Ipuin amaieren zirujaua

Ehun urte dira aurten Roald Dahl idazlea jaio zenetik. Istripuz hasi zen bere testuak argitaratzen, baina ipuingintzan eta haur literaturan maisutzat jotzen da egun.

Inigo Astiz
2016ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Oso lausoa da makabroaren eta algararen arteko muga». Baina, hain zuzen ere, bi muturren arteko soka fin horren gainean ibiltzen izan zen maisu Roald Dahl idazle galestarra (Llandaff, Gales - Great Missenden, Ingalaterra, 1990). Ipuingile, nobelagile, gidoigile eta poeta, haur literaturaren gailurtzat jotzen dira bere lanetariko asko, eta imajinario kolektiboaren parte dira jada Charlie eta txokolate lantegia, Erraldoi on miragarria, Matilda eta Gremlins-ak. Aurten beteko dira 100 urte jaio zenetik, eta haren lana omentzeko baliatuko dute urteurrena haren sorterrian. Heldu zein umeentzat idatzi, ordea, algararen eta ezinegonaren arteko lerro horretan dabil beti haren luma funanbulismoan. Tales of the unexpected bere helduentzako ipuin bilduma ezagunenean bildutako kontakizun baten haria erabili zuen idazleak aipatutako muga horren lausotasuna ilustratzeko. «Emakume bat maitemintzen bada gizon batekin eta konturatzen bada gauza zikinak egiten ibili dela beste emakume batzuekin, eta objektu sendoren batekin jo eta hiltzen badu, hori tragedia bat da. Baina emakumeak eskuan duena arkume hanka izoztu bat bada eta gizona horrekin jo eta horrekin hiltzen badu, jendea irri txikian hasten da, eta orduan bildots hanka hori labean sartu, kozinatu eta gizona hil duen armaren bila etorritako detektibeei jateko ematen badie, orduan hori komikoa da. Oso lausoa da muga».

Hegazkin istripu bat dago Dahlen idazle bizitzaren sorburuan. Izan ere, eskolak bukatzean oraindik ere britainiar kolonia zen Afrika ekialdeko Tanganyikara joan zen lanera Shell konpainiarentzat, eta II. Mundu Gerra hastean han sartu zen Britainia Handiko armadan. Hegazkin pilotu egin zen, baina, behartutako lurreratze batean istripua izan, eta sudurra txikitu eta itsu geratu zen hainbat hilabetez. Eta, hain zuzen ere, gertakari horretan oinarritutako kontakizun bat izan zen haren lehen argitalpena: Shot down over Lybia.

Istripuz heldu zen argitalpena ere, zeren, nahiz eta irakurle porrokatua izan, Dahlek ez baitzuen idazle izateko asmo handirik, harik eta egun batez C.S. Forester idazlea lantokira azaldu zitzaion arte. Washingtonen zegoen ordurako Dahl, armadak hara bidalita. AEBetako gobernua gerran parte hartzera bultzatzen laguntzea zen bere misioa, eta han azaldu zitzaion Forester. Gerrari buruzko kontakizunak idazten zebilen hura ordurako prentsan, eta inspirazio bila joan zen Dahlen lantokira: gerran ibilitakoen bizipen zuzenak bildu nahi zituen. Eta elkarrizketetan zehatz gogoratzen zuen momentu hura galestarrak: «Bazkaltzera eraman ninduen, eta ahatea jan bitartean hasi zen oharrak hartzen».Ezin aldi berean eroso jan eta idatzi, ordea, eta idazleari hegazkin istripuari buruzko oharrak idatziz bidaltzeko eskaintza egin zion horregatik Dahlek, eta onartu Foresterrek. Harrituta geratu zen galestarraren oharrak irakurtzean. «Bazenekien idazlea zinela? Ez dut hitz bakarra ere ukitu. Bidali dut Saturday Evening Post-era, eta argitaratu egin dute, eta zuk idatzitako besterik badago nahi dutela esan didate». Dahl soldaduaren oroitzapen artetik sortu zen Dahlidazlea, beraz.

Konstante bat da bizipenen erabilera hori idazlearen ibilbide osoan. Neurri batean, haur zela eskolan jasotako jipoi eta irainak ditu oinarri Matilda lanak, adibidez. Igar daitezke eskola alboan zuen txokolate dendaren inguruko liluraren arrastoak Charlie eta txokolate lantegia-n, esaterako. Nagusiki autobiografikoak dira Boy eta Bakarka hegal egiten liburuak. Eta gerran bizitakoarekin lotuta daude, era berean, Disneyk erositako haren lehen eleberriko gremlin izeneko izakiak; izan ere, Dahlek hainbat elkarrizketatan zehaztu zuenez, hegazkinek kalteren bat jasaten zutenean errudunak gremlinak izaten zirela esaten zuten bere pilotu taldean.

Irakurlea hasieratik harrapatu, eta espero gabeko amaiera eskaini. Bi ideia horietan sinplifika daiteke Dahlek helduentzat idatzitako ipuinen klabea, baina formula hori muturreraino zorrozten asmatu izanak bilakatu du generoaren erreferentzietariko bat. Zirujaua da hor. Euskaraz ere badaude horregatik haren kontakizunak Luis Berrizbeitiak itzulitako Ixtorio hautatuak bilduman (Elkar). Izan ere, haur literaturan egindako lanagatik bezain ezaguna da ipuingintzagatik Dahl. Baina argia zen haren iritzia. «Idazle batentzako aukerarik zailena da haur literatura idaztea, eta baiezta dezaket hori, bestelako liburuak ere egin ditudalako».

Kartoizko zilindro bat

Erreferentziazkoa da Dahl haur literaturan, eta euskaraz irakur daitezkeen Dahlen haur kontakizun eta eleberriek ematen dute haren itzalaren neurria. Zerrenda dira, izan ere, itzulpenak. Juan Mari Sarasolaren 1984ko bertsioan irakur daiteke, adibidez, Charlie eta txokolate lantegia, baina baita Agurtzane Ortiz de Landaluzek egindako 1994koan ere (Alfaguara). Ortiz de Lanzaluzek itzuli zuen Matilda ere (Alfaguara). 1989an argitaratu zuen Erraldoi on miragarria Joan Mari Irigoienek (Erein), eta hark itzulita irakur daiteke Georgeren medizina miragarria (Erein) ere. Super azeri itzuli zuen Mikel Garmendiak, Hatz magikoa Joseba Ossak eta Xabier Monasteriok, eta euskaraz daude haren bi lan autobiografikoenak ere (Boy eta Bakarka hegal egiten), eta euskaraz dago 2001az geroztik ipuin tradizionalak irauliz sortutako Errima errebeldeak poesia liburu jostaria ere, Joseba Santxoren itzulpenean (Zubia). Eta badira gehiago ere.

Ez da kasualitatea. Gutxi izango dira Dahlek besteko arrakasta lortutako idazleak. Horregatik moldatu dituzte haren lanetariko asko zinema edo telebistarako, eta horregatik jarraitzen dute haren liburu salmentek handitzen hil zenetik 25 urte betetzear direla. Nabarmena da kontrastea, ordea, oihartzun horren eta idazlearen sortetxeko museoan ikus daitekeen idazmahaiaren artean. Mutur batean, salmenta zenbakiak, eta, beste muturrean, zenbaki horien sorgunea. Besaulki marroi xume bat baino ez, idazleak berak sortutako alderik aldeko kartoizko zilindro batekin, gainean idazleak eskuz moztutako taulatxo ahul bat duela. Hor ere has daiteke literaturaren gailurrerako bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.