Koronabirusa

Kutsatu kopurua zertxobait apaldu da, baina oraindik testen %13,3 dira positibo

1.231 kasu positibo atzeman dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak. Bizkaian atzeman dira gehienak; atzetik, Gipuzkoa, Nafarroa eta Araba

Jendea, kalean, maskara jantzita. LUIS JAUREGIALTZO /FOKU.
Maria Ortega Zubiate
2021eko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Birusak arnasa pixka bat eman dio bilakaera epidemiologikoaren kurbari: Osakidetzak eta Osasunbideak 1.231 positibo jakinarazi zituzten atzo. Gutxiago dira, aurreko egunetakoekin alderatuta: 1.569 izan ziren larunbatean, eta ostiralean, berriz, 2.079. Are gehiago, atzo jakinarazitako kopuru bertsua ikusteko bi aste egin behar da atzera, uztailaren 13ra: 1.272 positibo jakinarazi zituzten orduan. Hala ere, egindako proba kopurua kontuan hartuta, positiboen ehunekoa ez da nabarmen aldatu: %14,1 ziren herenegun, eta %13,3 atzo.

Atzo jakinarazitako datuak igandean egindako probenak dira, eta, asteburua izaki, proba gutxiago egiten dituzte osasun zentroetan. Horri egotzi dakioke kutsatuen kopuruak behera egitea; izan ere, azken hamalau egunetan egindako proben eta positiboen arteko proportzioak, hau da, positibo tasak gora jarraitzen du oraindik: testen %13,45k eman dute positibo; inoiz izandako ehunekorik altuena da. Hamar egun baino gehiago daramatza %10eko muga gaindituta, OME Osasunaren Mundu Erakundeak izurria kontrolatzen hasteko ezarritako %5eko mugaren bi halako atzematen.

Asko dira kutsatzeen gehitzea azaltzen duten arrazoiak, zenbait agintariren ustez. Alde batetik, haien iritziz, neurriak «laxatzeak» eta joan-etorriak areagotzeak eragin dute positiboak biderkatzea. Beste alde batetik, azpimarratu dute egun nagusi den Delta aldaerak ere garrantzi handia duela horretan: zenbait adituk adierazi dute Alfa aldaera baino —delta aldaera zabaldu aurretik orokortuen zegoena— %40 kutsakorragoa izan daitekeela. Osasunbideak eta Osakidetzak emandako datuek hori erakusten dute; izan ere, maiatz hasieran oraindik ez zegoen baieztatuta aldaera horretako kasurik, eta, orain, aldiz, Osasunbideak sekuentziatutako positiboen %79,8 eta Osakidetzakoen %73 dira aldaera horretakoak. Beraz, Hego Euskal Herrian hamar kasutik zazpi inguru dira Delta aldaerakoak, azkena emandako datuen arabera.

Hala ere, datuak, oro har, duela bi asteko egoerara itzuli dira. Horixe gertatu da herrialde guztietan; horrelakoa izan da bilakaera: uztailaren erdialdean atzemandako kopuru antzerakoetan daude egun.

Bizkaian izan dira kutsatu gehien. 508 lagunek eman zuten positibo herrialdean. Kutsatzeen buruan bada ere, atzo jakinarazitako datuek ekarri dute aldaketarik: etengabeko gorakadan izan da herrialdea, 1.000 kutsatuen langa gainditzeraino. Atzokoak, ordea, bi astean izandako daturik apalenak dira. Bizkaiaren ostetik, Gipuzkoan atzeman dituzte kasu gehien: 312 izan dira, aurreko egunean baino 50 gutxiago. Nafarroa dago haren atzetik: 289 kutsatu jakinarazi ditu; beraz, uztailaren 9ko egoerara hurbildu da. Eta azkenik, Araba dago, 100 kutsatuen langa gaindituta: 101 positibo jakinarazi dituzte lurraldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.