Moncloak Kataluniako Parlamentuak onartutako ebazpenak salatuko ditu

Konstituzionalean jarriko ditu helegiteak Madrilek. Legebiltzarreko Mahaiko kideen kontrako epaiketa azaroaren 19an hasiko da

Igor Susaeta.
2019ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Katalanen arteko elkarbizitzari egindako «erasoa» dira Kataluniako Parlamentuak herenegun onartutako bost ebazpenetako hiru, Isabel Zelaa Espainiako Gobernuko bozeramaileak atzo nabarmendu zuenez. Horregatik, horiek Espainiako Auzitegi Konstituzionalean inpugnatzea erabaki du Moncloak. Ebazpenetako baten arabera, «desobedientzia zibilak» badu legitimitatea, «instituzio espainiarren inposaketa antidemokratikoei aurre egiteko tresna» gisa. Beste batek erdigunean jartzen ditu «amnistia eta autodeterminazio eskubidea», buruzagi subiranisten kontrako epaiketaren epaiari erantzuteko orduan. Eta hirugarren batek eskatzen du Guardia Zibilak Kataluniatik alde egiteko.

Ostiraleroko Ministroen Kontseiluaren ondorengo agerraldian Zelaak adierazi zuenez, parlamentuak «bere mugak gainditu zituen argiro». Eta ohartarazi zion Generalitateari Espainiako Gobernuak ez duela «onartuko estatutuari eta konstituzioari egindako erasorik». Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua berriro ezartzeaz galdetu zioten kazetariek, eta erantzun zuen hori aplikatuko dutela legea «urratzen» denean, edo interes orokorrari «kalte» egiten zaionean.

Bestalde, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak atzo jakinarazi zuenez, 2017ko irailean Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kide zirenen kontrako epaiketa azaroaren 19tik 22ra egingo dute. Lluis Corominas, Anna Simo, Ramona Barrufet, Joan Josep Nuet eta Lluis Guino epaituko dituzte, desobedientzia eta antolakuntza kriminala egotzita, 2017ko irailean deskonexio legeei buruzko eztabaidak ahalbidetu zituztela leporatuta. Fiskaltzak eskatzen du 20 hilabetez inhabilitatzeko eta bakoitzari 30.000 euroko isuna jartzeko. Mireia Boya sasoi hartan CUPeko diputatua zena ere epaituko dute, eta zigor bera eskatzen du Ministerio Publikoak harentzat.

Kataluniako Gobernuko zenbait langilek presoen eta erbesteratuen aldeko pankarta bat kendu zuten atzo Generalitateko balkoitik, Kataluniako Auzitegi Nagusiaren aginduz. Beste bat jarri zuten geroxeago, adierazpen askatasuna aldarrikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.