Ana Malagon.
ARKUPEAN

Anaien bailarak

2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Nolabait pasa zaigu, baina gogoan dut duela urte gutxi arduradun politiko eta ekonomikoek Silicon Valley bat ezarri nahi izan zutela nonahi, hango eredua ezerezetik martxan jarri eta berehala euroak zenbatzen hasi. Hemen ere bai, ez gaitezen orain disimulatzen hasi. Dena magia zen. Portatilak, koloretako sofak, ping-pong mahaiak eta paretan «gogor lan egiten baduzu, zure ametsak beteko dira» existitzen ez den meritokraziaren gezur motibatzaile handi hori. Teknoptimista eta ke saltzaileentzat egun zoriontsuak izan ziren haiek. Beste askorentzat, gure apurkako ozpintzearen abiapuntua.

Orduan ez zitzaigun burutik pasa, ezjakinak ginen, baina beharbada Silicon Valleyko kultura toxikoa ezagutzea izan da mundua goitik behera aldatu behar zuen 2.0 iraultza hartatik gelditzen ari zaigun ikasketa «probetxugarrienetako» bat. Batek pentsa dezake ordenagailuekin eta munduaren leihoak irekitzen dituzten aplikazio aurreratuetan dihardutenez, han munduaren ikuspegi ireki eta aurreratua nagusi dela. Ba ez. Aurrerakoitasun irekiagoa aurki dezakezu gaur egun Buckingham Palace-n. Serio.

Historiari erreparatuz, neurri batean informatika emakumeen lana izan zen 80ko hamarkadara arte, XIX. mendean Lady Byron-ek, aitaren poesia eta erromantizismoaren gehiegikerietan ez erortzeko, alaba matematikarantz bultzatu zuenetik. Lady Byronek senar ohiari zion gorroto horri esker, urte batzuk beranduago, Ada Byron alabaren eskutik zientzia konputazionala jaio zen.

Zergatik desagertu ziren emakumeak? Hainbat gauzaren artean, (eta beste behin) publizitateagatik. Ordenadore pertsonalak saltzen hasi zirenean, mutilak bakarrik agertzen ziren iragarkietan. Eta eredu horrekin hazi ziren mutilen eta hazi ez ziren nesken belaunaldi horren ondorioz, gure tresna digitalen fabrika den Silicon Valley «anaien bailara» bat da gaur. Gizon zuri heterosexualak ari dira nagusiki beraiek bezalakoentzat produktuak egiten eta kasu okerrenetan, hilerokoaren gorabeherak jarraitzeko erabilera praktikorik gabeko aplikazioak garatzen edo ghetto-ak egonkortuko dituen higiezinen merkatu bat ahalbidetzen. Horren inguruan, oso interesgarria da Sara Wachter-Boettcher-en *Technically Wrong*, bere azpizenburuak aipatzen dituen «aplikazio sexistak, alde bateko algoritmoak eta teknologia toxikoaren beste mehatxu batzuk» zerrendatzen dituen liburua.

Gizon zuri heterosexualek gabeziak onartu edo besteen lekuan jartzeko duten zailtasunak dituzte, ez dutelako beharrik izan. Beti izan direlako lehenetsitako ezarpena.

Hollywoodeko depredazioarena azaleratu baino lehen, Bartzelonako Mobile World Congress-ean urtero gertatzen diren miseriak ezagutu genituen, Sarah Fowler ingeniariak Uber-en igarotako «urte arraro» bat kontatu zigun eta Google-ko langile batek koloreko pertsonek eta emakumeek teknologian lan egiteko zailtasun biologikoak genituela jarri zuen txosten batean. Egon zen iritzi askatasunaren izenean bere kaleratzearen kontra agertu zenik.

Enpresa edo hitzaldi batera joaten naizenean, ikusten ditudan emakumeak zenbatzen ditut. Koloreko jendearekin ez naiz saiatu ere egiten. Azkar amaitzen da zenbaketa eta ez greban daudelako edo matematiketan torpea naizelako (banaizela). Goi karguetan gorbatak zenbatzen jarri garenez (Arantxa Tapia, Pilar García de Salazar edo Ainhoa Aizpuru gizonez inguraturik agertzen diren argazki erakusketa bat antolatzekotan nago), galde diezaiogun geure buruari edozertarako ingeniariak eskatzen dituen makina-erramintalandia honetan ikasgela eta lantoki pluralak ote ditugun. Lan baldintzak berdinak ote diren. Errespeturik ba ote dagoen. Ez ote ditugun guk ere anaien bailarak, eta hala bada (eta hala da) zer egingo den hori aldatzeko. Zerbait egin beharko delako. Diot.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.