Koronabirusa

Dentsitateak trabatu du 10.001 biztanlez azpiko udalerrietan ordutegia aldatzea

Hegoaldean, hiru herritan aldatuko da ordutegia. Espainiako Gobernuak atzo iragarri zuen, eta hurrengo fasera aldatu arte izango da indarrean

Emakume bat San Pedro kofradian arraina saltzen, Lekeition. L. JAUREGIALTZO / FOKU.
Jon Ordoñez Garmendia - Irati Urdalleta Lete
2020ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak atzo argitaratu zuen aldizkari ofizialean 10.001 biztanletik beherako herrietan kalera ateratzeko ordutegiak kentzeko agindua. Biztanle kopuruari erreparatzeaz gain, ordea, beste aldagai bat gehitu zuen: kilometro koadroko ehun biztanletik beherako dentsitatea duten 10.001 biztanletik beherako udalerriei eragingo die. Hego Euskal Herrian 36 dira 5.000tik gorako eta 10.001etik beherako udalerriak, baina, bigarren aldagaiaren ondorioz, hiru bakarrik dira erabakiak eragingo dien herriak, hirurak Nafarroan: Azkoien, Baztan eta Corella.

Lekeitiok (Bizkaia), esaterako, betetzen du biztanleriaren baldintza, baina ez dentsitatearena. Bertako alkatea da Koldo Goitia. Aste guztia aginduari itxaroten egon direla esan du. «Sorpresa handia hartu dugu, zeren eta irizpide berri bat sartu dute, orain arte sekula inork ez duena kontuan izan eta inork ez duena aipatu». Oraintxe bertan «izugarrizko haserrea» dagoela aipatu du, eta jendea «zoratzen» dabiltzala uste du. Gertuko herri batzuk ere antzera daudela dio. «Jada ez dakizu herritarrei zer esan».

Espainiako Gobernuak zehaztu du ordutegi hori herrian erroldatuta daudenentzat edo horietan hamalau egun daramatenenetzat izango dela baliagarria. Beraz, horietako batera bigarren etxebizitzara doazenek hamalau egun itxaron beharko dute ordutegirik gabe kalera atera ahal izateko. Koronabirusaren sintomak dituztenei edo etxean ospitaleratuta daudenei ez di eragiten ordutegiak kentzeko aginduak.

Beste aldaketa batzuk ere iragarri zituzten atzo: kendu egin dute haurrek guraso batekin bakarrik kalera ateratzeko agindua. Beraz, etxe berean bizi direnak elkarrekin atera ahal izango dira. Gainera, tabernek eta jatetxeek barruan zerbitzua eman ahal izango dute, edukieraren %40arekin. Espainiako Gobernuak zalantzak argitu artean, Ertzaintzak orain arte indarrean egon diren arauen arabera jokatuko duela adierazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.