Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Erabakitako programari jarraituz

2020ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Erabakitako programari jarraituz buruko minak hil zuen andrea...». Horrela hasten da Hertzainak-en nire kanta gogokoenetako bat.

Erabakitako programa bat algoritmo bat da, pausoz pauso dena mekanizatuta eta araututa daukan agindu zerrenda bat. Une bakoitzean badakiena zer egin, ez inteligentea delako, baizik eta norbaitek agindu diolako. Ez du pentsatu beharrik. Ez daki pentsatzen. Eta, hala ere, sekulako gauzak egiteko gai da.

Adibide bat izan liteke zenbaki bat 2-ren berretura ote den erabakitzeko algoritmoa. Algoritmoak n zenbaki arrunta jasotzean ondoko pausoak eman beharko lituzke: 0. agindua: jarri i=1, h=0 eta k=n. 1. agindua: zatitu k 2-rekin eta jarri k berria berdin k/2 eta h=zatiketaren hondarra 2. agindua: Baldin etah=0 eta k desberdin 1 badira, jarri i = i+1 eta joan 1. agindura. Bestela, h=0 eta k=1 badira erantzun «n zenbakia 2 ber i da». Baldin eta h ez bada 0, erantzun «n ez da 2ren berretura». Amaitu.

Horrelakoak dira erabakitako programak: hotzak, zehatzak eta funtzio jakinekoak. Kantuak hala dio, eta pentsa liteke emakumeon bizitzak programatuta nahi lituzkeela gizarteak. Hala nahi izan gaitu historikoki, eta ez dugu lan makala prefabrikatutako ametsetan ez bizitzen saiatzen. Bistan da buruko minak eman dizkigula, programak berak baino gehiago, aldatu nahiak batez ere. Baina ez dizkigu buruko minak bakarrik eman. Indarra, poza eta gozamena ere ekarri dizkigu bidean. Eta baita norbere bizitzak programatu nahian dabilenaren aurrean kodea norberak birprogramatzeko ezagutza minimoa ere.

Baina oraindik ez dugu programa erabat suntsitzen asmatu. Oraindik gutxiengoa gara Nobel saridunen edo presidenteen estatistikaren zeruan. Oraindik gehiengoa zaintza lanenean. Gutxiengoa ikasketa teknikoetan, eta gehiengoa heziketan eta osasungintzan. Gehiengoa erasoak jasandakoen artean, eta gutxiengoa botere postuetan. Eta azken bi urteetan, gaurko egunez, denak berdin jarraitzeko beldurrak batu gaitu ziutatean. Atera gara kalera aldarrikatzeko ez dugula nahi gure algoritmo horren funtzioak beti aurrera jarrai dezan. Jarri ditugu mahai gainean eztabaidak, arazoak, konponbideak, aukerak...

Maiz, baina, ideiak zarrapastaka hiltzen dira, jaio baino lehen. Dena errotik aldatzeko borondatea itoa izan da kasu askotan. Izan liteke estresatuegi gabiltzalako kontsumoaren ferian eta ez daukagulako programazioari beharko lukeen denbora dedikatzeko modurik. Behin horretara jartzen garenean, gainera, akaso ahaztu dugu zein agindu aldatu genuen azkenekoz jarri ginenean. Edo badakigu algoritmoak ez duela funtzionatzen, baina ez dakigu kodearen zein lerrotan dagoen akatsa. Ez baita erraza hain kode luzeko algoritmoaren tripei begiratzea. Agindu batzuek zertarako balio zuten ahaztu zaigu, aldagai batzuei zergatik eman genien izen hori garai batean, zergatik diseinatu genuen funtzio konkretu hura... Guk diseinatu genuen, ala hasierako programarekin zetorren? Ez dira gutxi buruko minak, ez.

Eta hala ere, buruko minak buruko min, ez gaitu eta ez gintuen buruko minak hil. Emakumeok ez gaitu ez erabakitako programak, ez aldatzeko ahaleginak eta ez horiek eragindako buruko minak hiltzen. Hil gizonentzako erabakitako programak hiltzen gaitu. Eta tematu gaitezke gurea aldatzen, moldatzen, birprogramatzen. Hori ere behar dugulako, baldin eta askeago eta zoriontsuago izan nahi badugu. Baina bizitzeko, ez gaitzaten hil, ez da gurea aldatu beharreko algoritmoa.

Behar ditugu gizonak ausartuko direnak beren algoritmoa berprogramatzen. Ez dutenak jarraituko beren buruekin konformatzen eta dagoenarekin moldatzen. Horrek ez lizkiguke emakumeoi buruko min denak kenduko, baina hil gaitzaten eragotziko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.