urtzi urkizu
KURSAALEKO ZUBITIK

Ukituta

2021eko irailaren 19a
00:00
Entzun
Txikia da Maria Cristina hotelaren parean dagoen kartela, Maixabel-ena. Baina filma txikia ez da. Badu Iciar Bollain zuzendariaren filmak hitzekin deskribatzen zaila izan daitekeen zerbait; modu irrazionalean, sentimenduak astintzeko indar bizia dute aktoreen interpretazioek eta irudietan islatzen diren pasarteek. Zinema ondo egiteko eskarmentua egon daiteke horren atzean, baita istorioa mimoz tratatzeko ahalegina ere, eta, funtsean, Euskal Herriko ikus-entzule gehienak ukituko dituen osagaiak lotzen ditu Maixabel-ek.

Duela bi urte, Zinemaldian bertan aurkeztu zuen Jon Sistiaga kazetariak Zubiak dokumentala, eta, han, elkarte batean bazkaltzen agertzen ziren Maixabel Lasa eta Ibon Etxezarreta ETAko kide ohia, haragizkoak, benetakoak. Elkarbizitzarako zubi bat irudikatzen zuten biek, giro onean bazkaltzen. Interesgarriak ziren haien hitzak, baina beste dimentsio bat hartzen du Bollainen pelikulak, dokumentalaren aldean. Zeluloidezko zubi sendo bat da, elkarbizitzarako, etorkizunean beste gizarte bat eraikitzeko. Egia da mingarriak egingo zaizkiola bati baino gehiagori filmean entzuten diren zenbait esaldi, ez dela beti erraza iragana ispiluaren aurrean ikustea. Baina, bai, beharrezkoa, aurrera egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.