek misterio ugari gordetzen dituzte oraindik.

Planetako ipar poloan dagoen «hexagonoa» da horietako bat: milaka kilometro luze den egitura geometrikoa. Hori ikertu du EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Planeta Zientzietako Taldeak, eta haren gainean, zazpi geruzako laino sorta antzeman dute. Eguzki sisteman inoiz ikusi den handiena. Nature aldizkarian argitaratu dute aurkikuntza.

Berez, Saturnoko hexagonoa ez da aurkikuntza berria: zientzialariek duela 40 urte izan zuten haren berri, NASAren Voyager 1 eta 2 espaziontziek 1980. urtean detektatu zutenean. «Eguzki sisteman parekorik ez duen egitura da, hexagono perfektu bat delako. Matematikari batek erregela batekin marrazturikoa dirudi eta oraindik ez dugu oso argi nola sortu zen», azaldu du EHUko Planeta Zientzietako Taldeko buru Agustin Sanchez Lavega astrofisikariak.

Formaz gain, egitura meteorologiko horren egonkortasunak harritu ditu zientzialariak: «Saturnoren errotazioa oso bizkorra denez [hamar ordu eta erdi irauten du egun batek], dinamika atmosferiko ugari gertatzen dira: ekaitz erraldoiak, amoniakozko hodeiak, haizete gogorrak... Baina hexagonoak hor dirau, geldi. Apenas mugitu den azken hamarkadetan. Enigma bat da».

Urteotako ikerketei esker, zientzialariek jakin dute hexagono hori uhin bat dela berez, Lurrean antizikloiak eta borraskak eragiten dituztenen gisakoa, baina dezente handiagoa eta bortitzagoa: «Uhin horren erdigunean, abiadura itzeleko haize-laster bat dabil. Gure planetako atmosferan ere badugu horren gisako haize-lasterra edo jet stream, eta haren ondulazioen ondorioz sortzen dira antizikloiak nahizborraskak. Lurreko haize-lasterra, baina, mantsoagoa da: orduko ehun bat kilometroko abiadura har dezake; Saturnokoak, berriz, orduko 360 edo 400 kilometro ingurukoa.

Lainozko ogitarteko bat

Hain zuzen, hexagonoaren gainean dago EHUko Planeta Zientzietako Taldeak aurten eginiko aurkikuntza: laino egitura erraldoi eta egonkor bat. «Zazpi geruzatan banatua dago, bata bestearen gainean, eta 350 kilometroko altuera du. Ogitarteko perfektu bat dirudi», azaldu du Sanchez Lavegak.

Cassini zundak 2017. urtera arte eginiko argazkiei esker lortu dute egitura hori antzematea. «Desegin aurretik, Saturnoren orbitan ibili zen Cassini, planetatik oso-oso gertu, eta bereizmen handiko argazki ikusgarriak egin zizkion planetaren ertz edo linboari. Hortxe antzeman genituen ordura arte ikusi gabeko laino geruzak».

Astronomoaren esanetan, aurkikuntza horrek informazio baliagarria emanen die zientzialariei, Saturnoko atmosferari eta, batez ere, hexagonoaren egiturari buruz: «Laino geruza horiei esker, badakigu eremu horretan ia ez dagoela mugimendu bertikalik, geruzak oso egonkorrak direlako. Bestalde, jakin dugu laino horiek gai kimiko oso exotikoz osatuta daudela: azetilenoa eta benzenoa, besteak beste. Halako laino egiturarik ez dago beste inon. Ez, behintzat, gure eguzki sisteman».

Informazio horrek, berez, «garrantzi handia» duela uste du EHUko ikerlariak, baina,jakintza hutsaz harago, «aplikazio praktiko ugari» izan ditzakeela gaineratu du. Besteak beste, meteorologiaren esparruan: «Gaur egun, iragarpen meteorologikoek muga handiak dituzte: badakigu zer eguraldi eginen duen bihar, etzi eta hemendik hiru egunera, baina haragoko iragarpenak egitea oso zaila da. Bada, beste planetak izan daitezke laborategi erraldoiak, eta hor azter ditzakegu Lurrean gertatzen diren fenomeno bertsuak, baina beste eskala batean: planeta handiagoak nahiz txikiagoak, bestelako osaera kimikoa edo tenperatura dutenak, errotazio abiadura ezberdinekoak...».

Horregatik, EHUko Planeta Zientzien Taldearen jarduna «meteorologia planetario» gisa definitu du Sanchez Lavegak: «Saturno, esate baterako, 60.000 kilometroko erradioa duen planeta erraldoia da [Lurra baino hamar bider handiagoa], gasez osatua dago, eta,eguzkitik oso urrun dagoenez, oso tenperatura hotzak ditu. Baldintza horiek oso interesgarriak dira guretzat, planeta bateko eta besteko dinamika meteorologikoak parez pare jarri eta aztertzeko».

Lantaldearen ikerketa esparrua, baina, ez da Saturnora mugatzen: Artizarra eta Jupiter ere ikertzen ari dira orain, besteak beste. «Planeta guztien atmosferak interesatzen zaizkigu. Oraintxe, Jupiterko orban gorri erraldoia ikertzen ari gara: Lurra bera baino handiagoa den antizikloi bat da».

Martera, uztailean

EHUko astronomoek, baina, Marten pausatua dute begirada. Zehazki, NASA agentziak uztailaren 17an abiatuko duen Mars 2020 misioan. «Gure taldea ari da misio horretan parte hartzen, munduko beste hainbat ikerlarirekin batera, estazio meteorologiko bat eraiki baitugu, planeta gorrira bidaltzeko». NASAren helburua da Martera ibilgailu autonomo bat eramatea, organismo bizidunen arrastoak aurkitzeko. «Ur zantzuak dituzten eremu batera bidaliko dute Rover ibilgailua, antzineko organismo bizidunen trazak nonbait egotekotan, hor egonen direlako», azaldu du Sanchez Lavegak.

Horrez gain, Sanchez Lavegaren lantaldeak aukera baliatuko du planeta gorriko fenomeno meteorologikoak ikertzeko. Dena ongi bidean, NASAren ibilgailua 2021eko otsailean pausatuko da Marteko azalean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.