Desobedientziaz eta herri eraikuntzaz

2016ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Abian prozesuan egin diren emendakin alternatiboen artean bat bera onartu ez bada ere, auzipetu batzuk aurkeztu genuen desobedientziaren ingurukoa izan da bozkatuena. Eztabaidan parte hartu genuenon artean, heren batek desobedientziaren inguruan aurkezturiko emendakinari eutsi genion, azken unean auzipetuen emendakina ordezkatzeko Abian txostenaren egileek beraiek beraien testuari eginiko auto-emendakinak ez baitzituen oinarrizko edukiak jasotzen askoren ustez. Gaiak pizten duen interesa eta grina, ukaezinak dira.

Marko teorikoari dagokionez, desobedientzia zibila legez babestutako injustizia bati modu publiko, ez biolento eta masiboan aurre egitea bada ere, desobedientziaren erreminta kutxak askoz ere tresna gehiago eskaintzen dizkigu inposaturiko egungo ereduaren injustizia sozial zein politikoei aurre egiteko, hala nola, herri erresistentzia, intsumisioa, ekintza zuzena, desobedientzia eraikitzailea, Aske Gunea, herri harresia...

Halere, desobedientzia, bere forma guztietan hartuta ere, askapenerako borroka molde bat besterik ez da. Baina ez da bakarra eta ez ditu beste borroka moldeak ukatzen. Gutxi balitz, historiak erakutsi digu mundu osoan eman diren eraldaketa sozialak zein askapen nazionalak ez direla sekulan izan borroka molde bakarren bidez eskuraturikoak, ez AEB edota Hego Afrikako beltzen eskubideen defentsan edota ezta Indiaren nazio askapenerako borrokan ere, adibidez. Beraz, desobedientzia ez da beste borroka moldeen aurkakoa, testuinguruaren arabera, finkaturiko askapen edota eraldaketa estrategian izaera zentrala eskura dezakeen arren. Euskal Herrian ere bai, Estatuen jarrera itxiaren aurrean hartu dugun aldebakartasunean oinarrituriko konfrontazio politiko ez biolentoak beste aukera asko uzten ez dituelako.

Desobedientzia, injustizia ikusarazteko eta jendartea aktibatzeko oso bide baliagarria da eta izan da. Hor dago, adibidez, ikastolen mugimenduaren sorrera. Elbira Zipitria andereƱoaren etxean hasi zen desobedientzia ariketa txiki hura, Euskal Herri osora zabaldu zen mugimendu indartsua bihurtu zen frankismo garaian. Edota, bestea, soldadutzaren aurkako intsumituena. Gutxi batzuek hasi zuten borroka desobedientea, borroka soziala bilakatu zen. Gehiago ere badaude, borroka feministak abortuaren eskubidearen aurrean erakutsitakoa, euskal preso politikoek espetxeetan garatutakoa, erakundeen ilegalizazio aurrean milaka lagunek emaniko erantzuna eta, orain, atxiloketa zein epaiketen aurka Libre/Eleak Dinamikak bultzaturiko herri harresi, Aske Gunea eta gainerakoak... Borroka esparru berriak zabaltzeko edota zaharrak aktibatzeko tresna baliagarria dela frogatu du desobedientziak.

Baina Estatuek ez gaituzte soilik legeen bitartez kontrolatzen eta legeak hausten ditugunean indar armatuen bidez zapaltzen. Sistemak badu askoz ere tresna eraginkorragoa den beste bat: guztioi barneratu eta egunero aplikarazten dizkigun inposaturiko habito edo ohitura txarren bilduma: kontsumo eredua, harreman eredua, hizkuntza portaera, arau soziala, praktika sexuala, bizitza publiko eta pribatuaren banaketa... Eta ohitura txar horien aurrean ere, desobedientziaz jokatu behar dugula esaten dugu Lurralde Askea komunitate desobedientean. Arlo honetan ere, handia da mugimendu feministak parekidetasunaren aldeko borrokan erakutsi diguna: zaintzaren inguruan, lan munduaren erregulazioan, botere eta politikagintzan mailan... Eguneroko jardueran praktika egokiak hartuz eta txarrak ordezkatuz bideratzen da zapalkuntzarik gabeko jendarte baterako eraldaketa prozesua, norbanakoaren desobedientzia ariketa txiki partikularrak kolektibizatuz eremu guztietan. Hori ere desobedientzia da, eraikitzailea kasu honetan. Zeren aurka baino, zeren alde jokatzera behartzen gaituen desobedientzia eraikitzaileak, beti konpromisoetan oinarrituz eta diskurtsoa praktikarekin lotuz. Koherentzia eta sinesgarritasuna.

Horrelakoa da desobedientzia begiratzeko fokua zabaltzen dugunean. Horiek guztiak eta gehiago dira desobedientziaren erreminta kutxak eskaintzen dizkigun tresnak. Desobedientzia ariketa horien guztien bidez, esparruz esparru, gure lurralde askeak osatu behar ditu, gure eredu librearen artxipelagoa osatu behar dugu, arlo pertsonalean zein kolektiboan.

Desobedientzia da bidea. Segi dezagun herri harresia eraikitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.