Egiari Zor taldeak hainbat auzi argitzeko ekitaldi sorta abiatuko du

Bertsio ofizialen «kutxa iluna» zabaldu nahi duela dio.Hainbat mahai inguru egingo ditu

Egiari Zor fundazioko kideak, atzoko agerraldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2015eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
«Estatuaren estoldetatik gidatutako» zein Segurtasun Indarrek eragindako heriotza guztiak argitzea du helburu Egiari Zor fundazioak. Auzi askok oraindik ilunpean jarraitzen dutela eta aurrera egiteko oztopoak nagusi direla ikusita, neurriak hartzea erabaki du; heriotza horien nondik norakoak argitzen praktikoki laguntzea. Egia, itzaletik argira izendatu duen ekinaldia abiatuko du, hartarako. Egia osoa ezagutzeko tresnak bilatzeko asmoa duela iragarri du, eta zenbait mahai inguru eta hitzaldi egingo dituela.

Euskal Herri osoko hainbat herritan egingo ditu ekitaldiak, egiaren bila. Lehena Portugaleten izango da, ostegunean, 19:00etan, Santa Klara kulturgunean. Victor Perez Elexperen eta Iñaki Ojedaren heriotzari buruz arituko dira hildakoen senideak, eta euren testigantzak emango dituzte lekukoek. Perez Elexpe guardia zibil batek hil zuen tiroz duela 41 urte, greban zeuden langile batzuei babesa agertzeko eskuorriak zabaltzen ari zenean. Duela 31 urte hil zuen Ojeda Espainiako Poliziak, haren errenditzea negoziatzen ari zela. Desarmatuta ateratzeko eta hormaren kontra jartzeko esan zioten. Hala egin zuen, eta tirokatuta hil zuten.

Oraindik ilunpean dauden gainerako kasuetan bezala, egia argitzen saiatuko da Egiari Zor, eta urteetan izandako «inpunitate eta justizia falta amaitzen».

Izan ere, oraindik gabezia handiak ikusten ditu fundazioak. Urrats batzuk egin diren arren txikiegiak direla deritzo. Ane Muguruza eta Ainara Esteran fundazioko kideek azaldu dute begi onez ikusten dutela, esaterako, Eusko Jaurlaritzak giza eskubideen urraketen inguruan egindako txostena. Ordura arte «baztertuta» egon diren hainbat elementu txertatu izana ona dela. Hain zuzen, horri esker azken 50 urteetako bertsio ofizial asko baliogabe geratu direla diote. Hala ere, ohartarazi dute ikerketan sakondu beharra dagoela, eta «bertsio ofizialen kutxa iluna zabaltzera» deitu dute.

Giza eskubideei dagozkien nazioarteko legeek biktimak aitortzerakoan ez dutela indarkeriaren jatorriari dagokion bereizketarik egiten azaldu dute, eta, egia ezagutzeko eskubidea dutela bai senideek, bai gizarte osoak. «Adiskidetze sozial eta elkarbizitza demokratiko bat lortzeko ezinbesteko elementua da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.