Koronabirusa

Hego Euskal Herrian 618 positibo atzeman dituzte azken orduetan

Bizkaian apaldu egin dira kasuak, baina gainerako herrialdeetan gora egin dute. Beste hemezortzi eri sartu dira ospitalean

Olatz Esteban Ezkati.
2020ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian alarma egoera osteko zifrarik altuenak izan ziren atzokoak: aise gainditu zen 600 kasuren langa. Azken datuak ere ez dabiltza bezperako kopuruetatik urrun. Kasu gutxiago izan dira, baina beherakada apala izan da. Izan ere, 618 positibo detektatu dituzte, 33 gutxiago. Bizkaian izan da alderik nabarmenena: atzo 402 positibo izan ziren; azken orduetan, berriz, 292. Halaber, Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan kasu gehiago izan dira. Araban, zehazki, 112 kasuren berri eman dute, atzo baino 37 gehiago: udako agerraldiak hasi zirenetik izandako kopururik handiena da. Nafarroan, 108 kasu atzeman dituzte, 26 gehiago; eta Gipuzkoan, 92 kasu, hogei gehiago. Gipuzkoako datuak uztaileko agerraldiak izan zirenekoaren pare daude: uztailaren 19an atzeman ziren kasu gehien, selektibitate osteko oldarraldiak izan zirenean. Orduan, 93 pertsona kutsatu ziren. Jaurlaritzaren esanetan, erkidegotik kanpo bizi diren hamalau pertsonek dute gaitza.

Uda hasierako agerraldiak izan zirenean, ordea, kasu gehienak jende gaztearen artean atzeman zituzten, eta ospitaleetan izan zuten eragina urria izan zen. Orain, bestelakoa da egoera. Adinekoen pertsonengana heltzen hasi da birusa; aste honetan bertan dozenaka kasu atzeman dituzte Gipuzkoako eta Bizkaiko zahar etxeetako egoiliarren artean. Azken orduetan atzeman diren positiboak kontuan izanik, Nafarroan, %13 izan dira 60 urtetik gorakoak; eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %23.

Bilakaera horren isla ospitaleetan igar daiteke. Azken orduetan, 47 eri sartu dira erietxeetan gaitzaren ondorioz, atzo baino hemezortzi gehiago. Uztailean, pertsona gehien ospitaleratu ziren egunean hemezortzi izan ziren. Ospitaleratzeak gehitu ahala, kasuen larritasuna ere areagotu egin da. Hego Euskal Herriko ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan hogei eri daude, eta erietxeetan, orotara, 181.

Osasun Sailak PCR proba masiboak egin ditu egunotan Urdulizko (Bizkaia) eta Gasteizko ospitaleetan, hiru tabernatan izandako agerraldiengatik. Getxoko (Bizkaia) Bikain tabernan izan ziren bezeroen artean 1.020 test egin dituzte, eta Gasteizko Sagartoki zein Oh Malbec jatetxeetan izan zirenen artean, 285.

«Mikrokonfinamenduak»

Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiaren ustetan, udan COVID-19aren agerraldiak egoteko arrazoiak herritarren jarrera eta administrazioaren kudeaketa dira. Alde batetik, herritarren portaeran arazoa dagoela iruditzen zaio; eta, bestetik, uste du administrazioak dituen sistemek orekatu egin behar dituztela«aurreikus zitezkeen portaerak». Ildo horretatik, aztarnari gehiagoren beharra dagoela azpimarratu du, eta gehitu du «mikrokonfinamenduak» ezartzearen alde dagoela. «Agian, anbizio handiagoko neurriak hartzeko garaia da; hau da, eremu edo herri batzuk konfinatzekoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.