Nicola Abrescia. CIC Bioguneko ikertzailea

«Animaliekiko gertutasunak kontzientzia hartzera eraman behar gaitu»

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Edurne Begiristain.
2020ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Birusak ikertzen ditu Nicola Abrescia CIC Bioguneko Ikerbasquen ikertzaileak, eta «osasun bakarraren» kontzeptuaren garrantziaz mintzatu zaio BERRIAri: «Animaliak zaindu behar ditugu gure osasuna zaindu nahi badugu». Uste du «gehiegizkoa» dela amorruaren aurkako txertoaren derrigortasuna.

FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen arabera, gizakiarengan eragina duten gaixotasun kutsakorren %70 animalietatik datoz. Horien artean, amorrua eta koronabirusa daude.

Animaliak eta gizakiak kutsatzen dituzten hainbat birusekin lan egiten dugu, eta argi esan behar dugu biak elkarri lotuta daudela. Arazoa da gizartea ez dela jabetzen animalien birusek zer eragin izan dezaketen gizakiarengan. Abereen osasunak eragin zuzena du gizakiaren osasunean. Osasun bakarraren kontzeptuaz ari gara,abereei eta gizakiari eragiten dielako.

Animalien eta gizakiaren osasunaren arteko loturaz kontzientzia hartu behar dugu, beraz.

Bai, erabat. Amorruaz ari garenean edo koronabirusaz ari garenean, agerikoa da lotura hori. Kontua da horretaz akordatzen garela soilik epidemia bat dagoenean, edo, amorruaren kasuan, gizakia kutsatzen denean edo txakur batzuk gaixotu eta hiltzen direnean. Duela aste batzuk Nafarroan ehiza txakur batzuk hil egin ziren basurde bat harrapatu eta gero.Pseudoamorruaz kutsatu ziren. Amorruaren antzeko sintomak zituzten, nahiz eta ez zen amorrua; beste birus familia batekoa zen gaixotasuna. Horrekin esan nahi dut naturarekin eta animaliekin dugun harremanak eta gertutasunak kontzientzia hartzera eraman behar gaituela.

Demografiaren hazkundearekin eta bidaien eta komertzioaren globalizazioarekin, errazago zabaltzen dira animalien birusak munduan zehar. Amorruaren kasuan, arrisku hori egon daiteke?

Landa eremuan bizi naiz, eta txakur bat daukat. Beraz, gai hori gertutik ezagutzen dut. Baina gauza bat argi utzi behar da: gure inguruan ezagutu ditugun amorru kasuak inportatuak izan dira. Hau da, Euskal Herrian ez dago amorrurik. Beraz, ez dut ikusten alarmarako arrazoirik, baina ezinbestekoa da adi egotea.

Zein neurri hartu beharko lirateke amorrua ez zabaltzeko?

Etxeko animaliekiko neurriak ez dira hain premiazkoak, oro har, nahiko kontrolpean ditugulako. Ordea, nekazaritza eremuko abereekin tentu handiagoarekin egon behar dugu. Kontrol neurri zorrotzagoak eta laginketa gehiago egin behar zaizkie animaliei. Animalia basatien kontrola areagotu egin behar da, birusik ote duten antzemateko, besteak bete, amorruarena. Hor baitago arrisku faktorea, eta ez hainbeste beste herrialde batean gizakiari hozka egiten dion animalian. Animalia basatien kasuan, ordea, arriskua egon daiteke baserriko abereekin kontaktuan jartzen badira.

Mugen arteko kontrolak zorroztu beharko lirateke?

Mugen arteko kontrol neurri zorrotzak egiten dira basanimalien garraioetan. Arriskua hor ez dut ikusten. Bai, ordea, Frantziatik Euskal Herrira sar daitekeen basurde kutsatu batean, adibidez. Askoz ere zailagoak dira transmisio bide horiek kontrolatzea. Eta hori ari da gertatzen orain, esaterako, Alemanian, txerri izurri afrikarrarekin.

Amorruaren aurkako txertoa derrigorrezkoa izatea eskatu dute albaitariek.

Amorruaren aurkako txertoa derrigor jartzea bainoago, norberak kontzientzia hartzea da kontua. Batez ere, baserrietan bizi diren txakurrekin eta katuekin arduratu beharko genuke, hirietan bizi direnek ez dutelako hainbesteko arriskurik. Gehiegizkoa iruditzen zait azken kasuen ondorioz txertoaren derrigortasuna ezartzea. Animalien eta gizakiaren arteko harremana estua da. Beraz, animaliak zaindu behar ditugu gure osasuna zaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.