Nagore Amondarain.
Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 4. Graduondokoa

Baikortasun kritikotik

2012ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Eskola egun batetik bestera, gaiak nola doazen harilkatzen ikustea emankorra da, ikaslearentzat zein hizlariarentzat. Urliak esandakoa eskola egun horretako adituari galdetu, bere iritziak jaso eta hurrengo hizlariak gaia biribildu. Horrela eman da eleaniztasunaren gaia azken eskola egunetan, Mari Karmen Garmendiarekin hasi, Joxe Austin Arrietarekin jarraitu eta Julen Arexolaleibarekin sakonduz.

Lanean, Txepetxen teoriekin genbiltzala, ezagutu genuen Julen Arexolaleiba, edozein normalizazio egitasmotan agertzen diren bi izen. Motibazioa, ezagutza eta erabilerari ekinean genbiltzan, baina 2005eko buelta hartan, Txepetxena gaindituta zegoela esaten zuenik bazen, beste alternatibarik proposatu barik. Gerora, holakoen jarduna Pixka bat es mucho eta antzeko kanpainak sustatzera pasatu zen edo asimetria linguistiko-geografikoa defenditzera.

Artzeren poema batekin hasi du hitzaldia Julenek, euskara elkarteen topaketa baterako beren-beregi sortutako poema harekin. Poemaren egitura izan zitekeen hitzaldiaren hezurdura, poemaren hasieran aipatzen baita hizkuntzak ez ezagutzearen lotsa. Eta galdera bat bota du: ea nola bizi dugun gaztelania jakitea. Larrepetit-en Idoia Etxeberriak idatziriko Erdaldunberriaren ajeak artikuluari egin dio aipamena, harrigarria bada ere, ez baita kanpokoa lotsatzen euskara ez jakiteaz, bertakoa kanpokoena ez jakiteaz baino.

Baina hiztunetik harago, hizkuntza komunitatean ere indarra egin beharra dagoela dio. Eleaniztasuna aho beteko hitz politegia da, baina azken bi eskola egunetan argi azaleratu da ikaskideon kezka, terminoaren gehiegizko edo azaleko erabileraz. Eremu indibidualean planteatzen denean ulergarria izan daiteke terminoa bera, posible ere bai baita, baina beste gauza bat da eremu sozialerako baliatzea, hain irmoki, eleaniztasuna hitzaren sinpletasunean.

Txepetxen A eta B zirkuituak eta ontzien tesiak sakonki azaldu ditu Julenek, eleaniztasunaren barruan egon daitezkeen aldaera guztiak bilduaz, hitzaren eta ekintzaren konplexutasuna ekarri ditu.

Poemaren hezurdurak elkarrekin bizitzea aipatzen du beronen azken lerroetan, eta hor dakar Julenek diglosiaren gaia. Hizkuntza batek bestea desagerraraziko du, nahiz eta ez den erosoa honetaz hitz egitea eta bien bitartean, hura gertatu bitartean, diglosiaren bidean jarriko. Hiru diglosia motaz ari da berbetan; erdi diglosiaz, diglosia partzialaz (Flandria, Alsazia aipatuz) eta erabateko diglosiaz edo lurralde mailakoaz. Azken horretan kokatzen du euskara, gaelikoarekin bat. Egoeraren larritasuna irauli nahi duen pertsona izanik, azkenaldian ezkortasun aktiboan baino baikortasun kritikoan mugitzen ari dela aitortuz amaitu du saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.