Albistea entzun

KRITIKA. Antzerkia

Txorien intimitatea

Agus Perez -

2022ko azaroak 1

'Batetik bestera'

Konpainia: Benetan Be. Testua eta zuzendaritza artistikoa: Patricia Urrutia. Zuzendaritza: Elena Olivieri. Musika: Asier Ituarte. Eszenografia eta jantziak: Amaia Garate Olano. Txotxongiloak: Maia Skovush. Argiak: Edu Berja. Jantziak: Nati Ortiz de Zarate. Antzezleak: Juanjo Otero, Patricia Urrutia, Jon Zumelaga. Lekua: Durangoko San Agustin kulturgunea. Eguna: Urriak 30. 27.

Batetik bestera doaz hegaztiak, eta ideia horrekin bataiatu du Benetan Be konpainiak bere azken sorkuntza, oraingo honetan umeentzat bereziki egina dena, helduok harekin asko gozatu dugun arren.

Txoriei eta hegaztiei begira egotea gustatzen zaigu gizakioi, eta batzuk hezeguneetara joan ohi dira prismatikoak hartuta, haiek direlako hegaztien migrazioetarako atseden gune garrantzitsuak. Horrela agertu zaizkigu antzezlan honetako hiru giza protagonistak, prismatiko pare banarekin haietariko bakoitza eta kanabera batzuen artean ezkutaturik.

Benetako protagonistak, ordea, hegaztiak izan dira, eta haietan ubarroia eta arrano arrantzalea izan dira nagusiak, halako batean hegan ez dakien mozolo-txita bat agertu den arte. Ikusleen gozamenerako, beste hegazti batzuk ere agertu dira —kaioak, mokozabala…— eta bereziki kaioen txotxongiloekin izandako eszenak benetan dibertigarriak suertatu dira euren ahotsak giza hizkerara egokitzeko eragatik eta esaten zutenari zerion satira finagatik.

Eszenaratzeari dagokionez, kanaberadi txikia albo batean, arroka batzuk erdigunean eta kaioen agertokia ezkerrean, horiek izan dira elementu bakarrak baina nahikoak eta ondo definituak. Haiekin batera, argien diseinu landuak asko egin du koadroak girotzeko eta eszena batzuk dramatismoz, misterioz eta, kasuan kasu, umorez janzteko. Jantzien diseinua eta soinu-girotzea ere bide beretik joan dira, eta kanta batzuekin alaitu da noizean behin kontakizun beti baikorra.

Hala ere, orain arte esandako guztia umeentzako edozein obratan aurkitu dezakegu, baina oraingo honetan badago zerbait, desberdin egiten duena. Zer ote da, ordea? Agian, umeen munduan konplexurik gabe eta moralismorik gabe sartu izana, freskotasun osoz, ez ustezko freskotasun artifizial baten bidez. Agian, hain agerikoa izatea hegazti haien atzean benetako pertsona helduak zeudela, euren artean jolasten eta ederto pasatzen umezaroan bezala jolas inuzente haiekin, non gura genituen jakiak eta gauzak ez ziren errealitatean existitu behar, geure irudimenean baizik.

Eta seguruenik, bere pisu positiboa ere eduki du argumentu zehatzik ez izateak, eta gauza batetik bestera nahieran ibiltzea, ume-jolasetan bezala, orain hau gustatzen zaigulako eta orain beste gauza bat, kontakizun arautu baten kateei lotuta egon barik. Eta seguruenik ere, funtsezkoa izan da hegaztien izaeran —euren nahi eta balizko kezketan— hain ondo eta lotsagabe sartu izana. Ez da erraza, gero, kontu horietan asmatzea eta tonu horri emanaldian zehar eustea, baina lortu egin dute eta aretoa betetzen zuten umeek eta gurasoek bihotzez eskertu dute proposamena.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Larunbatean hasiko da <em>Bizirik</em> lanaren aurkezpen bira, Donostiako Dabadaba aretoan. ©BENGO

Norbere burua barkatu artean

Uxue Rey Gorraiz

Aitor Bengoetxea 'Bengo' musikariak lehenengo lan luzea eman du: 'Bizirik'. Zortzi kantu bildu ditu; hiru kolaborazio tartean. Larunbatean hasiko du kontzertu bira, Donostian
Inauteri giroan murgilduko du herria festibalak. ©GUILLAUME FAUVEAU

Inauterietako dantzak eta musika batuko ditu Hartzaro festibalak

Erredakzioa

Otsailaren 10etik 21era egingo dute Uztaritzeko jaialdia, udaberriari ongietorria emateko asmoz
Rakel Esparza, Juan Mari Aburto, Fernando Perez eta Barbara Epalza, gaur goizean, Bilboko Azkuna Zentroan, urteko programazioa aurkezten. ©AZKUNA ZENTROA

Zortzi erakusketa hartuko ditu aurten Bilboko Azkuna zentroak

Olatz Enzunza Mallona

Erakusketez gainera, beste 200 jarduera baino gehiago programatu dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...