Tokio 2020. TOKION TOKIKOA

Zer da bidezkoa?

Nagore Odriozola Juaristi.
2021eko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Julen Aginagalderen domina historikoak asko pozten nau, eskubaloiarentzat berri oso ona delako eta merezimendu osoz lortu dutelako. Ez da erraza, ordea, kirolean merezimenduak neurtu eta bidezko modu batean banatzea. Nola erabaki, bada, nork merezi duen zer? Askotan, gehien sufritu duenari eskaini ohi izaten diogu gure elkartasuna; besteetan, bere trebetasuna aski frogatu duenari; eta beste batzuetan, baldintzarik gabe jarraitzen dugun horri.

Eskubaloiaren zaletua izanda, ezinezkoa da Nora Morken izena ez ezagutzea. Izar norvegiarraren istorioa sekulako erresilientzia erakustaldia da eta beharbada horregatik gehiengo handi batek gaurkoan ez luke brontzezko dominagatik borrokatzen ikusi nahiko. Izan ere, Rion gertatu zenaren déjà vu bat balitz bezala, Norvegiak errusiarren aurka finalerdiak galdu zituen pasa den ostiralean, baina Mork taldearen zama bizkar gainean hartzen ikusi genuen eta horrek harrapatu egiten gaitu.

Zergatik? Bada, badakigulako nondik datorren: 2017an sekulako depresioa gainditu zuen eta abenduko munduko txapelketan golegile nagusia izan zen, All-Star-ean aukeratua izateaz gain. Bi hilabete beranduago, ordea, belauna hautsi zuen (ez lehenengo aldiz) eta bere onera itzuli zela zirudienean, urte berean berriz ere arazo bera sufritu zuen. Guztira ia urte oso bat jokatu gabe pasatu ondoren, beste klub batera mugitu eta denboraldia hastear zela berriz ere hautsi egin zen. Morken behin betiko itzulera 2020an izan zen beraz, eta mundu osoaren aitortza irabazi zuen Europako txapelketa irabazteaz gain, berriz ere golegile nagusia eta eskuin alboko onena izendatu zutenean.

Ostiralean hamar gol sartu zituen eta taldekideei ere lana hamaika aldiz errazten ikusi genuen, arduratsu, Jokoetako urrezko domina besterik ez zaiolako falta. Nola ez ote dugu nahiko, bada, irabaztea? Baina kirolak baditu bere planak zorionez edota tamalez, eta ez du justizia kontzeptuaz ezertxo ere ulertzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.