Koronabirusa

Lehen eguna muga itxita

Espainiako Poliziak kontrolak hasi ditu Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean, birusagatik. Oro har, herritarrek ulertu dute neurri hori, egunerokoa aldarazi dieten arren

2 JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
ander perez zala
Hendaia - Pausu - Irun
2020ko martxoaren 18a
00:00
Entzun

Marianne etsita geratu da Espainiako polizia baten aurrean, Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) arteko Santiagoko zubian. Egunero bezala, mugan dauden dendetako batera joateko asmoa zuen tabakoa erostera, baina polizia batek bidea itxi dio; ez duenez ez espainiar nazionalitatea ezta Hego Euskal Herrian lanposturik ere, ezin izan du errutina bete. Hendaiara itzuliko da: «Ezin dut [muga] pasatu: ez dut baimenik. Etxera noa. Tabakoa Frantzian erosi beharko dut, askoz ere garestiagoa den arren!», adierazi du erretretadunak, irribarretsu.

Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugan Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak atzo hasitako kontrolek euskal herritar askoren egunerokoa aldarazi dute, batez ere Iparraldean bizi direnena. Asko eta asko Santiagoko zubian eta Pausu (Lapurdi) eta Behobia (Gipuzkoa) auzoak lotzen dituenean geratu dira, aurrera jarraitu ezinik, eta atzera egitera behartuta.

Hori bai, oinezkoei etsipen eta kexa puntu bat nabari zaien arren, gehienek ulertu egin dute halako neurriak hartu behar izatea koronabirusaren hedapena mugatzeko. Michelentzat ere, «normala» da Espainiako agintariek hartu duten neurria, eta ez du ulertzen Frantziakoek zergatik ez duten erabaki bera hartu. «Europa gara; hau da dagoena», adierazi du, Irunera doala egunkari bila.

Goiz-goizetik auto ilarak izan dira Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan, eta egoera bera espero da gutxienez bi asterako. 07:00etatik 08:30erakoak izango dira handienak, atzo gertaturikoa aintzat hartuta, tarte horretan joaten baitira gehienak lanera; 08:30etik aurrera, ilarak gero eta txikiagoak bilakatzen dira, baina pazientzia beharrezkoa izango da; batez ere, gidariena. Horixe erakutsi du Tariqek; egunero igarotzen du Santiagoko zubia bere furgoneta zuriarekin, Gipuzkoan lanerako materiala erosteko: «[Kontrolak pasatzea] Egin beharrekoa da. Pixka bat atzeratuko naiz, baina ulertzen dut hau jasan beharra. Txinatarrengandik ikasi behar dugu». Didier ere iritzi berekoa da, Pausuko espaloi batetik mugara begira dagoela azaldu duenez: «Ados nago itxiera honekin. Halere, lehenago egin zitekeen. Ni Hegoaldera joaten naiz pilotan jokatzera, baina oraingoz ezingo dut. Itxarotea besterik ez dut».

Oro har, kontrolen lehen egunean muga pasatu duten euskal herritarrek kontzientzia handia erakutsi dute koronabirusaren auziaren inguruan, eta horrek erraztu egin du kontrolen inguruko jarrera, nahiz eta haien egunerokoan eragin handia izango duen. Pausutik Behobiara joaten direnentzat, behintzat, ilara ez da hain luzea izango, Santiagokoarekin konparatuz gero.

Hori bai, asteotako kontrolak ez dira noizbehinka egiten direnen antzekoak izango; horretarako arrazoia ez ezik, poliziak eta guardia zibilak ikustea besterik ez dago, maskarak soinean dituztela eta kontrolak eskularruak jantzita egiten dituztela. Paisaia ezaguna den arren, aldi berean bestelakoa ere bada.

Errealitate hori ezaguna da Pilirentzat. Pausutik Behobiara joan nahi zuen, baina ezin izan du zubia pasatu, baimen faltagatik. Hari gertatu bezala, Espainiako Poliziak bereziki matrikula frantsesa duten autoei erreparatzen die, eta, BERRIAk ikusi duenez, horietako gehienak behartu egiten ditu atzera egitera; Piliren kasuan, bilobaren bila joan behar zuen Gipuzkoara, baina, baimenik ez duenez, semeak hurbilduko du harengana. Mugikortasun mugari irtenbidea aurkitu dio, baina hori ez da denen kasua izan, eta ez da izango; hain justu, hura da Espainiako Gobernuaren neurrien aurkako jarrera agertu duen euskal herritar bakarrenetakoa: «Ez zait normala iruditzen. Lotsagarria da. Guk ordaintzen ditugu haien [agintarien] akatsak».

Atzoko eguerditik, Euskal Herri osoa dago konfinamenduan, eta herritarrak kasu gutxi batzuetan atera daitezke kalera; Iparraldekoek, gainera, baimen berezi bat behar dute kalera ateratzeko, Frantziako Barne Ministerioaren (interieur.gouv.fr) webgunean eskura daitekeena. Denera, 100.000 jendarme eta poliziak kontrolatuko dituzte baimen horiek, eta halakorik ez dutenei isun ekonomikoak ezarriko dizkiete; hasteko, 38 eurokoa, eta datozen egunetan 135era igoko dena.

Oraingoz, Frantziako Gobernuak ez du erabaki bere mugak ixtea, Europako Batasuneko (EB) hainbat estatu kidek egin bezala, eta beste herrialdeekin koordinatu nahi du Schengen eremuaren itxieraren inguruan; 27 estatuburuek atzo bertan berretsi zuten kanpo mugak itxiko dituztela.

Dokumentazioa

Espainiako Gobernuaren arabera, Hego Euskal Herrian sartzeko nahikoa da nortasun agiria edo Hego Euskal Herrian lan egiten dela frogatzen duen egiaztagiri bat aurkeztea. BERRIAk galdetuta, polizia batek nortasun agiria eta egoitza txartela aipatu ditu aurkeztu beharrekoen artean: «Albistegietan jartzen duena da».

Kontrolen lehen egunean, ordea, poliziaren araberakoa izan da muga pasatzeko erakutsi beharreko dokumentua: soilik nortasun agiria, soilik Hegoaldean lan egiten dela frogatzen duen dokumentua, edo biak batera.

Zirrikitua Hubert erretretadunak aurkitu du, Santiagoko zubitik pasatzeko. Frantziar nazionalitatea du soilik, baina muga pasatzea lortu du Espainiako Gobernuaren partetik jasotako baimen bati esker, Hego Euskal Herrian lan egin ondoren: «Europa da. Mugarteko pertsonala gara, ni pasatu naiteke».

Askotariko esperientziak eta elkarrizketak izan dituzte herritarrek Espainiako segurtasun indarren kontrolen lehen egunean, baina, finean, bi multzotan banatuta geratu dira eta geratuko dira datozen asteetan: muga pasatu ahalko dutenak eta pasatu ezingo dutenak.

Lehen egunean, behintzat, ezinezkoa izan da kontrolen berri ez izatea. Manolo, Santiago zubitik abiatu, eta Hendaian barrena egon da, txakurra alboan zuela, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren neurria lau haizeetara zabaltzen: «Espainiarra ez den edonor ezin da pasatu». Hori bai, Hegoaldetik Iparraldera itzultzeko, kontrolen lehen egunean behintzat, errepidea libre egon da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.