Koronabirusa

Hego Euskal Herriko biztanleak lehen fasera igaroko dira etzi

Espainiako Gobernuak jakinarazi du Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak betetzen dituztela konfinamendua arindu ahal izateko bete beharreko baldintzak. «Zuhurtzia» eskatu du Txibitek

Hainbat adineko, hondartzan paseatzen, Donostian, konfinamendu egun batean. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete Edu Lartzanguren
2020ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun

Pixkana zabaltzen ari dira Hego Euskal Herriko etxeetako ateak, eta, astelehenetik aurrera, zirrikitu handiagoa izango dute. Izan ere, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa konfinamendua arintzeko hurrengo etapara —lehenengo fasea deritzonera (ikusi albiste amaieran)— igaroko dira, Salvador Illa Espainiako Osasun ministroak eta Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdien Koordinazio Zentroko zuzendariak atzo arratsaldean egindako prentsaurrekoan iragarri zutenez. Erabakia hartzeko bilera dezente luzatu zen. Izan ere, prentsaurrekoa 18:15erako iragarri bazuten ere, 19:45era atzeratu zuten, eta ia 20:30era arte ez ziren agertu.

Illak herritarrei eskerrak emanez hasi zuen agerraldia, pandemiak goia jotzea haien jarrerari esker izan dela esanez. Fase berriak bi oinarri izango dituela azpimarratu zuen: «Kogobernantza» eta «zuhurtzia». Lehenengoari lotuta, Osasun Ministerioak autonomia erkidegoek egindako proposamenak aztertu dituztela esan zuen, eta egindako proposamenen %83 kontuan hartu dituztela ziurtatu zuen. Gaur BOEa aterako dute zehaztapen guztiekin, baina atzo aurreratu ziztuzten astelehenetik aurrera egin ahalko diren hainbat ekintza: hamar lagunerainoko bilkurak; saltoki txikiak irekiko dituzte %30eko edukierarekin eta 65 urte baino gehiago dituztenentzako ordutegi bereziarekin; terrazak mahaien erdiekin irekiko dituzte gehienez, eta mahaiko hamar lagun baino gutxiagorekin.

Simonek erabakiak hartzeko erabili dituzten irizpide teknikoak azaldu zituen: zainketa intentsiboetako unitateetako ohe kopurua 10.000 biztanleko; ospitaleratutako gaixo kopurua azken zazpi egunetan; azken zazpi egunetako hildako kopurua; zenbat kasu posible dauden, eta horietako zenbati egiten zaien proba; PCR probak egiteko gaitasuna, kontaktuei jarraipena egiteko baliabideak edukitzea... Beraz, irizpide horiek eta beste hainbat kontuan hartuta, Hego Euskal Herri osoa lehenengo fasera pasatzeko moduan dagoela erabaki dute. Trebiñuko konderrian ere arinduko dute konfinamendua astelehenean, Arabarekin batera. Burgos probintziaren (Espainia) esku dago, eta hura ez da lehen fasera igaroko.

Orain arteko fasean geratu beharko dute beste hainbatek ere. Madril izango da osorik orain arteko fasean geratu beharko duen autonomia erkidego bakarra. Aldiz, osorik pasatuko dira Galizia, Asturias, Kantabria, Errioxa, Aragoi, Extremadura, Murtzia, Kanaria uharteak, Balear uharteak, Ceuta eta Melilla. Beste autonomia erkidego batzuen kasuan, zati batzuk soilik igaroko dira. Katalunian, esaterako, Terres de l'Ebre, Camp de Tarragona eta Pirinio Garaia eta Aran begeriak; Andaluzian, berriz, Almeria, Jaen, Sevilla, Cadiz eta Kordoba igaroko dira.

Atzo arratsaldean esan zutenez, autonomia erkidegoei aukera emango diete, dituzten baldintza klimatologikoen arabera, herritarrei kalera ateratzeko ordutegiak aldatzeko. Fernando Simonek atzo goizean aurreratu zuen ordutegietan «aldaketa txiki batzuk» egongo direla «talderik zaurgarrienak» babeste aldera. Orain arte, hauek izan dira kalera ateratzeko ordutegiak 5.000 biztanle baino gehiago dituzten herrietan bizi direnentzat: 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara 14 urtetik gorakoak aterako dira paseatzera edo kirola egitera; 70 urtetik gorakoen eta ebarritasunen bat edo mendekotasuna dutenen txanda izango da 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara; 12:00etatik 19:00etara, berriz, umeek izango dute aukera kalera ateratzeko. «Herritarrek ulertu behar dute pasatutakoak pasatu ondoren ezin dugula onartu bakan batzuek zapuztea», esan zuen Simonek goizeko agerraldian. Ohartarazi zuenez, neurriak arintzea erabakitzeko orduan osasun publikoaren irizpideek izango dute pisurik handiena. «Bateragarria da ateratzea eta bizi baldintzak hobetzea eta segurtasun neurriei eustea».

Izurriaren eboluzioa lurraldez lurralde ezberdina dela onartu zuen Simonek: «Bi autonomia erkidegok [Madrilek eta Kataluniak] dute kasu gehien. Gainerakoetan %0,38 handitu da kutsatzea, hau da, %25 egin du behera».

Datuak ez dira onak izan, ordea. Madrilen, nabarmen egin du gora kutsatu kopuruak, bezperan baino 300 gehiago, eta hark 0 fasean jarraituko duela iragarri du Espainiako Gobernuak. Eztabaida handia eragin du fasea pasatzeko aukerak Madrilgo erkidegoan. PPren eskuetan dago Madril, eta hango agintariek presio handia egin dute lehen fasera igarotzeko zerrendan egoteko, nahiz eta izurriaren zenbakiak oraindik ere txarrak diren han. Erkidegoko Osasun Publikoaren zuzendariak ez du sinatu nahi izan hurrengo fasera aldatzeko eskatzeko agiria, eta dimisioa eman du. Salatu du eskaera ez dela egin osasun irizpideen arabera.

Zero fasea deiturikoa zen orain artekoa; prestatzekoa. Hainbat baimen eman dituzte: apirilaren 26an, umeak kalera atera ziren lehenegoz, eta maiatzaren 2tik, kirola egiteko eta paseoak emateko baimena dute gainerako herritarrek ere. Maiatzaren 4an, berriz, hainbat dendak ateak ireki zituzten, edukiera mugatuta eta bezeroek aurretik txanda hartuta. Martxan jarri ziren etxera eramateko janaria prestatzen duten jatetxeak eta negozioak ere.

Ondo bidean, beste hamabost egun —maiatzaren 25era arte— itxaron beharko da hurrengo fasera jauzi egiteko. Momentua iritsitakoan, baimen gehiago emango dituztela espero da. Esaterako, tabernek, jatetxeek eta ostatuek barnean ere bezeroak hartu ahal izango dituzte, edukiera %30era mugatuta; gurtza lekuek edukieraren %50era arte betetzeko aukera izango dute.

Nafarroa, prest

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak ziurtatu duenez, Nafarroa prest dago «aurrera egiteko». Astelehenetik aurrera lehen fasean sartuko denez, kalean «bizi gehiago» sumatuko dutela iruditzen zaio, baina «zuhurtzia» eta «gehiegizko konfiantzan ez erortzea» eskatu die herritarrei. Azpimarratu du Espainiako Osasun Ministerioak erabakia hartzerakoan euren «egoera, osasun sistemaren gaitasuna eta balizko agerraldi berrien erantzuna» baloratu direla. Txibiteren hitzetan, datorren astetik aurrera, PCR probak egiten hasiko dira COVID-19a duten pertsonen gertuko kontaktuei, «kasu berriak azkar atzemateko».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.