jakes goikoetxea
Tokio 2020. SURIMIA

Gehiegizko beroa

2021eko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Bero egiten du Tokion. Hezetasuna ere handia da. Aireportutik atera orduko sartu ginen labean. 30 gradutik gora ia egunero. %70-80ko hezetasuna. Hala ere, horretan ere, burbuila batean bizi gara kazetariok: aire girotuaren burbuilan. Aire girotua hotelean, aire girotua autobusetan, aire girotua taxietan, aire girotua Prentsa Gune Nagusian, aire girotua kirolgune itxietan... Hortik kanpo, beroa. Beroa otorduaren bila joaten garenean; aire zabaleko kirolgune batean lanean edota aurrera eta atzera ibiltzen garenean; autobusaren zain egon behar dugunean... Normalean ez da denbora asko izaten, baina une laburrak badira ere, bero horrek ito egiten du. Ezer egin gabe ere, nekatu. Makaldu.

Ba, pentsa zer izan behar duen bero horrekin lehiatzeak, onena ematen saiatzeak. Lau urtean behingo lehiaketa garrantzitsuenean, Olinpiar Jokoetan.

Ez dira baldintza onenak kirola egiteko. Aire zabalean lehiatzen diren kirolari gehienek diote. Beroak, Japoniako bero sapak, errendimendua mugatzen die. Norbaitek esan dezake Olinpiar Jokoak egin aurretik ere bazekitela baldintzak zeintzuk ziren, baina azalpen hori ez da nahikoa. Baldintzak jakinak izateak ez du esan nahi onargarriak direnik. 1964ko Olinpiar Jokoak, Tokion bertan, urrira atzeratu zituzten, udan bero gehiegi egiten zuelako. Ordutik, Tokioko udak ez dira epeldu, gehiago berotu baizik. Hala ere, egutegiari eutsi diote. Telebisten interesengatik. Eta telebisten interesak baldin badira, NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordearenak ere badira. Jakina baita nondik jasotzen duen dirua eta zein den haren lehentasuna. Kirolariek baldintza egokienetan lehiatzea baino gehiago, negozioa. Beroa ez zaie axola, poltsikoan ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.