Tokio 2020. TOKION TOKIKOA

Barkamenak

Nagore Odriozola Juaristi.
2021eko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Benetan atsegin dut sare sozialen erabilerak kirolariekin ahalbidetzen duen interakzio maila, bereziki Olinpiar Jokoetan. Agian, horregatik egin nintzen kirol kazetaria, ez nintzelako pozik geratzen partidak ikustearekin soilik. Ez, nik gehiago jakin nahi izaten nuen: jokalariek zer pentsatzen zuten, nola sentitzen ziren... zer-nolako pertsonak ditugun kirolarien atzean, azken finean. Eta, sare sozialek horretan asko lagundu duten arren, gaurkoan, tamalez, auzo lotsa sentitzen dut.

Azken egunotan, txapelketak gutxinaka amaierara heltzen doazen heinean, deigarria egin zait zenbat diren barkamena eskatu nahia edo beharra sentitu duten kirolariak. Nori, eta guri, zaletuoi. Afizioaren exijentzia bete ez izanagatik, edota euren burua espero baina maila baxuagoan ikusi dutelako, eta neure buruari galdetzen diot ea zer ari ote garen gaizki egiten. Zein nartzisismo klase gailentzen ote den jendartean euren bizia horretara eskaintzen duten pertsona batzuek guri inolako barkamenik eskatu beharra ontzat emateko.

Lotsa eta amorrua ematen dit kirolari askok bi aste hauetan jaso dituzten kritika suntsitzaileak irakurtzeak; esaterako, Simone Bilesek jaso dituenak bezala. Dopatu izana leporatzeaz gain, berekoia eta alferra ere deitu dute, «atentzioa eman» beharra zuelako nonbait. Gerora jakin dugu Bilesi izeba zendu zitzaiola joan den astean, eta erretiratu zen egunetik oreka barrako finalerako itzuli zen bitarte horretan, Tokioko unibertsitate bateko gimnasioan entrenatzen aritu dela bere kabuz, konfiantza berreskuratu nahian. Hitz egitea, gaizki esaka batez ere, doakoa da, ordea, eta norberaren frustrazioek edonoren gainean botaka egiteko eskubidea ematen digutela sinesten jarraitzen dugu. Eta horrelakoetan bereziki galdetzen diot neure buruari ea noiz hasiko ote garen, alderantziz izan beharrean, barkamena gu haiei eskatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.