Literatura

Arinki hartutako seriotasuna

Eztentsua eta bizia da Muriel Spark idazle eskoziarraren prosa, eta aurten ekitaldi sorta bat antolatu dute haren omenez, jaio zenetik ehun urte bete direla eta.

Inigo Astiz
2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Azken hamarkadetan laguntzaile izan zuen Penelope Jardine lagun minari kasu egitera, urtebete luzez buruan bueltaka ibili eta gero, hasi eta buka, oldarraldi moduko batean murgildurik azkar batean idatzi ohi zituen bere eleberri gehientsuenak Muriel Spark idazleak (Edinburgo, 1918 - Oliveto, Italia, 2006), eta nahikoa da haren prosa bizi eta eztentsuari irakurketa bizkor bat eskaintzea, lagunak kontatutakoa egia izan daitekeela pentsatzeko. Nagusi izan zen literatur kritikak menostu egin zituen haren lanak urte luzez, azaleko eta labur iritzita, baina, egun, Eskoziako idazlerik handienen parean aipatzen dute haren izena. Hain zuzen ere, aurten ehun urte bete dira jaio zenetik, eta hamaika ekitaldi antolatu dizkiote mendeurrenaren aitzakian: haren eleberri guztiak berrargitaratuko ditu Polygon etxeak, egingo dizkiote dokumentalak, antolatu dituzte erakusketak, eta egingo dituzte ibilaldi tematikoak ere.

Hamaika ofizio ezagutu zituen Sparkek idazle izan aurretik, eta, besteak beste, irakasle, Britaina Handiko Gobernuarentzako propaganda idazle, Poetry Review aldizkariko editore, literatur ikertzaile eta idazkari izan zen, harik eta, 39 urterekin, bere lehen eleberria argitaratu eta, pixkanaka, idazle ibilbidea abiatu zuen arte. Poesia eta lan kritiko batzuk bazituen argitaratuak aurrez, baina 1957an kaleratu zuen The Comforters eleberriarekin hasi zuen bere idazle bizitza. Beste hogei titulu inguru argitaratu zituen ondoren, eta The Mandelbaum Gate (1965), The Driver's Seat (1970), The Abebess of Crewe (1974) eta The Girls of Slender Means (1963) aipa daitezke haien artean. Edozein kasutan, batez ere, 1961 urtean publikatutako The Prime of Miss Jean Brodie nobelak egin zuen ezagun Spark.

Nesken eskola batean irakasle dabilen emakume zorrotz baten nondik norakoak kontatzen ditu eleberriak, eta antzezlan, telebista serie eta pelikula ere bilakatu zuten gerora lana. Gainera, Oscar bat ere irabazi zuen Maggie Smith aktoreak film hartan egindako lanagatik, eta egonkortasun ekonomikoa lortu zuen idazleak hedapen horri esker.

Sparken idazkera zehatz eta apainaren erakusgarri da liburua, eta baita haren umore eztentsuarena ere. Eskola adineko neska eta mutil sorta baten arteko harremana deskribatzen duen nobelaren lehen paragrafotik igartzen da hori. «Mutilak, bizikletaren urruneko aldean egoten ziren eskulekuei helduta, Marcia Blaine eskolako neskekin hizketan ari ziren bitartean, sexuen arteko bizikleta hesi segurtasunezko bat ezarriz, eta mutilek edozein unetan alde egin zezaketen inpresioa emanez». Eta jarraitzen du jarioak beste ehun orri inguruz.

Seriosa eta, aldi berean, arina izateko gaitasuna aitortzen dio idazleari Peter Craven literatur kritikari australiarrak, eta The Girls of Slender Means eleberriko lehen esaldia aipatzen du tonu jostalari eta serio horren adibidetzat. «Duela asko, 1945ean, Ingalaterrako jende eder guztiak pobreak ziren, salbuespen batzuk salbu».

Biografiaren zama

Edinburgo aspaldi utzita, 1963an egin zuen alde Londrestik, eta New Yorken eta Erroman ere bizi izan zen. Sasoi baten ostean, Italiako Toscanako Oliveto izeneko herrira joan zen. Han hil zen, 2006an, eta herriko hilerrian dago lurperatuta.

Nahikoa literatura sortu du idazlearen bizitza pertsonalak ere, eta bi gai nagusi jarri izan dituzte fokupean biografo eta kazetariek: bere semearekin izandako harreman eskasa, batetik, eta Penelope Jardinerekin izandako harreman estua, bestetik.

1937an ezkondu zen idazlea, Sydney Oswald Sparkekin, artean 18 urte zituela, eta senarrarekin batera joan zen britainiarren agindupean zegoen Rhodesiara bizitzera —egun Zimbabwe da—. Irakasle lanetan aritu zen han, eta bertan izan zuen Samuel Robin Spark semea. Senarrak tratu txarrak ematen zizkion emazteari, ordea, eta 1944an joan zen Londresera, semea aitarekin utzita. Maiz nabarmendu dute ekintza hori idazlearen biografietan, baina nahasi egiten dira familia arazoak eta erlijio gaiak semearekin izandako harreman korapilatsuan. Izan ere, denborarekin katoliko bilakatu zen idazlea, eta semeak, aldiz, judaismoa besarkatu, eta bere familiaren jatorri judua aldarrikatu zuen. Amak ukatu egiten zuen jatorri judu hori, gurasoak Ingalaterrako elizako parte zirela esanez, eta titular sorta batzuk ere utzi ditu talka horrek egunkarietan.

Ipuin bakarra euskaraz

Zurrumurru hedatua izan zenSparken lesbianismoarena ere. Italian ezagutu zuen Jardine lagunarekin zuen harremana zen horren motiboa. Elkarrekin bizi ziren bi emakumeak Toscanan, eta maiz joaten ziren furgonetan Europan gora eta behera bidaian. Haiek beti ukatu dute beren harremana sexuala ere bazela, baina behin baino gehiagotan suertatu zitzaion sortzaileari azalpenak eman beharra bizirik zela, eta haren lagun minari oraindik ere hala gertatzen zaio, Sparki buruzkobiografia bat aipatzen den aldiro.

Koldo Izagirre idazleak mendeurrenaren harira www.armiarma.eus webgunerako itzulitako Atzean utzia naizen neska ipuina da, oraingoz, Sparken testuetatik euskaraz irakur daitekeen bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.