Donostiako 71. Zinemaldia. Sail Ofiziala. KRITIKA. Sail Ofiziala

Herrenka

Tzu-Hui eta Ping-Wenen lehen filma da A Journey in Spring. DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
urtzi urkizu
2023ko irailaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
'A Journey in Spring'

Zuzendaria: Tzu-Hui Peng, Ping-Wen Wang. Aktoreak: Jason King, Kuei-Mei Yang, Wei-Hua Lan. Herrialdea: Taiwan. Iraupena: 90 minutu.

Zinemaldiak aurten Sail Ofizialeko lehiarako aukeratu dituen pelikulen artean, nahikotxo dira opera prima-k edo zinemagileen bigarren filmak. Horri gehitu behar zaio Zuzendari Berriak sailaren eskaintza. Apustua ausarta dela aitortu behar zaio jaialdiari.

Opera prima deiturikoetan, dena den, denetarik izaten da. Eta Taiwango Tzu-Hui Peng eta Ping-Wen Wang zinemagileen lehen film luzea nahikoa lan mantsoa eta tristea da.



Tristea esan nahi da istorioarengatik. Adineko bikote bat hiriko auzo batean bizi da. Nekatuta eta zaharkituta ageri dira. Eta halako batean, emaztea hil egingo da. Heriotza hori iritsi bitartean, lehen pasarteetan pelikulak eragiten du interes apur bat pertsonaiei buruz. Patxada handiz, baina behintzat badu hari txiki bat jarraitzeko bikote horren ibileretan.

Emakumearen heriotza iristen denean, senarrak gorpua etxeko hozkailu handi batean sartuko du. Eta handik aurrera, dolua ahal duen moduan pasatuko du gizon protagonistak. Iraganeko bidaia batean eta ur jauzi batean hasiko da pentsatzen gizona.

Hoztasuna da istorioak pasarterik gehienetan transmititzen duen sentipena. Gutxitan egiten da filma erakargarri.

Taiwango bi zinemagileen ahalegina agerikoa da eszena batzuetan, badago irudiekin ere tarteka zerbait transmititzeko saiakera. Ez dute, ordea, emakumearen heriotzaren ostean, kontu interesgarri askorik eramaten pantailara.

Herren dabil gizon protagonista, herrenka. Eta filmaren ibilera ere halakoa da: herrenka dabil, nahi eta ezinean. Mantsotasun aspergarrian, pauso sendorik eman gabe.

Ez du A Journey in Spring pelikulak goraipatzeko moduko beste osagairik, eta 2023ko Sail Ofiziala gogoratzeko orduan oharkabean pasatuko diren pelikuletako bat izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.