Koronabirusa

Beste 499 kasu Hegoaldean: arduraz jokatzeko eskatu dute agintariek

Jaurlaritzako agintariek eta hiriburuetako alkateek iragarri dute neurri zorrotzagoak hartzeko prest daudela. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan ostegunean baino 30 gaixo gehiago daude

Adineko batzuk paseoan, Bizkaiko zahar etxe batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Olatz Esteban Ezkati.
2020ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Azken astea konfinamendu osteko asterik beltzena izan da positiboei dagokienez. Abuztuaren 4tik 10era, ia 3.000 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian: 2.914 izan dira. Aste hasieran, eguneko 200 eta 300 kasu bitartean atzeman zituzten; aste amaierarako, ordea, aise gainditu da 400 eta 500 kutsaturen langa ere: azken orduetan 499 izan dira positiboak. Datuok ikusita, agintariek argi utzi dute arau berriak etorriko direla: Iñigo Urkullu Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak larunbatean iragarri zuen bide beretik jarraituz gero neurri zorrotzagoak etorriko direla; tartean etxeratze agindua aipatu zuen. Atzo, Arantxa Tapia Jaurlaritzako Industria sailburuak berretsi egin zuen Urkulluren asmoa: Eusko Jaurlaritza neurri zorrotzagoak ezartzea aztertzen ari da eta «aukeretako bat» izan daiteke etxeratze agindua. Ez dute argitu, ordea, neurri horiek zeintzuk izango diren, ezta noiz hartuko dituzten ere. Halere, Tapiak errefusatu egin du konfinamendua ezartzeko ideia.

Jaurlaritzako bozeramaileak, baina, ez dira neurri horien alde agertu diren agintari bakarrak. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak ere antzera hitz egin du Onda Cero irratian: «Ez dut dudarik egingo neurri murriztaileagoak hartzeko». Izan ere, Txibiteri egoera «alertan egoteko modukoa» iruditzen zaio. Enrique Maia Iruñeko alkateak jakinarazi du kalearen erabilera mugatzea pentsatzen ari direla. Bereziki kezkaturik agertu da Maia kalean edanean aritzen direnekin. Izan ere, hiriko Udaltzaingoek salaketa jarri diete horrexegatik 30 pertsonari asteburuan. Alkateak esan du «gertatu behar ez luketen gauzak» gertatzen direla kalean, eta ez dela nahikoa kaleko zurruta 02:00etatik 06:00etara mugatzea. Debeku «irmoago» bat eskatu du: «Gehiegi dugu jokoan oraintxe».

Gorka Urtaran Gasteizko alkatea ere prest agertu da, behar izanez gero, neurriak indartzeko, eta etxeratze agindua ere aipatu du. COVID-19aren kutsatzeak eteteko, arduraz jokatzeko eskatu die alkateak herritarrei, eta adierazi du ez duela baztertzen etxeratze agindua ezartzeko ideia, «unea iritsiko balitz». Urtaranentzat «ongi etorriak eta beharrezkoak» dira osasun egoera normaltzeko harturiko neurri guztiak. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok ere izan du hizpide gaitzaren egoera, eta nabarmendu du ez dela inolako bilkura sozialik «sustatu» behar: «Arduratsuak izan behar dugu; gure osasuna jokoan dago, eta baita gainerakoena ere». Aburtok nabarmendu du horretarako ezinbestekoa dela osasun neurriak behar bezala betetzea.

Jende gehiago ospitaleetan

Hego Euskal Herriko ospitaleetara COVID-19 gaitza duten gero eta eri gehiago sartzen ari dira: oraintxe, 138 pertsona daude erietxeetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, bereziki igo dira ospitaleratuen kopuruak egun gutxian: ostegunean, 60 pertsona zeuden ospitalean gaitzarengatik, eta orain, 90 dira. Nafarroan, berriz, egonkorragoa da erietxeen egoera. Ostegunean 43 gaixo zeuden ospitalean birusaren ondorioz, eta orain 48 dira. Azken orduetan, hemeretzi pertsona ospitaleratu behar izan dituzte Hego Euskal Herriko ospitaleetan, eta hamar pertsona zaintza intentsiboetako unitateetan daude.

Goranzko joeran daude oraindik kutsatzeen datuak Hego Euskal Herrian: 499 kasuren berri eman dute azken zenbaketetan, atzo baino 68 gehiago. Beste egun batez, Bizkaian detektatu dituzte positibo gehien, baina aurreko egunetan baino kutsatze gutxiago izan dira: 211 azken orduetan; 37 gutxiago. Araban eta Gipuzkoan, berriz, kasu gehiago atzeman dituzte. Araban, 75 positibo izan dira, atzo baino 25 gehiago; eta Gipuzkoan 64, atzo baino 21 gehiago. Eusko Jaurlaritzak ere jakinarazi du erkidegotik kanpo hamar kasu atzeman dituztela. Nafarroan, berriz, 146 kasu baieztatu dituzte, aurreko egunean baino 57 gehiago. Nafarroa Beherean ere hainbat kasu atzeman dituztela jakinarazi dute tokiko iturriek, Sud Ouest kazetaren arabera. Hiru pertsonak positibo eman dute Ortzaizen: familiako kideak dira hirurak, eta dantza talde bateko kide dira horietako bi. Hain zuzen ere, kabalkada prestatzen zebilen dantza taldea, eta probak egingo dizkiete lantaldea osatzen duten 60 pertsona ingururi. Positibo eman duten hirurek konfinaturik egon beharko dute, baina dantza taldeko gainerako kideek ez dute bakartzerik egin beharko. Halere, bertan behera utzi dituzte entseguak bi astez, birusaren inkubazio aldia igaro arte.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bost oldarraldi aktibo daude tabernekin lotuta oraintxe, eta PCR proba masiboak egiten ari dira osasun langileak. Araban daude oldarraldietako hiru. Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, 142 PCR test egin dizkiete azken orduetan Aguraingo Kokolo tabernan izan zirenei, eta horietako hiruk positibo eman dute. Guztira bost dira agerraldi horrekin lotuta atzeman dituzten kutsatzeak, larunbatean beste hiru kasu detektatu baitzituzten egin zituzten 142 testetan. Gasteizko Kilimanjaro diskotekan izan ziren 27 pertsonari ere egin diete proba, eta horietako batek positibo eman du. Beste 492 test egin dizkiete Arabako hiriburuko Xixilu jatetxean egon zirenei, eta hamar kasu atzeman dituzte. Donostian ere probak egin dizkiete Gros auzoko Ramuntxo Berri tabernan egon zirenei. Orain arte, 1.431 PCR proba egin dituzte osasun langileek, eta 22 kasu atzeman dituzte. Galdakaoko Ospitalean 1.161 PCR proba egin dituzte Muguru tabernako bezeroen artean, eta sei positibo izan dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.