Venezuela. Hugo Chavezen heriotza

Petrolioaren distirak eta zikinak

Venezuelako ekonomia urre beltzaren ustiapenean oinarritzen da, eta horri esker ordaindu dituzte programa sozialak. Baina hidrokarburoekiko gehiegizko dependentzia eta inflazioaren arazoak ditu aurrez aurre.

Jon Fernandez.
2013ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Esperimentuak egiteko tarte handia dauka 500 bilioi petrolio upelen gainean jarrita bizi den herrialde batek. Hori da Venezuelaren ekonomiaren gaineko azterketa egin ostean Mark Weisbrot CEPR Center for Economic and Policy Research (Azterketa Ekonomikoen eta Politiken Zentroa) guneko zuzendariordeak ateratako ondorioa. Emaitza ekonomiko eta sozialak ikusita, azken hamalau urteetan Hugo Chavezek egindako esperimentu ekonomikoa bideragarria izan dela eta hala izaten jarraitzen duela uste du Weisbrotek. Baditu arriskuak, halere: petrolioarekiko dependentzia, inflazioa edo gehiegizko inportazioak kontrolatu beharra.

Chavezen garaipenik handiena herritarren arteko ezberdintasunak txikitzea izan da. Boterera iritsi zenetik %53,2 egin du behera pobrezia tasak, eta nabarmen igo da BPG per capita, batez ere eskualde txiroenetan martxan jarritako hezkuntza eta osasun arloko misioei esker. Aurrekontuen %43 politika sozialetara bideratzen du Caracasek, eta horrek Latinoamerikan ezberdintasun sozial txikiena duten estatuen zerrendan bigarren postura aupatu du. Bere agintaldian, irakasle kopurua boskoiztu egin da, eta Amerikan unibertsitateko ikasle gehien duen bigarren herrialdea da. Hainbesteko eraldaketa soziala lortzeak sekulako finantzaketa eskatzen du, eta petrolioan aurkitu du diru poltsa hori Chavezek.

Ez da nolanahiko poltsa, gainera. Munduko petrolio erreserbarik handiena du Venezuelak, Saudi Arabiaren aurretik. Gainera, urre beltzaren prezioak izugarrizko gorakada izan du azken hamarkadan. Aberastasun hori gobernuaren esku izan nahi zuen Chavezek hasieratik, eta 2003n lortu zuen, urtebeteko grebaren ostean, PDVSA petrolio konpainiaren kontrolaz jabetu zenean. Nazionalizatu eta Rafael Ramirez Energia eta Petrolio ministroa jarri zuen PDVSAko buru.

Ekonomiaren erdigune bihurtu du petrolioa: esportazioen %97 hidrokarburoena da, eta gobernuaren diru sarreren erdia petrolioaren industriatik lortzen du. Kontua da, erreserba handia izan arren, petrolio ekoizpena handitzeko inbertsio izugarriak behar direla eta Chavezek nahiago izan duela irabaziak industrian inbertitu beharrean programa sozialetan inbertitzea.

Paradoxikoa irudi badezake ere, hobekuntza soziala dakarren erabaki horrek petrolioaren ekoizpenaren jaitsiera jarraitua ekarri du, hain justu, erregaiaren prezioa zeruetan dagoenean. 2001ean, egunero 3,14 milioi upel ustiatzen zituen Caracasek, eta 2011n, 2,72 milioi. Ekoizpenaren beherakada jarraitua 2007an hasi zen. Petrolioaren barne kontsumoak, aldiz, nabarmen egin du gora: 2001eko 28,8 milioi tonatatik duela bi urteko 38,8 milioi tonatara.

Petrolioaren prezio merkea da horren arrazoia. Venezuelako gidari batek 80 zentimoren truke bete dezake autoaren 50 litroko depositua. Gobernuak 21.000 milioiko diru laguntza ordaintzen du urtero gasolina merkatzeko, BPGaren %7 inguru.

Inflazioa eta debaluazioa

Gasolina ia-ia doan eskuratzeko aukera egon arren, baina, ia ezinezko zaie herritar askori auto bat edo, hareago, oinarrizko produktu asko erostea. Venezuelako Banku Zentralak berak aitortu zuen urte hasieran 2008tik izandako produktu eskasiarik handiena zuela herrialdeak. Olioa, azukrea, irina edo kafea falta ziren dendetako apaletan, eta prezioak puztuta zeuden: hamahiru dolar balio zuten ia kilo bateko oilaskoek. Horregatik erabaki zuen otsailean Nicolas Maduro presidenteordeak txanpon bolivartarrak dolarrarekiko duen balioa %31,7 debaluatzea. Dolar batek 4,3 bolivar balio zuen lehen, eta 6,30 bolivar balio du orain. Venezuelak %20,1eko inflazioarekin itxi zuen 2012a, eta iragan urtarrilean %22ra iritsi zen. Hamahiru urtetan %900 inguru debaluatu da Venezuelako dirua. Dena den, oraindik altua izan arren, Chavezen aurreko garaian baino askoz baxuagoa da inflazioa (%103,2ra iritsi zen 1996an).

Caracasek espekulatzaileak egiten ditu inflazioaren erantzule; oposizioak, berriz, inportazioarekiko dependentzia. Oposizioaren ustez, petrolioaren gehiegizko pisuak eta sektore pribatuaren asfixiak eragin du gainerako sektoreak itotzea, eta produktuak atzerrian erosi beharra. Elikagaien %80 inportatzen ditu herrialdeak, oposizioaren arabera; %37, gobernuaren esanetan.

Maduroren erronka, hain zuzen, gastu sozialari nola eutsi izango da. Hobekuntza sozial horrek bermatzen dio garaipena bozetan chavismoari, baina lurpea urre beltzez beteta izan arren, gastu publikoari eusteko oreka zailak lortu beharko ditu petrolio ekoizpen mailaren, inflazioaren eta autohornikuntza ziurtatzeko gainerako sektoreen sustapenaren artean.

Mezu apokaliptiko ugari entzun arren, Weisbrot ekonomistak ez du Venezuelako eredu ekonomikoaren kolapsorik espero. Iazko lehen seihilekoan %5,6 hazi zen ekonomia, zor publiko txikia du (BPGarekiko %45,5 2011n), eta Txinari mailegua interes txikian eskatzeko gaitasuna dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.