Piongiangek komunikazio zuzena berrezarri du Seulekin

Ipar Koreak erran du «delegazioak bidaltzeko aukera» eztabaidatu nahi duela. Bi aldeek ez dute harreman zuzenik izan azken bi urteotan

Hego Koreako funtzionario bat Ipar Korearako komunikazio linea probatzen, atzo, Panmunjom herrian. EFE.
mikel rodriguez
2018ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Ia bi urtez etenda egon ondoren, Ipar Koreak erabaki du Hego Korearekiko zuzeneko komunikazioa berreskuratzea. Mugako Panmunjom herri desmilitarizatuan 2016ko otsailera arte eduki zuten harremanetarako kanala berriz irekitzeko agindu du Kim Jong-un Ipar Koreako liderrak. «Buruzagitzaren erabakiei jarraituta, Hego Korearekin harreman hurbila edukiko dugu modu zintzo batean», jakinarazi zuen atzo Ri Son-gwon Ipar Koreak Hego Korearekiko auzietarako duen arduradunak telebistan. «Delegazioak bidaltzeko aukerak eztabaidatuko ditugu». Seulek herenegun proposatu zion Piongiangi heldu den asteartean zuzeneko elkarrizketak hastea.

Ipar Koreak ez dio eskaintza horri erantzun, baina, Kim lider gorenak Urteberriko mezuan adierazi zuenetik prest dagoela Hego Korearekin solas egiteko, bi aldeek pauso txikiak eman dituzte. Piongiangek atzo hartutako erabakia izan da, oraingoz, neurririk konkretuena. Hego Koreako Bateratze Ministerioak jakinarazi zuenez, iparraldeko ofizial batek Panmunjomgo kanalaren bidez deitu zuen hegoaldera, eta kanala egiaztatzeko auzi teknikoez mintzatu ziren. «Erabaki horrek posible egiten du edozein unetan komunikatu ahal izatea», adierazi zuen Moon Jae-in presidentearen bozeramaile Yoon Young-chanek.

Koreako gerra 1953an bukatu zen, bake hitzarmenik gabe. Ordutik, soilik armistizio bat dago indarrean. Bi estatuak gune desmilitarizatu batek banatzen ditu, eta hor dago Panmunjom herria. Elkarrizketak egiteko erabili izan dute, eta komunikazio linea zuzena 1971n ezarri zuten. 2016ko urtarrilean, Ipar Koreak adierazi zuen laugarren saio nuklearra egin zuela, eta handik hilabetera proba bat egin zuen irismen luzeko misil batekin. Tentsioa anitz handitu zen, eta, zigor gisara, Hego Koreak erabaki zuen bi estatuek mugan partekatzen zuten Kaesong gune industriala ixtea. Piongiangek horren ondoren eten zuen Panmunjomgo linea zuzena.

Orduz geroztik, harremanak erabat egin du okerrera. Ipar Koreak bertze bi saio nuklearren berri eman du —azkena, joan den irailean—, eta Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak zigor sorta batzuk ezarri dizkio bi urteotan —azkenak, duela bi aste—. Moon iazko maiatzean hautatu zuten Hego Koreako presidente, eta elkarrizketak hastearen aldeko jarrera hartu zuen, nahiz eta zehaztu Piongiangek saio nuklearrak eta misil jaurtiketak eten behar zituela.

Trumpen erretorika

Azken hilabeteotan tentsioa gori-gori egon da, ordea, bertzeak bertze Donald Trump AEBetako presidenteak erretorika gogorra erabili duelako Ipar Korearen aurka. Atzo bertan idatzi zuen txio bat, horren adierazle: «Kim Jong-un Ipar Koreako liderrak erran du botoi nuklearra mahai gainean duela beti. Haren erregimen akitu eta gosetu horretako inork erranen al dio nik ere badudala botoi nuklearra, baina berea baino anitzez handiagoa eta boteretsuagoa dela, eta nirea ongi dabilela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.