'Karanbola toxikoak'

Bizitzearen kalteez

2015eko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Egilea: Andoni Urzelai. Argitaletxea: Susa.

Diotenez, narrazio-liburu bat da Karanbola toxikoak, Andoni Urzelaik euskaraz argitaratzen duen hirugarren lana. Nik, ordea, eleberri zatikatu baten antza hartu diot. Atal batetik bestera jauzika dabiltzan pertsonaiek, anekdota huts edo irakurleari egindako keinu izatetik urrun, batasuna ematen diote tramari, harreman-sare konplexu bat osatuz. Izan ere, atalez atal protagonistak aldatzen doaz eta, haiekin batera, narrazioaren fokua. Irakurleok une oro arretari eustera eta, testuak tarteka ematen duen informazio berriaren eraginez, argumentu beraren gaineko ikuspegia etengabe berregokitzera behartzen gaituen estrategia narratibo hau iruditu zait, hain zuzen, liburuaren gakoetako bat.

Eleberriko pertsonaiak ez omen daude bizitzea tokatu zaien errealitatearekin konforme. Bazterrekoak dira izaeraz nahiz jokamoldez. Hala ere, ez da zirkunstantzia horiek aldatzeko ahalegin berezirik antzematen, ez berehalakoan, behintzat. Hasieratik bertatik giro axolagabea eta etsipena dira nagusi. Protagonistei nekea igartzen zaie, bizitzea kosta egingo balitzaie bezala. Porrot sentipena, frustrazioa, bizimodu grisak, eldarnio-iturri ezberdinak, hainbat ezgaitasun emozional... horiek guztiek zeharkatzen dituzte liburuko orrialdeak. Baita duintasunari kosta ahala kosta eusteko borrokak eta egoa puzteko behar ia patologikoak ere. Azken batean, lan honetako pertsonaiak garaile bihurtuko dituen desafio baten bila dabiltza.

Baina kontuz, obra honetan ezer ez baita hasiera batean dirudiena. Alde horretatik, Karanbola toxikoak irakurtzea oso esperientzia bitxia da. Liburua zabaldu eta berehala, egoera arruntei aurre egiten dieten pertsonaia apatiko multzo batekin egiten dugu topo; erotzat jotzera iritsi gabe, absurdo-ukitua dutenak edo, besterik gabe, gizartean egokitu ezinik dabiltzanak. Ez dute xelebreak izatea lortzen, eta haien diskurtsoak ez du ateraldi distiratsuegirik erakusten. Ez da sekulako hondamendirik gertatzen, are gutxiago inolako iraultzarik gauzatzen. Narrazio osoa busti duen zinismo berezia gorabehera, inork pentsa lezake, halako deskribapen epikotasunik gabea irakurri ondoren, protagonistei karisma falta zaiela, eta kontakizunari sakontasuna. Bada, ez.

Testuan aurrera eginik baino ez gara ohartuko idazlearen esku trebeaz. Tramaren garapen progresiboa da, zalantzarik gabe, obraren alderdirik interesgarrienetako bat. Estiloan garbitasun eta sinpletasunetik karakterizazio psikologiko eta gertaera konplexuetarako eboluzioa, autoreak kontakizunaren inertzia bera baliatuz naturaltasun osoz egiten duena, zeharo eraginkorra da. Liburuan harreman toxiko ugari daude, ekintza-mailako karanbola ugari ere bai; ez dira, baina, gehiegizkoak inondik inora, istorioan ondo txertatutakoak eta, hortaz, guztiz sinesgarriak baizik. Era horretan, lehen ataletako protagonisten errebelde usteko umekeriek, ironian babestuz, bide ematen diote arteari, gizarteari eta bizitzari buruzko hausnarketa sendoari.

Karanbola toxikoak lanarekin, Andoni Urzelaik oinaze eta zorigaitzari etekin handia ateratzen asmatu du, literaturaz ari garela bi osagai horiek arrakasta bezain erakargarriak izan daitezkeela erakutsiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.