Ruiz: «EH Bildurekin hitz egitea ezinbestekoa da eskuina geldiarazteko»

EH Bilduk berretsi du konpromisoa duela aldaketaren edukiei jarraipena emateko eta eskuinari atea ixteko «formula guztiak» erabiltzeko

EH Bilduko kideak, atzo egindako agerraldian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2019ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Maiatzaren 26ko hauteskundeen ondotik hasi dira alderdiak batzartzen. Geroa Bai eta PSN izan dira biltzen lehenak; atzo eguerdian elkartu ziren Nafarroako Parlamentuan. Alta, bilera baino bi ordu lehenago EH Bildu atera zen prentsaren aitzinera. Bakartxo Ruiz koalizio abertzaleko lehendakarigaiak hartu zuen hitza, eta berretsi zuen konpromisoa dutela aldaketaren edukiei jarraipena emateko eta eskuinari atea ixteko formula guztiak erabiltzeko. Iragan astean udalak osatzeko negoziazioetan konpromiso berak izango dituztela adierazi zuen Joseba Asiron egungo Iruñeko alkateak.

Lau urtez gobernu egonkorra izan ondotik, maiatzaren 26ko hauteskundeen ondoren egungoa fase «ezberdin» bat da, Ruizek nabarmendu zuenez; azpimarratu zuen fase berrian ezberdinen arteko elkarrizketa ezinbestekoa izango dela. Ruizek PSN interpelatu zuen zuzenean: «PSNk benetan borondatea badu eskuinari alternatiba emateko, hitz egin beharko du. Eskuina geldiarazteko ezinbestekoa da EH Bildurekin hitz egitea».

Azken egunetan PSNk behin baino gehiagotan adierazi du ez duela koalizio abertzalearekin biltzeko asmorik. Atzo bertan berretsi zuen erabaki hori Ramon Alzorriz PSNko antolamendu idazkariak. Ruizek gogor salatu zuen PSNk jarritako betoa, eta adierazi zuen «onartezina» dela koalizio abertzalearekin hitz egin nahi ez izatea. «Gure botoak erabakigarriak dira. Ez soilik inbestidurarako, baita gobernatzeko ere», nabarmendu zuen.

Erabakiak hartzen diren lekuaren garrantziaz ere mintzatzu zen EH Bilduko eleduna: «Nafarroako erabakiak Nafarroan hartu behar dira, ez Ferrazen edo Madrilen». Ruizek argi adierazi zuen: «PSN antzerkia egiten ibiltzeak Madrilen mende egotea dakar». Eta PSNri antzerkia egiten ibiltzea leporatzeaz gain, azkenean erabakia Madrilen hartzen bada herritarrei horren berri emateko ere eskatu zuen. Espainiar estatuko negoziazioetan Nafarroa ezin dela aldatu daitekeen «kromo» bat izan gaineratu zuen.

Txibite dagoeneko hasia da aldaketaren gobernua sostengatu duten alderdiekin biltzen. PSNk emandako ezezkoaren aitzinean elkarrizketarako deia luzatu eta, Maria Txibite PSNko idazkari nagusiaren deirik jaso ez duten arren, komunikazio bideak irekitzeko esperantza dutela adierazi zuen Ruizek. Gaineratu zuen ziur dela Ezkerrak, Gero Baik eta Ahal Dugu-k mahai gainean jarriko dutela EH Bildurekin biltzeko premia.

Ikusmin handia piztu zuen atzoko agerraldiak, eta kazetari andana bildu zen. Kazetariek hauteskundeen errepikapen posibleaz galdetuta, Ruizek erantzun zuen egun agertoki guztiak «irekita» daudela, baina, denek elkarren artean hitz eginez gero, ez dagoela zertan egoera horretara iritsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.