itziar ugarte irizar
MOBIOLA

Kontradenboran

2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Benetan da zurrunbiloa Zinemaldiarena. Jende bertsua gurutzatzen hasten da bat bigarren egunerako, eta hor goaz denak bide paraleloetan, bueltan-bueltan, batzuk joanean, itzuleran besteak. Mundua erdiz atzendu arte kasik. Herenegun, lehen proiekziotik irten orduko jakin genuen Alfonso Sastreren heriotza, eta tarteak mehe izan dira ordutik haren bidea izan denari patxadaz begiratzeko. Hilberriaren osteko azpimarra bat baino ez gaur honako: «Giza jarduera praxia historiko bat da, baina baita agonia bat ere, historia egiten dutenak hil egiten direlako».

Nori kontatu ez baduzu, nork kontatuko du gero ? Non jaso izan ez baduzu, nork jakin dezake? Hor hiltzen den guztia dakar lehen planora Helena Giron eta Samuel M. Delgadoren Eles transportan a morte filmak —hitz gutxikoa da lana, baina galegoz dira gehienak—. Izenburuan dator heriotza eta filmaren bihotzean haren taupada iraunkorra. Zineman baino dezente lehenago, koadro, dokumentu, kantuetan jasotako kontakizunek gaur arte luzatzen duten garroetan egin dute murgil egileek. Baina nola egin hori?

Forma bilatzea bera izan daiteke aski arrazoi —arrazoietan arrazoi?— filmatzera jartzeko. Emaitzak emaitza, bilaketa bera interesgarriena. Hustasun bat du oinarrian euren lanak, narraziogintza ofizialak itzalitakoa; misterioa da, eta horri zor dakioke filmak duen tempo geldoa, pertsonaiei darien suminarekin kontrastean.

Agustin Garcia Calvoren Kontradenboran poema izan dute inspiratzaile abiapuntutik —Sanchez Ferlosiok kantuz ezagun egingo zuena—; orakulu moduko bat, Kolonen karabelei egina, atzera egiteko dei eginez, atzera, berriz pinu eta izei bihurtu arte, historiaren garapenean desbideratze bat sortu ahal balitz bezala.

Min nazional bat. Jean Paul Belmondoren heriotza Frantzian hala sentitu izanagatik, inbidia erakutsi zion kazetari batek Marion Cotillardi ostiralean. «Zer egiten duzue hala izan dadin?», erregutik hurbil. «Zeren hemen, gure herrialdean, ez da inondik ere halakorik gertatzen» —hau esan gabe doa: herrialde hori, jakina da zein den, ezta?—. «Gure kulturaren DNAn dago zinema», aktoreak bare. Beste kazetari batek berriz ekin — «zein da sekretua?»—, eta orduan bai aulkian mugitu zen arte: «Ez dut ulertzen jeloskortasun hau». Amaitzean, kazetari euskaldun bat kexu, euskara entzunarazteko urrezko minutua heldu ez zitzaiolako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.