Nagore Amondarain.
Arbelari begira. Euskal Kulturaren Transmisioari Buruzko 4. Graduondokoa

'Euscool' kultura eta beste

2012ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Ruperren Egin kontu abestia aztertzen jarri gintuen Pedro Elias Igartuak (ingeleseko irakasle eta musika kritikoak) institutuko eskola egun batean. Ia 18 urte geroago, bestelako eskola egun batean, Iñaki Urruzola irakasleak ariketa beraren aurrean jarri gaitu. Euskal kultura zer den eta zer izango den zalantzarekin bakoitza bere burutazioetan naufrago ibili ginen. Berau aztertzeko eskola eguna izan zen aurreko astekoa, azterketaren aurreneko mokadua baino ez zen izan, dena eta ez dena argitu gabe bueltatu ginelako etxera, indar zentrifugo eta zentripetuak aktibo gure buruetan. Kultur ekosistemak eta kokapenerako gakoak mahai-gaineratzean hasi zen ikaskideon parte hartzea, talde hiztunaren adibide jardun anitza. Euskal kulturaren definizioaren helmugara iritsi aurretik, masa kultura, herri kultura eta kontrakulturaren bidesariak ordaindu behar izan genituen.

Azken asteetan hirugarren aldiz aipatu den Josu Amezagaren Herri kultura: euskal kultura eta kultura popularrak doktorego tesitik ekarri zizkigun helduleku batzuk Iñakik. Gure ingurutik askoz harago joanda, Alemaniara adibidez, Herderrek maila berean jartzen ditu herri xehearen kultura eta goi kultura, nazio beraren barnean topatu daitezkeenak biak. «Beraz, euskal kulturak bietatik izan dezake? R. M. Azkueren sei operak herri kultura edo goi kulturan kokatzen ditugu?». Azken lerrotik, irudi eta audioak grabatzeaz arduratzen den Kepak hartu zuen hitza. Ordenagailu, bideokamera eta entzungailuen babesean egoten den ikaskidearen estreinaldia txalotu egin zuen gela osoak, azken lerrotik honako hauek entzutean; «Gorka Bereziartuak otsaileko Argia-n hauxe dio: zertan desberdintzen dira kultura herrikoia eta kultura elitista? Ekoizpen kulturala prozesu industrial bihurtu zenetik, herriarena zen kultura eta eliteena, biak fenomeno berri batek irentsi zituen, masa kulturak. Hautaketaren arrazoia ez da ekonomikoa, publikoaren jakin-mina piztea bihurtu da arazo, beraz, heziketan dago arazoa, egun».

Herderren arabera, herri xehearen kulturaren aurkitzailetzat kontsideratua, hizkuntza da herri baten arima eta berak biltzen du izate oso bat. Hemen aipatu liteke Beñat Sarasolaren Euscool manifestua, benetako hipster-a izateko gidan euskararen zentraltasunaren alde egiten baitu. Kulturaren semiotikan Lotman errusiarraren izena aipatzen digu Iñakik, hizkuntza erdigunean kokatzen duen beste autoreetako bat, euskal kultura euskarari darion kultura definizioa defendatu lukeenetako bat, gelako naufrago askok bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.