Nagore Amondarain.
Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 4. Graduondokoa

Arabako berogailuak

2013ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Arabako berogailuen testigantza emateko iragarrita genuen izena Oihane Perea zen, baina gelara sartuaz batera, Manex Agirreren laguntzarekin jardungo zuela jabetu ginen. Arabako azken bertso txapelketako txapeldunarekin saioa emateak argi uzten zuen Perea eta Agirre tandem-a bertsoei buruz berbetan zetorrela. Esan daiteke euskalgintzak duen zutaberik sendoena dela bertsolaritza Araban, motibazioaren erreprodukzioa egiten duena. Gerora norabidea beste bat izan arren, gazte askoren iragan beharreko ate bat. Abornikanon kokatu zen Abel Enbeita izan zen orduko gazte askoren akuilu, eta habia hartatik sortu zen Arabako bertsolaritza, sorkuntza kolektiboa. Eta handik eratorrita sortu zen Lautadako bertso eskola ere, duela hamar urte. «Gaur ikasi, bihar irakatsi» da Lautadakoen nahia, eta horretarako, gazte-lokalen antzera, bertso-lokala dute Agurainen. Herriko kultur bizitza piztu du bertso eskolak, bizipen atseginetatik eta taldearen identifikaziotik presentzia publikoa handitzea lortu du euskarak. Egun, Lautadako gazteei los lari deitzen omen diete, bertsolari, trikitilari… dena antolatzeko gai direnak. Lautadan, bertebrazio soziala euskararen bitartez gertatzen ari da. Esan dutenez, bertsoak eremu erdaldunean zera sorrarazten omen die gazteei: «Konturatu gabe, euskaraz ari direla ahaztu egiten zaie gazteei bertso giroan daudenean».

Baina ezagutzen ez duenarentzat, Arabako bertsolaritzak ez du zerikusirik beste lurraldeekin. Banakako lehiara pasatzea kostatu egiten zaie bertako bertsolari askori. Inflexio puntua 2010eko Kuadrilla Arteko Txapelketa izan zen, bat-batekoa eta idatzizkoa, Araba guztia mugitu zuen txapelketa, sorkuntza aktibatu zuena, kolektiboa. Saioetan ez zen entzule hutsik, denak ziren parte-hartzaile, «denek zuten zereginen bat, mahai-jartzaileak ere izaten ziren, gai-jartzaileen moduan».Presio gabe bizi dute bertsolaritza Araban. Hortik adibidez, Hala Bedi irratian duten Bertxoko saioa, askok umore saio legez dutena. «Euskadi Irratiko Hitza jolas saioak darabilen material berdina darabilgu, baina oso emaitza desberdina da gurea», bertsozale ez direnak ere jarraitzaile dituen saioa. Bestetik, zirkuitu berdinean topo egiten duten bi komunitate daude Gasteizen, hip-hopa eta bertsoena. Eta Hala Bedi eta gaztetxearen urteurrenen harira,2008an, hurbilketa natural bat egon zen, gaur arte jarraitu duena, «bertso afari batera hamar gazte badoaz, bertso hip-hop saiora ehun». Eta hau gertatzeko ez zuen euskara teknikari batek etorri behar izan, antolatu eta asmakizun legez patentatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.