elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Akelarreak

2017ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Procés-ak sekulako hitz-eztanda eragin du dagoeneko, eta hiztegietan lozorroan zeuden berba zaharminduak berpiztu ditu, hasi epaileen ahotan eta segi politikari eta kazetarienetan: sezesioa, sedizioa, tumultuarioa... Procés bera gaztelaniako hiztegian txertatuta geratu da jada, hitz deabrutuen sailean. Aquelarre deitu dio Mariano Goma Societat Civil Catalanako presidenteak urriaren leheneko erreferendumari, XXI. mendeko inkisidoreak sorgin ehizarako prest daudela iradokiz.

Societat Civil Catalana ANCren (Assemblea Nacional Catalana) kontrakarrean sortu zuten 2014an, independentismoaren gorakada jada nabarmena zenean. Bartzelonan joan den igandean egin zuten manifestazioa nahikoa ez, eta Hispanitatearen egunean ere kalera atera ziren, parafernalia osoarekin, ultraeskuindarren performancea barne. Generalitateko presidentea kartzelatzea eskatu zuten oihuka. Bitartean, Madrilgo desfile militarrean, M. Dolores Cospedal Defentsako ministroa zera esanez: espero duela Kataluniara Armada ez bidali behar izatea. Hau da, aukera horri buruz hizketan ari direla.

Kolore zurian bildu direnek neutraltasuna irudikatu nahi izan dute, Parlem-Hablamos-Hitz egiten dugu? (sic) leloaren inguruan. Kanpaina Madrilgo publizitate agentzia baten balkoian zintzilikatutako izara zuriarekin hasi zen, eta sare sozialen bidez zabaldu ziren ekimenaren aldeko mezu grafikoak eta manifestazioetarako deialdiak. Bilkura horietan PSOEko buruzagiak edo alderdi horren inguruko aurpegi ezagunak agertu dira: Miquel Iceta Bartzelonan, Odon Elorza Donostian, Sara Buesa Gasteizen...

Gehiengo isilari —«isilduari», Ciutadanseko Ines Arrimadasen arabera— hitza eman nahi diotela aldarrikatzen dute bai SCCk eta baita Zurizkoek ere. Hauek zehaztu beharko dute gehiago euren diskurtsoa. Izan ere, Pedro Sanchezek Mariano Rajoyrekin bat egin ondoren Katalunian Espainiako konstituzioaren 155. artikulua ezartzeko, galdera ikurretik zintzilik geratzen da Parlem-Hablamos-en deialdian parte hartu zuten sozialisten proposamena: hitz egin? Nortzuk, zertaz?

Panorama honetan, Gipuzkoako Batzar Nagusiek joan den asteazkenean onartutako adierazpenak argi izpi bat piztu zuen. EAJ eta EH Bildu elkarrekin, aurreko egunean Puigdemont presidenteak egindako aldarrikapenari babes ematen. Euskal erakundeen aldetik orain arte izan den keinurik adeitsuena eta irmoena, EAJkoek Jaurlaritzatik zabaldu dituzten mezu —onenera jota— anbiguo eta gexalekin kontrastean. Itxura, sentiberatasun politikoa matxuratuta daukatela azkenaldian Ajuria-Enean.

Izan ere, PPk eta PSOEk, Ciudadanosek akuilatuta, laineza hartu eta Kataluniako autonomia bertan behera utz dezaketela entzutean, Jaurlaritzako jelkideak ez al dira mehatxatuta eta umiliatuta sentitzen? Eta ez da Generalitatearekiko —eta katalanekiko solidaritate kontua bakarrik, ezta duintasun zentzua soilik ere —solidaritatea eta duintasuna ezinbesteko baloreak izan arren—. Praktika politikoa dago auzitan. Kontraesan ulertezina gertatzen da gobernukide izatea erakunde senide bat zanpatzeko prest dagoen alderdi bateko jendea. Zinismo politikoa tonaka behar da hori liseritzeko. Erreferendumaren eta independentziaren inguruan mobilizatu eta bistaratu den Kataluniako gizarte askotariko, heldu, zibilizatu, diziplinatu eta ahaldundu horrek ez luke halako joko politikorik ametituko. Hemen hori posible izateak ez du ezer onik adierazten gure gizarteaz.

Gaur egun 1978ko erregimena deitzen zaion hori gidatu eta babesten duen klase politikoaren jitea ezagutuko ez bagenu... Gaur bertan, urriak 15, urtebete Altsasuko taberna batean paisanozko guardia zibilen eta herriko gazte batzuen artean gertatutako liskarretik. Ordu txikitako zalaparta—betiere deitoragarria— terrorismo ekintza bihurtu duen sistema judizialak zer ez ote dezake justifikatu. Zugarramurdiko herritarrak sorgin bilakatu zituen Inkisizioa gogora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.