Ana Malagon.
ARKUPEAN

Lagunak izateari uztea

2018ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Familiak gure bizitzari ezartzen dion disfuntzionalitatearekin nahikoa ez genuenez, gizarte honek kuadrillaren instituzioa sortu zuen, gure egunen amaierara arte aspertzen eta, zergatik ez esan, gogaitzen gaituen jendeari dekretuz lotuta egotea gure euskal nortasunaren ezaugarri garrantzitsu bat omen delako. Komunitate bezala definitzen gaitu. Pipiek jotako gure nazio eraikuntzaren oinarrietako bat da.

Ez beti, baina batzuetan posible da tunelaren amaierara heltzea eta kuadrillatik (eta kuadrillaren whatsapp akelarre taldetik) ateratzea. Hori bai, prozesuan ez dago babestuko gaituen erakunde edo errehabilitazio zentrorik. Ez diogu ostiraletako poteora joateari utziko zure terapia taldearen bileretan kuadrillaren instituzioa jasateari utzi diotenen zirkulu bati miseriak kontatzeko. Eta bikote berriari ex-ari buruz hitz egiten ez zaion moduan, lagun berriek ez dute lagun zaharrei buruz ezer jakin nahi izaten.

Etsaiak bilakatu gabe lagunak atzean uzteko ispiluak falta izan zaizkigu. Ez da erraza agortutako adiskidetasunaren inguruan agortutako maitasunari buruzko bezainbeste material topatzea. Adierazpen kulturalek maitasun erromantikoari eskaini dizkioten lerroek bikote harremanen hausturetan zer egin genezakeen jakiteko aukera eman digute. Ez dugu jakin zer egin, egia da, maitasun erromantikoa alboratzetik hasita, baina behintzat corpus batera jo ahal izan dugu gure hanka-sartzeak inspiratzeko.

Heldutasun falta baten adierazletzat hartzen da sarritan, baina ez dakit nik hori gehienetan hala den. Bizitzan aurrera noan ahala, nire hilkortasunarekin parez pare maizago jartzen hasia naizenez (sei urte nituenetik nabil horrela, baina tira), denborari gero eta balio handiagoa ematen diot. Horregatik, nahiko heldua deritzot denbora galtzeari utzi adiskidetasunak borondatez amaitzea. Ausarta, normalean ez baikara pausoa emateko gai izaten eta utzikeriaren esku uzten dugu dena. Utzikeria oso baliabide eraginkorra da ia edozertarako, ez da hutsezina, ordea.

Utzikeriak ez gaitu noizbehinkako juntadizo deialdiez libratzen. Joan beharra dago, batez ere beste guztiak norberari buruz gaizki esaka ibil ez daitezen. Hori baita ausenteen patua: txutxumutxuen bidez bertaratutakoak baino presenteago egotea.

Gutxi dira gure irrati frekuentzia berean daudenak eta hauekin ere interferentziak agertu eta pilak agortu zaizkigu. Gutxi direlako, juntadizoak aulki (tronu) jokoaren bertsio melodramatikoa dira gaur egun. Okerreko pertsonaren alboan esertzeak aukera apartak eskaintzen ditu: soziopolitikoki sutan jartzea edo Titanic-aren orkestraren ondoan gin tonic-aren azken tanta edan eta lo hartu zuen hura bilakatzea.

Solas fosiletan ihesi doa denbora. Adinarekin nostalgiak gero eta garrantzi handiagoa hartzen duela ulertzen dut, ez uste. Toki txiki bat eskatzen du hasieran, baina azkenerako, sofa guztia hartu du berarentzat. Eta manta. Eta bizitzan dituzun harreman ia guztien urrutiko kontrola.

Nostalgia eta inertzien kontrola etetea posible balitz. Errua eta ohiturena. Beldur eta aitzakiena.

Telefonotik kontaktua borratu edo sareetan jarraitzeari uztearen pentsatze hutsak barrenak astintzen dizkigu. Aro baten amaiera da. Argiak itzali eta atea ixtea. Makina deskonektatzea. Ez erabat. Adiskide ohiek hor jarraitzen dute mundu honetan oraindik. Bizirik oraindik. Teknologiak etorkizunari begira jartzen omen gaitu, baina egia esan, gure iraganeko mamuak izango dira behin eta berriz pantailan ageriko direnak, zuzenean eta zeharka, nahita eta gehienetan batere nahi gabe, oraindik gure lagunak diren lagunen lagunak direla medio. Lagunak izateari utzi diezaiokegulako, baina ez gara denak orain hilko.

Eta badakizu bizirik jarraitzeak dena konplikatu egiten duela beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.