Literatura

Setiopean idatzitako poesia

Izet Sarajlic poetak lehen lerrotik ezagutu zituen Bosniako Gerra eta Sarajevoko setioa, eta, besteak beste, suntsipen horri idatzitako poemek egin zuten ezagun.

2002. urtean hil zen Izet Sarajlic filosofo, saiakeragile eta poeta, eta gehien itzuli den serbokroazierazko poetetariko bat da gaur egun. BERRIA.
Inigo Astiz
2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Duela hogeita hamar ordutik hona/ granadak/ euri zaizkigu alde guztietatik./ Haietako bat/ hegan pasa da orain/ poema honen gainetik./ Mrkoivicitik jaurti dute;/ maite dudan emakumearekin/ gerra aurrean bitxiloreak biltzen nituen lekutik». Erasopetik idatzi zituen Sarajevoren aurkako erasoei buruzko poemak Izet Sarajlic filosofo, saiakeragile eta poetak (Doboj, 1930-Sarajevo, 2002). Bazuen alde egiterik, baina, Bosniako gerra hasi eta bere kide intelektualek erbesterako bidea hartzen zutela ikustean, berak hirian gelditzea erabaki zuen, eta bertan geratu zen baita hiriaren aurkako setioak iraun zituen hiru urte, hamar hilabete, hiru aste eta hiru egunetan ere. Horregatik, bere testuak tiroz, leherketaz, hildakoz eta minez beteta daude, baina baita poesiaz gainezka ere. Egun, haren izena poeta eslaviar nagusien artean dago, serbokroazierazko idazlerik itzulienetariko bat ere bada, eta, besteak beste, gazteleraz, frantsesez, italieraz zein ingelesez irakur daitezke haren poemak. Heriotzaz gainera, poetak maitasuna darabil ahotan, suntsipenaren erdian. Heriotzaz gainera, eta heriotzarekin batera ere bai, maiz. «Hil egiten gara./ Ikaragarri azkar hiltzen gara/ eta ikaragarri gaizki/ hiri honetan/ mende amaieran, amodioaren amaieran».

Sarajevori lotuta daude Sarajlicen biografia eta literatura, baina, jaio, hiriburutik iparraldera dagoen Doboj hirian jaio zen. Handik Trebinjera joan zen familiarekin, handik Dubrovnikera gero, eta 1945ean heldu zen, azkenik, Sarajevora. Bost anai-arreben arteko gazteena zen Sarajlic, eta Europako historiarekin lotuta dago haren familiaren historia ere. Ume zela, gaixotasunak hil zuen haren anaia bat, eta fusilatuta hil zuten bestea, 1942an. Eso Sarajlic anaiarik zaharrena Jugoslaviako Gaztedi Komunistetako kide zen, eta Benito Mussoliniren atorra beltzek harrapatu eta hil zuten. Heriotza hark marka sakona utzi zuen idazlearengan, eta behin baino gehiagotan aipatzen du gertakari hura bere poemetan.

19 urte zituela kaleratu zuen lehen poema liburua, eta 30 bilduma inguru argitaratu zituen hil artean. Ezinbestekoa izan zen haren ekarpena, esaterako, 50eko hamarkadako serbokroazierazko poesian, eta ate berriak ireki zituen haren estilo lau eta ia narratiboak. «Ahozko hizkera txertatu zuen poesia jugoslaviarrean». Horrela laburbiltzen du haren ekarpena Fernando Valverde itzultzaile espainiarrak Sarajevo izenburuko antologian. «Ezinbestekoa izango zuen adierazpide ia prosazko hori bere egiteko nagusia bete ahal izateko; izan ere, berak hala nahi gabe eta tamalez, Sarajevo setiatuko ahots nagusi bilakatuko zen, eta baita Bosniako Gerraren lekukotza eskainiko zuen poeta ere».

Maupassanten garaikide

Laburraren laburrez eta biluziaren biluziz, haren testuek epigrama klasikoen aire bat hartzen dute batzuetan, eta zenbaitetan umorez ere murgiltzen da humanismorik erabatekoenean. Hori da, esaterako, 1983an idatzitako Irristaldia poemaren kasua. Mekanografoan data idazterakoan erratu, eta, 1983 idatzi beharrean, 1893 idazten du poetak, eta txikikeria horretatik abiatuta heltzen da poema amaierako errealitate leherketara. «Ederra izan zen zigarreta Maupassant, Daudet, Wilde, Jose Marti, Fridtjof Nansen, Pasteur, Txaikovskiren garaikide piztea./ Gero egongelara sartu nintzen telebistan albistegiak ikustera./ Pershing misil klaseren bati buruz ari ziren hizketan eta bonba nuklearrekin egindako saiakera berriei buruz./ Ez nuen ezer ulertu!».

Kazetari ere izan zen denbora batez, baina ikasketak bukatu eta gutxira hasi zen unibertsitateko irakasle lanetan. Asko izan ziren aholku bila hurbildu zitzaizkion poetagai gazteak, eta lehen poemak idazten hasi besterik egin ez zen mutil bat nabarmendu daiteke haien artean: Radovan Karadzic. Poesiak beharrean, urteek aurrera egin ahala, Sarajevoren aurkako setioa gidatu izanak eta Srebrenicako sarraskien buru izateak bilakatuko zuten ezagun, baina gazte zela poesiak batu zituen Sarajlic eta Karadzic. Poetari bereziki etsigarria egin zitzaion, ordea, kide izan zuen lagunaren bilakaera.

Ilunpetan errezitatzen

Erri De Luca idazleak ilunpetan gogoratzen du Sarajlic, herrikideei bere poemak buruz errezitatzen, setio garaian, elektrizitaterik gabe geratutako hirian. De Lucak sasoi hartan idatzitako Agurren liburua nabarmentzen du Después de mil balas gaztelerazko antologiarako idatzitako hitzaurrean. «Poema horietako batean, granadek hustutako kale bat agurtzen du, beste batean pasatzeari utzi dion tranbia bat. Gerra batean, poeta Noe moduko bat da, bere paperezko itsasontzian pertsona eta leku sorta bat biltzen, euriteaz babesten, eta gerraosteko lur idorretan jaitsarazten».

Sarajlicek XX. mendekotzat zuen bere burua, eta, 1998an, haren emazte Ida Kalasen heriotzaren ostean ere, epilogo moduko batean sentitzen zen. 2002an hil zen, ezinbestean, Sarajevon bertan. Hil osterako, bere poemetariko batean idatzita utzi zuen aski zela tragediez urrun mantenduko litzatekeen kale arrunt bat. «Gure gaztaroko hirian nabil paseoan,/ eta nire izena izango duen kale baten bila./ Kale handiak, zaratatsuak,/ historiako izen handientzat uzten ditut./ Zertan nenbilen ni historia egiten zen bitartean?/ Zu maitatzen, besterik gabe./ Kale txiki baten bila nabil, xumea, ohikoa,/ zeinetan, inoren arretarik piztu gabe,/ paseoan ibiliko baikara, baita heriotzaren ostean ere./Ez da ezinbestekoa paisaia ederra izatea,/ eta ez du zertan txoririk eduki ere./ Arriskuan den edozein gizon edo txakurrek/ bertan babes hartu ahal izatea da garrantzitsuena./ Ederra litzateke harriztatuta balego,/ baina hori ere ez da nahitaezkoa./ Garrantzitsuena da/ nire izena daraman kalean/ inori zoritxarrik ez gertatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.