Protestak herrialde arabiarretan. Ahmed Rageb. Giza eskubideen ekintzailea eta abokatua

«Egin dituzten urratsek ez dute bermatzen demokrazia ezartzea»

Mubaraken erregimenak bizitzako eremu guztiak kontrolpean izan ditu, eta haren agintepean milaka lagunek ezagutu dute kartzela eta tortura ideia politikoengatik.

KRISTINA BERASAIN.
Kristina Berasain Tristan.
Kairo
2011ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Paperez, liburuz eta hautsez beteta dauka bulegoa Ahmed Ragebek (Kairo, 1980). Hosni Mubarakekin zerikusirik ez dutela eta erakunde independentea direla dio ironiaz. Ezen HMLC Hisham Mubarak Zentro Juridikoak giza eskubideen ekintzaile baten izena darama; 35 urte zituela hil zen, bihotzekoak jota, eta haren omenez ezarri zioten izen hori erakundeari—30 erakundez dago osatuta egun—. Rageb da zuzendaria, eta giza eskubideen ekintzailea izateaz gain, abokatua ere bada. Tahrir plazan zegoen otsailaren 3an poliziak eta zerbitzu sekretuak erakundearen egoitzara sartu zirenean. Gerturatzen ari zela auzokoek ohartarazi zuten. Baraka duela dio, zortea duela azaltzeko, kartzelan bitan baino ez dela egon.

Zer gertatu zen arratsalde hartan?

Hemen zeuden guztiak atxilotu zituzten, 30 orotara; Human Rights Watch eta Amnesty Internationaleko hiru ordezkari tartean. Gure erakundeko sortzailea eta nire beste lau lankide ere eraman zituzten. Gainontzekoak gurekin boluntario gisa aritzen diren lagunak ziren.Ordenagailu guztiak ere eraman zituzten. Bi egunez izan zituzten preso, bilurrak eskuetan ipinita; ez dituzte torturatu, torturen lekuko izan dira.

Jasota al dituzue torturen testigantza gehiago?

Bai, herri honetako kartzela eta polizia etxeetan ohiko praktika da hori; orain bereziki preso palestinarrak torturatzen ari direla jakin dugu. Askotariko tortura motak baliatzen dituzte; elektrodoak, kolpeak, loa ukatzea, sexu bortxaketak... Galdeketak oso latzak izaten dira, eta mehatxuak etengabeak.

Zein datu zehatz dituzue protestetan hildako, zauritu eta atxilotutakoen inguruan?

Baieztatu ditugun hildakoak 250 dira, baina mila ere izan daitezkeela uste dugu. Amorruaren egunean, otsailaren 28an, 50 lagun atxilotu zituzten, eta aurretik, beste mila. Horietatik zenbat askatu dituzten ez dakigu zehazki. Atxilotu edo desagertuta dauden 88 lagunen zerrenda bat osatu dugu. Zauritutakoak 1.700 dira. Dena ikertzeari ekin diogu, eta datu guztiak dokumentatzen ari gara, baina lanez gainezka gaude; egun gutxi pasatu dira, eta herrialde osoko gertaerak ikertzen ari gara, ez soilik Kairokoak.

Robert Fisk kazetariak salatu du kaleko umeak ere hil zituztela. Zer dakizu horretaz?

Ez dugu horren berri; akaso horrela izan da, baina ume horiek ez dute euren heriotza salatuko duen inor, kaleetan musuzapiak saltzen aritzen dira. Bakarrik dakigu hildakoen artean adingabeak ere badirela.

Salbuespen Legeak elkartzeko eskubidea debekatzen du. Nola egiten duzue lan baldintza horietan?

Lege horrek dio bost lagun baino gehiago ezin direla elkartu, beraz, pentsa, 30 erakundeko ordezkariak biltzeko nola ibiltzen gara. Legea bertan behera uztea aldarrikatu dugu beti, erregimenarekin eta orain. Herritarrek manifestatzeko eskubidea izan behar dute, adierazpen askatasuna ere urratuta daukate, eta poliziek edozein pertsona atxilotu dezakete inongo argudiorik gabe.

Nola laburbilduko zenuke 30 urteko diktadura giza eskubideen urraketari dagokionez?

Mubaraken diktadura sistema polizial batean egon da oinarrituta; milioi bat lagun daude polizian, eta bizitzaren eremu guztiak izan dituzte kontrolpean beldurraren diktadura bat sortzeko. Diktadura hasi eta gaur egunera arte 15.000 eta 60.000 preso politiko artean egon dira Egipton. Erregimenaren kontrako ideiak agertzea aski da kartzelara joateko, eta inoiz ez dakizu noiz askatuko zaituzten, ezta askatuko zaituzten ere. Giza eskubideak alor guztietan urratu dira, bai maila politikoan bai sozialean. Jazarpena itzela izan da 1952tik. Militarrak egon dira beti agintean; oinarrizko beharrak asetzen saitu dira trukean gizarte zibila politikan sartu ez zedin, baina azken garaiotan oinarrizko behar horiek ere ez dituzte asetu. Eta orain oinarrizko beharrik gabe eta eskubide politikorik gabe bizi dira egiptoarrak.

Justiziaren babesa ere ez dute izan, ezta?

Ez dago justiziaren bermerik. Mubaraken apetara egin izan dira gauzak orain arte, eta etorkizuna ikusteke dago, oraindik ez baitakigu noiz amaituko den erregimen hau.

Ez al duzu konfiantzarik armadak egin dituen urratsetan?

Armadako Kontseilu Gorenaren eskuetan dago oraindik ere boterea eta trantsizioko gobernuan erregimenaren aurpegiak. Nire ustez, egin dituzten urratsak urriak dira, eta ez dute bermatzen iraultzaren garaipena, ezta demokrazia ezartzea ere.

Khaled Saiden heriotza iraultzaren abiapuntua izan zela diote herritarrek. Hori uste al duzu?

Egiptoarrek 2005an ekin zioten euren eskubideak aldarrikatzeari; Malhala hiriko ehungintzako langileek apirilean egindako protestak mugarri bat izan ziren; 2007. urtean 580 greba egin ziren herrialdean, eta kopuru hori handituz joan da. Khaled Saiden heriotza beste mugarri bat izan da. Berrikuntza orain da maila guztietako herritarrak bildu direla eta eragileak ere borrokan ari direla. Indar metaketa erabakigarria izan da iraultzarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.