Albistea entzun

ARKUPEAN

Dozena erdi bat arrazoi

Elixabete Garmendia Lasa -

2018ko ekainak 10

Hogeita hemezortzi segundoko bideoa da. Blokeetako kale-kantoi bat; furgoneta bat zeharkatua espaloiaren gainean; errepidean guardia zibilak; urrutirago, hamarren bat pertsona zer suma, eszenari begira. Bat-batean, atari batetik irten dira bi guardia zibil, erdian gizonezko bat daramatela, furgonara bidean. «Ez al zarete oraindik enteratu ez dela terrorismoa?», entzuten da albotik, ozen, gizonezko baten ahotsean. Bozina hots haserreak. Guardia zibiletako batzuk oihuak eta bozinak datozen aldera abiatu dira presaka, borrak eta ezkutuak eskuetan. Lehenengo begiradan, film baten grabazioa balitz bezala ikusi nuen. Laster argitu zidan whatsapp taldeko bidaltzaileak Altsasu zela, goiz hartan bertan. Errealitateak fikzioa gainditzen duen aldi horietako bat.

Hiru egun lehenago Bortzirietatik ekarri nuen oroitzapen atsegina kontrastean. Iruñean euskararen aurkakoa ez omen zen manifestazio euskarofoboa egiten ari ziren ordu berean, Etxalarren plaza bete jende zegoen herriko dantzari txikien emanaldia ikusi eta animatzen, nafarrek sortzen eta bizitzen dakiten festa giroan. Euskaraz, of course. Geroxeago, Arantzan, Harritik hazia herri antzerkiaren emanaldia, Beran abiatu eta 1936tik honako mota guztietako disidenteen ohoretan, kontakizun ofizialak bazterrean utzi ohi dituen emakume izendun eta izengabeak lehen planora ekarriz. Fikzioa, errealitate historikoa berreskuratzeko.

To eta no! Astearte arratsaldean bertan albistea: goizean Altsasun atxilotutako lau gazteak kartzelatzea agindu duela Auzitegi Nazionalak, oraindik haiei ezarritako zigor neurrigabeak irmoak ez izan arren. Aldi berean hedatu dira 38 segundoko bideoa testuinguruan ipintzen duten testigantzak: astelehen gauean jada okupazioa antzematen zela Altsasun, uniformezko nahiz paisanozko polizien presentzia mehatxatzailearekin. Bideoa, iragarritako kronika beltzaren ale bat besterik ez zela, alegia.

Horren guztiaren ondoren, hala ere, alderdi positiboari heldu zioten nire burutazioek: tira, Pedro Sanchezek ez du oraindik Espainiako gobernua osatu, ez du Estatuko fiskaltza aldatu, Rajoyren ekipokoek segitzen dute, agian amorraziozko azken ostikada da Altsasuren kontrako enegarren desmasia... Zer den inuxente izatea! Pedro Sanchezek bere gobernuaren osaketa Josep Borrellen fitxaketarekin hasi zuen eta Fernando Grande Marlaskarekin errematatu du. Kataluniako independentisten kontrako militante unionista Atzerri ministro. Inkisiziorako moduko curriculuma daukan epaile bilbotarra Barne Ministeriorako. Espainiaren osotasuna ahotan hartuta estreinatu da Atzerri ministroa; Zuzenbide Estatua aipatuz (!!!), Barne ministroa. Katalanei eta euskal herritarrei hatza begian sartu eta sakatzeko aukera hoberik ez zezakeen aurkitu Sanchez presidenteak. Bere gobernua dauzkan ezaugarri edota keinu positiboak gutxietsi gabe esperpento bihurtzen dute bi izendapen horiek.

2.019 arrazoi bildu omen ditu Gure Esku Dago-k erabakitze eskubidearen alde, bi mila pertsonaren parte hartzearekin. Niri dozena erdiren bat besterik ez zaizkit bururatzen boteprontoan, eta, gainera oso modu xinplean, bakarrean bildu ditzaket: nortasun agirian nire benetako nazionalitatea aitortua ikusi nahi dut behingoz, naizena naizelako, eta ez oraingo NANean jartzen duena.

Bide batez, beste era batera ere adierazi ditzaket arrazoiak: torturak ukatzen dituen epaile-ministrorik ez; estatuaren osotasuna inposatzen duen Atzerri ministrorik ez; justizia laidotzen duen auzitegirik ez; herria indarrez okupatzen duen poliziarik ez... Arrazoi sobera, inondik ere, autobusa hartu eta Zuiako bide-ertzean goizpasa egiteko, kamixetaz uniformatu eta, soka dantzan bezala, zapiekin giza katea lotzen. Tartean, astia hartuko dugu azken dantza ematera joan den Manex Pagolaren ohoretan, urtxintxak bezala, «libre» izan nahi dugula kantatzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.