Literatura

Irak ehun urte barru

Hassan Blasimek Irakeko hainbat idazleri eskatu zien irudikatzeko zer itxura izango zuten hango hiriek inbasioa gertatu eta mende batera. 'Irak + 100' da emaitza.

Hassan Blasim idazleak Irak + 100 zientzia fikziozko ipuinen bilduma osatu zuen: lehena Irakeko literatura modernoan. BERRIA.
2018ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Zer-nolako itxura izango du zure hiriak 2103an, hau da, Ameriketako Estatu Batuek eta Erresuma Batuak bultzaturiko Iraken zorigaiztoko inbasioa gertatu eta ehun urtera? Zer aztarna utziko ditu gerrak herrialdearen berregituraketan: politikan, erlijioan, hizkuntzan eta kulturan? Nola gaindituko du kaosa, eta nola eutsiko bakeari ehun urte barru? 2013. urte amaieran, Iraken inbasioa jazo eta urtebetera, galdera horiek egin zizkien Hassan Blasimek (Bagdad, Irak, 1973) bere herrialdeko zenbait idazleri. Helburua Irak + 100 (2016) osatzea zen, hots, zientzia fikziozko ipuinen bilduma bat;Irakeko literatura modernoan lehena. Hasieran, proiektuari ero iritzi, eta ezezko borobilak besterik ez zuela jasoko uste zuen Kristo irakiarra-ren egileak (Al Masih al-iraqi, 2012; Ana Moralesek egina da euskarazko itzulpena, 2017). Pisuzko arrazoia zuen Blasimek hala pentsatzeko: zientzia fikzioa ez da maiz landu Iraken, ez eta gainerako arabiar herrialdeetan ere.

Oro har, ez da genero aniztasun handirik egon Irakeko letra modernoetan. Urteetan diskurtso erlijiosoari erakutsitako menpekotasunaren ondorioz, formari lotuegi egon da literatura. Mendebaldeko kapitalismoaren interesei lagundu zien horrek diktaduraren garaian.

Mustafa Najjar kazetariak azaldu duenez, «idazle arabiarrek etorkizunari heltzeko duten erreparoa misterio handi bat da». Haren ustez, «sormen arabiarra zorrotz mugatzen duten jazarpenak eta zentsurak testuinguru aparta» eskaintzen dute etorkizunaren inguruan idazteko, eta, haren bidez, iraganean zein orainean pisu handia duten «tabuei» heltzeko. Azken batean, zientzia fikziorik onena, «aurreikusi nahi duen etorkizunaz baino gehiago, idatzia den testuinguruari buruz» mintzo zaigu.

Zientzia fikzioa berez ez zaio arrotza arabiar literaturari. Maiz aipatu izan da haren jatorria Mila eta bat gau eta Hayy ibn Yaqzan —XII. mendean Ibn Tufailek idatzitako nobela esperimentala— lanetan dagoela. Batzuek, Adnan al-Murabak idazle irakiarrak haien artean, uste dute mende batzuk lehenago sortu zela; sumeriarren garaian, hain zuzen. Lurralde ezezagunetara zein beste planetetara egindako bidaiak hizpide dituzten lehen idatziak literatura sumeriarraren parte dira: Gilgamexen epopeia, esaterako.

Blasimen arabera, Mendebaldean XIX. mende erdialdetik aurrera zientziak izandako bilakaera jasotzeko aukera izan duelako dauka zientzia fikzioak gaur egun daukan tokia. Teknologiari dagokionez, ezin da esan garai hori bera —mamelukoen sultanerriak eta jauntxo otomandarren itzulerak markatua— hazkunde garaia izan zenik Irakeko herritarrentzat. Hain zuzen, batzuek esango lukete mende batzuk lehenago gertatu zela irakiar zientzien egunsentia, baita kultur somenarena ere: abbastarren kalifaldiaren amaieran.

Zientziaren eta filosofiaren erdigune izandako Bagdadek behea jo zuen inbaditzaileen eraginez. 1258an, mongolen buruzagi Hulaguk su eman zion Jakintzaren Etxea esaten zitzaion liburutegiari. Liburutegi horretan bertan asmatu zituzten algebra eta puntu hamartarra Al-Khwarizmik eta Sind ibn Alik, hurrenez hurren, eta Ya'kub ibn Tarikek lehen aldiz kalkulatu zituen lurraren erradioa eta planeta batzuena. Nahita suntsitu zituzten filosofia, zientzia, gizarte zein literatura arloetan mendeetako jakintza biltzen zuten liburuak.

Erre ez zen guztia Tigris eta Eufrates ibaietara bota zuten. Diotenez, Eufratesen urak urdin ilun koloreko egon ziren hainbat egunez, liburuen tintaren ondorioz.

Egungo dramaren aztarnak

Denbora igaro zen arren, Irakek nekez gainditu zituen mongolek eragindako kalte material etaez materialak. Eta mende batzuk geroago, Hulagu estatuba- tuarrak, George W. Bushek alegia, Bagdad suntsitu zuen berriro ere. Erresuma Batuko garai hartako lehen ministro Tony Blairren laguntzarekin, ehunka irakiar hil eta museoak arpilatu zituen.

Espero ez bezalakoa izan zen Blasimek jaso zuen erantzuna. Bederatzi idazlek Irak+ 100 bildumarako ipuin bana idatziko zutela agindu zioten. Liburuak, beraz, hamar ipuin ditu guztira, Blasimek berak idatzitakoa barne. Istorioetan azaltzen diren hiriak —Bagdad, Basora, Ramadi, Mosul, Sulaimaniya, Najaf— oso ezberdinak dira, errealitatean zein fikzioan, baina gaur egungo Irak jasaten ari den tragediaren aztarnak antzeman daitezke haietan guztietan.

Istorioetan, behin baino gehiago azaltzen dira erlijio zein buruzagi boteretsuenganako mesfidantza, Estatu Islamikoaren tankerako talde terroristen ugalketa—kristau zein musulman— eta saldukeria eta historiaren galera —gobernuaren ekintzek bultzatuta zein iraupen mekanismo gisa—. Protagonistak denboran bidaiatu dezaketen aingeruak dira, teknologiari beldurra dioten diktadoreak eta hitz egin dezaketen eskulturak, besteak beste.

Oro har, hemendik ehun urtera Irak —eta aldi berean haren nemesi AEBak— izango denaren erretratu iluna eskaintzen dute ipuinek, non muturreko ideologiak espazio publikoaren jaun eta jabe diren. Hala ere, hain urruna ez dirudien etorkizunaren mehatxuak mehatxu, herrialdea berreraikitzeko nahia nagusitzen da ipuin guztietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.