jakes goikoetxea
Tokio 2020. SURIMIA

Jokoak ahazteraino

2021eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Pentsatzen dut errespetua eragingo duela olinpiar estadioak, han behean, pistan edo belarretan, zaudenean. Arrotz sentituko zara, hain leku ezezagunean. Txiki, haren handitasunean.Uzkur, topaketaren garrantzian. Aktore, ikuskizun handi batean. Arraro, txalorik eta oihurik gabeko lehiaketan.

Tokiokoak beste pista eta zelai batzuen antzekoak izango dira, eta egin beharreko lana bera izango da, izan xabalina bat ahalik eta urrunen jaurtitzea, izan 110 metroko distantzian hamar hesi ahalik eta azkarren gainditzea.

Lehiaketaren garrantzia eta oihartzuna da ezberdina. Eta garrantzi eta oihartzun horrek eragiten duen testuingurua, bai estadioan bertan, bai handik kanpo, olinpiar hirian goi mailako beste kirolari batzuekin elkarrekin bizitzea, batez ere.

Goi mailako kirolariak dira Odei Jainaga xabalina jaurtitzailea eta Asier Martinez 110 metroko hesiduneko korrikalaria. Ohituta daude lehiatzera. Egun eta ordu jakin batean haien onena ematen saiatzera.

Munduko onenekin lehiatu dira eta lehiatzen ari dira Tokion. Martinezen kasuan, umetatik miretsi dituenekin. Haiek ditu ezker eta eskuin egunotan. Ez bera baino askoz ere aurrerago. Aipagarria da nola agurtzen eta aintzat hartzen duten lehiakideek.

Testuinguru horretan guztian, Olinpiar Jokoen neurriko ekitaldi batean, atentzioa ematen du Jainagaren eta Martinezen zintzotasunak eta naturaltasunak. Estadioaren barrunbeetan sartu eta, eremu mistoan, nola hitz egiten duten pistan edo zelaian egindakoaz. Garrantzia emanez bai, baina baita erlatibizatuz ere. Pozaz eta etsipenaz. Nola aipatzen dituzten kuadrillakoak. Oporrak. Etxeko eta etxean sentitzeraino. Olinpiar Joko batzuetan zaudela ahazteraino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.