Albistea entzun

Erorien kriptako gorpuak handik ateratzeko eskatu diote Elizari

Bideko Mitxingorriak eta hainbat senidek egin dute eskaera.

Iruñeko Udalak horren aldeko mozioa onartu du.

Arartekoak ere bat egin du
Erorien Monumentua, Iruñean; han da Mola eta Sanjurjoren kripta.
Erorien Monumentua, Iruñean; han da Mola eta Sanjurjoren kripta. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS

Edurne Elizondo -

2015eko maiatzak 15 - Iruñea

Bideko Mitxingorria memoriaren aldeko herrien Nafarroako koordinakundeak Arartekoaren babesa jaso du. Duela urtebete hasi ziren lanean koordinakundeko kideak Iruñeko Erorien Monumentuko kriptan 1936ko estatu kolpe militarreko protagonisten alde egiten diren mezak bertan behera uztea lortzeko. Han dira Jose Sanjurjo eta Emilio Mola jeneralen gorpuak, bai eta bertze bost nafarrenak ere. Meza horietan frankismoaren apologia egiten dela salatu dute koordinakundeko kideek, behin eta berriz, azken urtean. Horregatik eskatu dute debeka ditzatela, bai eta kriptan diren gorpuak handik atera ditzatela ere. Orain, Iruñeko Arartekoak bat egin du eskaera horrekin, eta Iruñeko Udalari eskatu dio otsailean onartutako mozioa bete dezala eta Iruñeko Artzapezpikutzari eska diezaiola martxan jartzea gorpuak Erorien Monumentuko kriptatik ateratzeko prozesua.

Apirilaren 29an egon ziren Bideko Mitxingorria koordinakundeko kideak Arartekoaren bulegoan. Javier Enerizen idazkariarekin egin zuten bilera, baina Arartekoak berak gutun bat helarazi zien egun hartako arratsaldean. «Arartekoak idatzia bidali dio Iruñeko alkate Enrique Maiari, udalak berak onartutako mozioa bete dezan; hau da, artzapezpikutzari eska diezaion kriptako mezak debekatzeko, hango ikur frankistak ezabatzeko eta kriptan dauden gorpuak handik ateratzeko», azaldu zuen Bideko Mitxingorria koordinakundeko kide Maria Santos Santakiteriak, atzo egindako agerraldi batean.

Artzapezpikuarekin bilera

Iruñeko Udala ez da Bideko Mitxingorriaren eskaerak jasotzen dituen mozioa onartu duen erakunde bakarra; bertze 50 udaletan eta kontzejutan babestu dute, baita Nafarroako Parlamentuan ere. «Herritarren artean, bada guk eskatzen dugunaren aldeko aldarria», azaldu zuen koordinakundeko kide Carlos Otxoak.

Zuzenean eman diote aldarri horren berri Iruñeko eta Tuterako elizbarrutiko artzapezpiku Francisco Perezi memoriaren aldeko herrien koordinakundeko kideek. Arartekoaren bulegoan egon eta biharamunean, apirilaren 30ean hain zuzen, bilera egin zuten Perezekin. «Konpromiso bat lortu genuen: artzapezpikuak erran zigun zorrotzagoa izanen dela kriptako giltza uzterakoan, eta ahaleginduko dela uztailaren 19ko meza bertan behera uzten», erran zuen Santakiteriak. Erorien Monumentuko kriptako mezak hilero egiten dituzte; Gurutzeko Zaldun Boluntarioen Ermandadeak antolatzen ditu. Uztailaren 19koa izaten da urteko meza nagusia.

Artzapezpikuak gehiago erran zien Bideko Mitxingorria koordinakundeko kideei. «Erran zuen gorpuak kriptatik ateratzeko urratsak eginen dituela Iruñeko Udalak eta senideek eskatuz gero», erantsi zuen Santakiteriak. Hain zuzen, Erorien Monumentua Iruñeko Udalarena da, baina kriptaren erabilera Elizaren esku dago.

Senideek eskatzea aipatu zuen Perez artzapezpikuak. Kriptan diren zazpi gorpuetako bat Jaime Munarrizena da. Mola eta Sanjurjorekin batera, Erorien Monumentuan diren bost nafarretako bat zen Munarriz. Haren senideek behin eta berriz eskatu dute, azken 30 urteotan, Munarrizen aztarnak kriptatik ateratzeko. «Nafarroako Gobernuari, Iruñeko Udalari eta artzapezpikutzari eskatu izan diegu, baina ez dugu deus lortu», azaldu zuen Josetxo Munarrizek, Jaime Munarrizen ilobak.

«1961. urtean eraman zituzten nafar horien gorpuak Erorien Monumentuko kriptara; ez dakigu zehazki zergatik hautatu zituzten horiek», azaldu zuen Otxoak. Munarriz Cascantekoa zen. «Aitak ez zuen haren gorpua herritik mugitzea nahi, baina, garai hartan, agintzen zutena bete beste erremediorik ez zen», erran zuen Josetxo Munarrizek.

Munarrizekin batera, Oteizako Pedro Martinez, Tafallako Joaquin Sola eta Xabierko Joaquin eta Dimas Aznar anaiak daude Erorien Monumentuko kriptan. Otxoak atzo azaldu zuen, hain justu, gizon horien senideekin harremanetan jartzen saiatzen ari direla gorpuak handik ateratzeko eskaera egin dezaten.

Administrazioan hamaika eskaera egin eta gero, bide hori «agortuta» dagoela uste du Munarrizek. Ondorioz, epaitegietara jotzeko aukera aztertzen ari da familia. Bideko Mitxingorria koordinakundeko kideek ere ez dute bide hori baztertzen. Argi dute Erorien Monumentuko kriptan egiten diren mezek eta han dauden ikur frankistek memoriaren legearen kontra egiten dutela: «Ez genuke elkarretaratzeak egiten eta mozioak aurkezten aritzeko beharrik izan behar».

Iruñeko Udalak eta Elizak oraingoz deus egin ez dutenez, lanean jarraitzeko asmoa berretsi dute memoriaren aldeko herrien koordinakundeko kideek. Uztailaren 18rako mobilizazioak iragarri dituzte. Otxoa: «Ikusteko dago Arartekoaren gomendioak zer bide izanen duen, edo artzapezpikutzatik erabakirik hartzen ote den».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©ENDIKA PORTILLO / @FOKU

Arartekoak neurriak eskatu ditu, andreekin diharduten ertzainak enpatiaz aritzeko

Maite Asensio Lozano Jone Arruabarrena

Gutxienez hiru ertzain zigortu ditu Segurtasun Sailak, emakumeei komisarian tratu desegokia emateagatik. «Praxi okerra» antzeman du Arartekoak ere
 ©BERRIA

«Hiriak ez daude prest klima aldaketari aurre egiteko»

Nagore Arin - Isabel Jaurena

Zenbait hiritan, martxan jartzen ari dira klima aldaketari aurre egiteko planak. Eredu horiek aztertuz egokitzapenaren kontzeptua definitu nahian dabil ikerlari talde bat, neurri zehatzagoak hartzeko.
 ©BERRIA
Eskisabel eta Bilbao, gaur, Eusko Legebiltzarrean ©Berria

Kontseiluak dio «euskara ardatz duen sistema» zer den zehaztu behar duela Hezkuntza Legeak

Irati Urdalleta Lete

Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egin du Hezkuntza Batzordean, eta jakinarazi du 33 ekarpen aurkeztu dituztela, «hizkuntzaren korapiloa askatzeko». Eskatu dute zehazteko euskara izango dela ikasteko eta irakasteko hizkuntza orokorra.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...