KRITIKA. Donostiako 79. Musika Hamabostaldia

Errefuxiatuen argia

La Fura del Bausen entseguaren irudi bat, Kursaalean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Arkaitz Mendoza.
2018ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun

La Fura dels Baus





Lekua: Donostiako Kursaaleko auditoriuma. Eguna: Abuztuak 2

Argiaren boterea, dena pitz edo itzal dezakeen funtsezko gailua. Gaur egungo etxeetan bereziki garestia, beste batzuen etxean etorkizun beltzetik irteteko behar duten irribarre zuria. Errefuxiatuen argiaren inguruan, La Fura dels Bausen produkzio berri honek munduaren kreazioa islatzen du. Agertokian, argia betiere argi izango da, baina Genesian eta Salmoetan kontatzen den argiztapenak kolore ezberdinetako baliabideak eskain ditzake. Itxaropentsuena, garaileena eta ezinbestekoena tratatzen du Carlus Padrissa zuzendari artistikoak, bere ezaugarri duen garabi, tramankulu edota nolabaiteko aldamio bat eszenaren ardatz gisa kokatzean. Abesbatzak —sekulako lana, proiektu honetarako espresuki ekoitzitakoa— jendartean zabaldutako globo erraldoi zuriek errefuxiatuen arnasa neurtua irudikatu zuten; ez aire pilatua, etorkizunaren argi bilatze horretako ibilaldian behar zituzten arnas molekulak baizik. Kontaketa garbia, inguratzailea, jatortasunean adieraz daitekeen tragedia eta, batez ere, argi arrastoaren kolore anitzen erakustaldi zoragarria.

Musikalki argi zuri intentsua izan zen, zuzendari argi batek hiru abeslariei ziurtasun argia eskaini zien beren egite zailean. Alicia Amo sopranoa ia-ia etxekoa dugu, hemengo ikastetxean burutu baitzituen zenbait musika ikasketa, eta estreinaldian Joseph Haydnen Eva guztiz loreztatu zuen. Ahots gardena, ahoskera txalogarria eta, batez ere, erraztasun itzela goiko musika notak biribiltzean; emanaldiko sorpresarik handiena, eta, duda izpirik gabe, etorkizunari begira kontuan hartzeko izena dugu Amo, munduko beste puntako bazterretatik datozen abeslarien kontratazio ulertezinen beharra gutxiezteraino. Gustavo Peña tenorra ere dotore, nahiz eta esaldi bakoitzaren joan-etorrian, musika espresioan argitasuna falta izan. Thomas Tatzl baritonoak instrumentu ederra du, eta hirukotearen ziurtasun printza argitsua izan zen. Bilboko Orkestra Sinfonikoaren flauta bakarlariak soinu gehiegi erakutsi zuen bere parte hartzean; harizko instrumentuak, ezkutatuta, erosoegi azaldu ziren, eta haize metalaren bateratasunean zalantzak begi-bistan. Aurtengo Musika Hamabostaldia argi ziztada boteretsuarekin hasi da, hilabete emankor baten seinale?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.