Kataluniako hauteskundeak. Jessica Albiach. Catalunya en Comu-Podemeko diputatugaia

«Gehiengo handiak josi behar dira»

ERCren eta PSCren bidelagun izateko aukera ikusten du Albiachek, aldebakarreko bidea utziz gero lehenak eta katalanismo progresista berreskuratuz gero biek. «Blokeen borroka apurtzeko garaia da».

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2017ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Komunikazio Zientzietan lizentziaduna eta kazetaria da Jessica Albiach (Valentzia, 1979), Catalunya en Comu-Podemeko hirugarrena. Alderdiaren estrategia feministaren arduraduna da, eta Podemosen Herritarren Kontseiluko kidea. Hauteskunde kanpainaren bide erdia egina dutenean solastatu da BERRIArekin, Barcelona en Comuren egoitzan.

Inkestak ezkorrak dira zuentzat. Zer espero duzue bozetan?

Inkestek gure kasuan beti egin dute kale. Egia da guretzat hauteskunde zailak direla, indar berria gara, baina, blokeak hain polarizatuta egonda, jendeak eskertzen du gure koherentzia.

Ciutadans ere indar berria da, eta, aldiz, inkestek toki onean kokatzen dute. Nola ulertzen duzue gorakada hori?

Hain daude puztuta, gure abstentzioaren bila dabiltza. Prozesuaren B aurpegia dira: Ines Arrimadasek gidatzen du bloke bat, eta Carles Puigdemontek bestea, eta elkar elikatzen dute. Beraz, polarizatutako une hau bere alde doa. Geroz eta okerrago egon Katalunia, hobeto egongo da C's.

Azken legealdian Catalunya Si Que es Poten krisia azaleratu zen. Polarizazioaren ondorioz?

Aurreko legealdia korapilatsua izan da, eta konplexua da egoera, baina lan ona egin dugu. Joango zaizkigun botoak ez dira joango CSQPek egindako lanagatik, egoerarengatik baizik.

Podem ukituta dago Albano Dante Fachin eta gainontzeko kideen dimisioagatik.

Albano Dante Fachinek dimisioa aurkeztu zuen, zilegitasunik gabe geratu zelako. 17.000 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten Podemen barne galdeketan, Catalunya en Comurekin batera joan edo ez erabakitzeko, eta batera aurkeztea erabaki zuten 13.000k baino gehiagok. Modu koherentean joatea erabaki zuen Dante Fachinek. Hala ere, gehiago da azken egunotan gehitu den jendea joan dena baino. Independentzia aldarrikatzen du orain, eta bera aske da nahi dituen alderdiak babesteko, baina gu adostutako erreferendumaren alde gaude.

Aldebakarreko bidea baztertzeko, Argitasun Ituna proposatzen duzue. Zer da?

Eredu kanadarrean oinarritutako egitasmoa da. Argitasun Itunaren arabera, Espainiako Gorteekin negoziatzera joan aurretik komeni da gehiengo handiak edukitzea. Katalanen %80 badaude adostutako galdeketaren alde, herri akordio bat ezinbestekoa da erreferenduma egiteko.

Junts pel Si ohiko hainbat ordezkarik diote independentzia oraindik ez dela egingarria. Zer deritzozu?

Argi gelditu da aldebakarreko bidea arduragabekeria izugarria izan dela. Aldebakarreko bidetik herrialde erdia baztertzen dute. Porrota izan da. Aldebakarreko bidea aukeratu dutenak bereiztea eta porrota aitortzea nahiko genuke. Zehazki, ERCk, Junts per Catalunyren pean egoteari utzi, eta katalanismo progresistara itzuli beharko luke, batetik, eta PSCrekin gauza bera; eskuinerantz egin duten biraketa baztertzen badute, aurkituko gaituzte.

Zein iritzi duzu PSCren biraketaz?

Ez dira argitzen. Ezinezkoa da duela hilabete batzuk Pedro Sanchezek primarioak irabaztea plurinazionalitatea hitzartuz, eta Miquel Iceta salbazio erreguka aritzea, eta, orain, Alderdi Popularra besarkatzea: edo engainatu gaituzte, edo ezkutuka ari da Susana Diaz agintzen. Agindu zutenaren kontrakoa aplikatzen ari dira.

Zuen ustez, irtenbidea Espainia aldatzea da. Egingarria da?

Espainia erreforma ezina dela baieztatzen dutenek ahazten dute maiatzaren 15a, hiru urteetan erabakitzeko eskubidearen alde Espainiako Gorteetan agertu diren bost milioi botoak, mareak... Badago Mariano Rajoyrena ez den Espainia bat. Espainiako %57k babesten dute adostutako erreferenduma, eta, beraz, ezinbestekoa da herritarren zentzu komuna alderdi politikoetara iristea.

Jendeari zail egiten zaio aldaketa horretan sinestea.

78ko erregimenaren zatiketaren hastapenak agertu dira, eta, aldaketak nahi bezain azkar iristen ez diren arren, geroz eta kontzientzia handiagoa dago gaur egungo sistemaren kontra. Kataluniak zeregina du, eta gehiengo handiak josi behar dira.

Zer egingo duzue abenduaren 22an?

Blokeen arteko borroka bukatzeko garaia iritsi da. Katalanismo progresista berreskuratzeko garaia da, eseri eta gehiengo handiak osatzeko. Guk ez diegu presidentetza oparituko %3 auziaren arduradunei, ez Ibex-35ekoei, ezta Gurtellekoei ere. Alde bakarreko bidea utziz gero eta katalanismo progresista berreskuratzen badute, ERC eta PSC bidelagun izan daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.