Desadostasunerako tarterik ez du ikusten Artur Masek: «Aurkaria oso ahaltsua da»

«Dena ondo badoa» presidente berak izan behar lukeela berretsi du CDCko buruak.«Ibilbide luzeko eskaintza bat» agindu du CUPek

ANDREU DALMAU. / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko urriaren 1a
00:00
Entzun
Junts Pel Sik eta CUPek aste honetan hasiko dituzte Kataluniaren independentziarako bide-orria hitzartzeko elkarrizketak, eta, bi hautagaitzen talde negoziatzaileak bildu aurretik, I-27ko hauteskundeen osteko arreta presidentetzari buruzko eztabaidak bereganatu du. Are gehiago, Kataluniako Auzitegi Nagusiak A-9ko herri galdeketagatik Artur Mas inputatu ostean. HautagaiaMas izatea hitzartuta daukate CDCk eta ERCk, baina CUP ezinbesteko makulua bihurtu da Junts Pel Si osatzen duten indarrentzat —ezker independentista gabe, gehiengo sinplerik ere ez dute parlamentuan—, eta haiek tematuta daude Mas baztertu eta kontsentsuzko beste presidentegai bat bilatzeko. Masek berak, ordea, Kataluniako subiranistek «desadostasunerako tarterik txikiena ere» ez daukatela esan zuen atzo: «Ez gara honaino iritsi orain dena hondatzeko. Nik ez dut hondatuko, ahal badut».

Espainiako Gobernuak agindutako murrizketak gauzatzea leporatzen dio CUPek Generalitateko jarduneko presidenteari, eta I-27ko kanpainan ezin argiago utzi zuen ez zuela hura presidentetzara sustatuko; baita bozen ondorenean ere. Masek, baina, oker dabilela ohartarazi dio CUPi, Catalunya Radio-n: «Ezin dut ametitu gu murrizketen gobernua ginela esatea; Madrilen ezarritako murrizketak ahalik eta duinen administratu ditugu, eta urtero bete gabe utzi ditugu defizit helburuak». Bestalde, A-9a Kataluniatik estatuari inoiz egindako desobedientzia ekintza handiena izan dela nabarmendu du Masek. Eta bere aurkako kereila, berriz, «amorrazioz betetako gobernu baten erantzun baldarra» izan zela erantsi du.

Lehen aldiz, Kataluniak independentzia prozesua martxan jartzeko gehiengo oso bat duela gogorarazi du Masek, eta negoziazioan «ikuspegi autonomikoa» gainditzera deitu du: «Gure indarrak ondo neurtu behar ditugu. Eskuartean daukaguna hain da garrantzitsua, eta aurkaria hain da ahaltsua, funtsezkoan desadostasunerako tarterik txikiena ere ezin baitugu izan. Denok gara ezinbestekoak».

Junts Pel Sik eta CUPek indar bera ez dutela ere argi utzi nahi izan du, ordea, Masek, batzuek 1,6 milioi boto dituztelako, eta besteek 300.000: «Dena ondo badoa», presidente berak izan beharko lukeela berretsi du.

CUPetik, berriz, nabarmendu dute Junts Pel Sirekiko negoziazioetan garrantzitsuena ez dela Masen edo bestepresidente baten izendapena izango: «CUPek egingo duen eskaintzak, presidente baten eta haren zaleen inguruan biraka jarraitzea baino ibilbide luzeagoa izango du; lasai, beraz, hooliganak», adierazi du Quim Arrufat diputatu ohiak.

ICV-EUiAko subiranistak

Acord d'Esquerres per la Independencia elkarteak —ICV-EUiAko subiranistek eta sindikalistek osatua—, bestalde, Junts Pel Si eta CUPekin «hitzarmen sozial eta nazional bat» osatzeko eskatu dio Catalunya Si Que Es Pot koalizioari. Helburua, CSQEPek bere profil katalanista berreskuratzea eta JPSi-k ezkerreko politikak lehenestea litzateke.

Kataluniako egoera hizpide izan zuen atzo Mariano Rajoy Espainiako presidenteak ere. Kongresuko osoko bilkuran esan zuen aterabidea «elkarrizketa fin batek» ekarriko duela, eta bere gobernuak Masen inputazioarekin zer ikusirik ez duela azaldu zuen: «Bidegabea da hori leporatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.