UPV/EHUren erantzukizunaz: denak ez du balio

2018ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Orain dela egun gutxi harriduraz irakurri genuen hedabide honetan Jukutria juridikoakEHUko irakasleen arteko diskriminazioren zerbitzura izenburupean argitaratutako iritzi artikulua.

Artikuluan salaketa oso larria egiten da, zalantzan jartzen baita UPV/EHUko zerbitzu juridikoetako langileen profesionaltasuna. Horrez gain, irakasle ez-iraunkorrek ordainsari osagarri jakin batzuk ez kobratzearen erantzukizuna errektoretza taldeari leporatzen zaio.

Errektoretza taldea bat dator artikuluaren sinatzaileekin, irakasle eta ikertzaileen karrera akademikoa aitzineratzeko zailtasunei dagokienez. Horregatik, orain dela urtebete erakunde honen lidergoa hartu zuenetik, hainbat ekimen jarri ditu martxan karrera akademikoan laguntzeko eta irakasle ez-iraunkorren egoera hobetzeko bai irakaskuntza eta ikerketaren arloan, bai lan arloan. Gaur egun, izan ere, irakasle ez-iraunkorren irakaslana ebaluatua izan daiteke eta, legearen babesean, dagoeneko lehen urratsak egin dira langile ez-iraunkorren hainbat figuraren ikerketa ebaluatu ahal izateko. Edonola ere, zintzotasunez jokatuz esan behar dugu badirela, nahiko genukeenaz harago, era askotako mugak eta gure jarduna muga horietara egokitu behar dugula.

Nahitaezkoa da argitzea, hain zuzen, ebaluatzen diren merituak ordaindu ahal izateko, euskarri juridiko bat eduki behar dugula, meritu horiei kopuru bat esleitzea ahalbidetuko duena. Errektoretza taldeak ebaluazio positiboak ordaintzeko erabateko borondatea du; gaur-gaurkoz, ordea, eta euskarri hori izan arte ezin du egin, ordaintzeko erantzukizuna duten UPV/EHUko langileak arriskuan jarri gabe.

Adierazi nahi dugu, konbentzimendu osoz, irakasle ez-iraunkorren kolektiboaren interesak defendatzen ditugula, gure esku dauden bitarteko guztien bidez, eta, jakina, unibertsitateko kudeaketa kritikatu ahal eta behar dela, baina asmoak ezin direla epaitu. Errektoretza taldearen helburua ahalik eta unibertsitate onena eraikitzea da, baita bertan lanean diharduten kolektibo guztien helburu profesionalei erantzutea ere. Hori ezin da ezbaian jarri.

Errektoretza taldeak UPV/EHU osatzen duten kolektibo guztien eskaerei erantzuteko konpromiso argia berresten du. Konpromiso horrekin batera, ordea, behar-beharrezkoa da beste langile batzuen lanarekiko eta erakundearen erantzukizunarekiko errespetua. Erantzukizunak eta pertsonekiko errespetuak gidatutako jardun bat ezin da nahasi asmo txarrak besteei egotziz. Kritika egitean, denak ez du balio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.