Ana Malagon.
ARKUPEAN

Mapetatik desagertzea

2018ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Azken hamarkadan zabaldu eta nirea bezalako azal sentsibleetan ekzemak eragiteko gaitasuna izan duten esaldien top 5-ean «X-ek Y mapan jarriko du» esaldiak egon behar du derrigorrean. Adibidez, «AHT-ak Euskadi mapan jarriko du». (Barre lataratuak). Mapetan puntuak egun batetik bestera eta uneko zerbaiten ondorioz ager daitezkeela erakutsi digu historiak, baina jendeak barneraturik dituen bestelako mapetan gelditzeko lan egin behar da, iraungo duten azpiegiturak eraiki, batailaren bat edo beste irabazi (eta galdu) bidean. Dedikazioa eskatzen du, egunero egitea, egotea, oihartzun eta oinaze izatea.

Baina momentu batean gerta liteke konturatzea zurea ez dela espero eta nahi zenuen lekua, hauek ez direla espero eta nahi zenituen bisitariak. Beharbada orduan nabarituko duzu mapan gelditzeko lana nekagarria den bezalaxe, maparen eskala guztietatik desagertzea oso konplikatua dela. Konplikazio horretan ari da Richard Simmons. Ospearen inperiotik eta pertsonalagoak izan zitezkeen kale, toki eta harremanetatik desagerturik.

Richard Simmons, Richard Simmons deitzen zela jakin baino lehen ezagutu nuen eta agian zuk ere bai, 70eko hamarkadako bideoren batean ikusi zenuelako, bere galtza motzegietan, itxaropenez beteriko pertsona gizenek inguratzen zutela. Dirutza izugarria metatu zuen soinketa saio musikatu diskotekeroen VHS bideo zintak ekoiztuz AEBetako gizentasun sistemikoaren kontra egin zuen borrokan. Inperio bat sortu zuen. Produktu eta telebista programez osaturiko dirua egiteko faktoria erraldoi bat. Eta hori egiten zuen bitartean, bakarrik egon nahi ez zuen enperadoreak argaldu nahi zuten herritarrei 12 dolarreko soinketa klaseak ematen zizkien egunero. 40 urte horrela.

2014ko otsaileko egun batean, ordea, ez zen klasera azaldu. Hori da Missing Richard Simmons podcast-aren (teknofiloa ez zaren horrentzat, «irratsaioaren») abiapuntua. Richard Simmons bilatzea. Richard Simmons aurkitzea. Richard Simmonsi zerbait (txarra) gertatu ote zaion jakitea.

Saioarekin sortutako zalapartak mugituta bere etxera gerturatu ziren polizien arabera, Richard Simmonsi ez zaio ezer gertatzen. Richard Simmons ondo dago. Richard Simmons ez da bere burua suntsitzen ari. Poliziek lasai askoan topatu zuten bere Beverly Hills-eko mansioan. Mundutik jaitsi da, besterik ez. «Honaino heldu naiz» esan eta mapatik desagertu da. Ez du bueltatzeko intentziorik erakutsi, momentuz behintzat. Bejondeiola.

Eskubideekin gertatzen den bezala, mapatik desagertzeko eskubidea ez da ez erraz, ez behar bezala errespetatzen. Hori izan zen irratsaioari egindako kritika nagusia, hori da nik ere Missing Richard Simmons-ek abiatu zuen bilaketaren inguruan dudan erreparo etikoa. Eta aitortzen dut auzi honetan nire iritzia aldatu dela eta nire enpatia akaso ere bai. 90eko hamarkada ¿Quién sabe dónde? galdetzen ibilitakoa naiz. Nik ere halako lasaitua hartzen nuen pertsona desagertuei buruzko Espainiako telebista publikoko saioaren amaieran, norbaitek Extremaduran desagertutako hura Albaceten gasolindegi batean lanean ikusi zuela esateko deitzen zuenean. Programa zaharren bat berrikusi ostean, haietako batzuei ikusleon lasaituak ezinegona ekarriko ziela ulertzen dut orain. Haietako batzuek ez zutela aurkituak izan nahi. Eta desagertzeko eskubidea urratu ziola gure lasaitu kolektiboak.

Min ematen du norberaren kezka berekoia bestearen askatasun berekoiaren atzean jartzeak eta alderantziz. Baina agian zerotik berriz hasteko aukera errazagoa balitz, ez genuke gauden maparen puntuan atrapaturik, gure terapeutetatik hain maiz pasa beharko. Izan hauek psikologo, tabernari ala honetarako hain ondo funtzionatzen diguten etxeetako berritze lanen inguruko reality-ak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.